"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Fundación Contemporánea fundazioaren Kulturaren Behatokiak Espainiako kulturaren egoerari buruz egindako azterketaren emaitzak jakinarazi ditu. Horren arabera, Donostia Zinemaldia 2020ko hirugarren ekimen kultural garrantzitsuena izan da.
Iazko rankingarekin alderatuta, postu bat igo du Zinemaldiak honako hauen atzetik, 2019an bezala: Prado Museoa eta Sofia Erregina Arte Zentroa Museo Nazionala. Zinemaldia hirugarren postuan dago, eta laugarren eta bosgarren postuetan daude, hurrenez hurren, Errege Antzokia eta Thyssen – Bornemisza Museoa. Jarraian, Guggenheim Museoa, PhotoEspaña, CaixaForum, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Almagroko Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdia daude.
Kulturaren Behatokia sektoreak bizi duen egoera ezagutzeko tresna bat da, bai eta joerak aztertzekoa, debatea piztekoa eta gabeziak nahiz aukerak identifikatzekoa ere. 2009az geroztik, urtero kontsulta bat egiten du, urtean zehar nabarmendu diren erakunde eta gertaera kulturalak zehazteko helburuarekin. Egin duen azken galdetegi honetan, kulturaren eremuko 472 aditu eta profesional izan dira partaide: idazleak, artistak, zinemagileak, aktoreak, musikariak, arkitektoak, hainbat eremutako sortzaileak, fundazioen arduradunak, museo, zentro eta erakunde kulturalen zuzendariak, editoreak, ekoizleak, sustatzaileak, galeristak eta industria kulturalen arduradunak, erakusleen komisarioak, gestore kulturalak, bai eta Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta udaletako administrazio publikoetako kulturaren adarretako arduradunak ere.