Donostia Zinemaldiak eta Espainiako Zinematekak, Euskadiko Filmategiarekin eta Centro Cultural Coreanorekin lankidetzan, Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa atzerabegirakoa antolatuko dute. Pandemia dela-eta iaz bertan behera gelditu zen zikloak 50. eta 60. hamarkadetako hamar film erakutsiko ditu eta liburu monografiko bat ere landuko da, Zinemaldiak, Espainiako Zinematekak eta Centro Cultural Coreano-k argitaratuko dutena.
Azken urteotan, Hego Koreako zinema nazioarteko jaialdi guztietan dago, eta zinema garaikideko erreferente bihurtu da; alabaina, zinematografia hartako historiak ezezagun samarra izaten jarraitzen du mendebaldarrentzat; are gehiago, Hego Koreako zinemari dagokionez, 90eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako tituluak baino ez ditugu ezagutzen normalean.
Zikloa Koreako urrezko aroan ardaztuta egongo da, zeinetan publiko handiak eskatzen zuen zinema popularra ekoizteko gai izan zen industria zinematografiko bat garatu baitzen Hego Korean, gerraren ondoren herrialde hartako egoera ekonomikoa estua bazen ere, eta Park Chung-hee-ren diktadura militarrak ezarritako kontrola gorabehera. Hala, zuzendari ugariren karrerak finkatu ziren, horien estilo eta ikusminak askotarikoak zirela: batzuek garatzeko bidean zen gizarte moderno bat irudikatzen zuten, eta beste batzuek, ordea, garai hartako bizimodua gogorra zela salatzen zuten.
Hautaketa 50. eta 60. hamarkadetan ekoitzitako hamar filmez osatuta dago, eta bi helburu ditu: batetik, hegokorear zinema klasiko horren ordezkari garrantzitsuentzat jo daitezkeen zinemagileen taldea aldarrikatzea; eta, bestetik, garai hartako genero ohikoenen panorama bat marraztea, horietako batzuk amerikar zineman inspiratuta eta tokiko errealitatera eraman zirenak, eta beste batzuk, ordea, erabat autoktonoak zirenak.
Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk ditugu: Hanyeo / The Housemaid (1960) Kim Ki-young-ena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealistak, hala nola Ji-okhwa / The Flower in Hell (1958) eta Obaltan / Aimless Bullet (1961); eta Gwiro / Homebound (1967), Angae / Mist (1967) eta Hyu-il / A Day Off (1968) melodrama klasikoak.
Beste genero batzuetako filmak ere izango dira, hala nola film noir-eko Geom-eun meori / Black Hair (1964), Ma-ui gyedan / The Devil’s Stairway (1964) thrillerra edota Maenbal-ui cheongchun / The Barefooted Young (1964), gazteentzako zinema ordezkatzen duena. Dumangang-a jal itgeora / Farewell Duman River (1962), bestalde, genero autoktono baten adierazgarri da: mantxuriar westernaren adierazgarri, hain zuzen; Ameriketako westernean inspiratutako baina Mantxurian kokatutako abenturazko pelikulak ziren genero horretakoak.
Donostia Zinemaldiko proiekzioaren ondoren, atzera begirako zikloa Espainiako Zinematekaren Doré zinema-aretoan ikusi ahalko da urrian eta azaroan.
Gainera, irailaren 10etik 30era bitartean, Koreako Kultur Festibala izango da Donostian; besteak beste, ikuskizunak, kontzertuak, erakusketak, ipuin kontalariak eta jardunaldi gastronomikoak egongo dira. 2018. urtetik Espainiako hainbat hiritan antolatzen den Koreako Kultur Zentroaren ekimenaren helburua Asiako herrialde honen kultura ezagutaraztea da. Donostiako Udalarekin elkarlanean antolatuta, ekimena hiriko hainbat tokitan egingo da eta Koreako kultura Donostian inoiz baino gehiago ikustea lortuko du jaialdiak.
FILMAK |
Young-shik eta bere banda kanpamentu militar iparramerikar batean bizi dira, eta merkantziak lapurtzen dituzte biltegitik, merkatu beltzean saltzeko. Dong-shik anaia txikia Seulera iritsiko da, jaioterrira bueltatzeko konbentzitzera, baina, azkenean, bera ere kanpamentuan instalatuko da. Young-shik saiatuko da Dong-shik bera baino lehen itzultzea herrira, eta Sonia neska-lagunari eskatuko dio berarekin ezkontzeko prestatzen ari den lapurretaren ondoren. Baina, Soniak begiz jota du Dong-shik, eta seduzitu egingo du, Young-shikek eta bere bandak lapurreta egiten duten bitartean.
Musika-irakasle batek eta emazteak gogor egin dute lan bi solairuko etxe bat erosi ahal izateko. Emaztea –jostuna bera– gaixotu egingo da etxea ordaintzeko egindako ahalegin izugarriagatik; orduan, etxeko langile bat kontratatuko dute. Haurdun geratu eta gutxira, emaztea bidaian joango da familia bisitatzera; orduan, neskameak irakaslea seduzituko du eta haurdun geratuko da. Emazteak neskamea konbentzituko du bere burua eskaileretatik behera botatzeko, abortatu dezan; haurtxoa galdu ondoren, bortizkeria gero eta handiagoz jokatuko du.
Song familia txabola-auzo batean bizi da. Cheol-hok haurdun dagoen emaztea eta semea, gerran mutilatu zuten anaia txikia, bi arreba adingabeak eta makal-makal ohean dagoen ama mantentzen ditu, eta haginetako min etengabea du. Familia errealitate latzari aurre egiten saiatuko da, nola edo hala, tragediak kolpatzen dituen arte.
Unibertsitateko ikasle aberkoiek, beren irakaslea buru dutela eta lagun britainiarrek lagunduta, familiak utziko dituzte eta Mantxuriara joango dira, beren herrialdearen askatasunaren alde borrokatzeko, inbaditzaile japoniarren aurka.
Yeon-sil banda bateko buruzagiarekin ezkonduta dago, eta adulterioa leporatuko diote, baina, benetan, opiora emana dagoen erakundeko kide batek bortxatu du. Ondorioz, erakundearen arauak betez, desitxuratu egingo dute, eta senarrarengandik bereizi, eta, ordutik aurrera, opiozalearekin bizi beharko da eta prostituzioan aritu beharko da bi gizonak mantentzeko.
Jo Doo-soo kaleko banda bateko kidea da eta Joanna unibertsitateko ikasleari lagundu dio gaizkile batzuk poltsa lapurtzen saiatu direnean. Joanna diplomatiko baten alaba da eta goi-klasekoa da. Bitartean, Jo Doo-sook bandarentzako lanak egiten ematen du eguna. Euren kontrako bizitzek erakarrita, Doo-soo eta Joanna azkar maiteminduko dira. Joanna kristau sutsua da, eta Doo-sook daraman bizitza aldatzen badu, pertsona erabat berria izango dela sinetsita dago.
Hyeon doktorea izen handiko kirurgialari bat da, eta maitasun-harreman bat du Jin-suk bere ospitale bereko erizainarekin. Baina ospitaleko zuzendariaren alabarekin ezkonduko da haren oinordeko izateko. Jin-sukek esango dio haurdun dagoela eta, beraz, dilema handi bat izango du aurrez aurre. Bien arteko eztabaida baten erdian, Jin-suk eskaileretatik behera eroriko da eta zango bat hautsiko du. Gizonak lasaigarri bat injektatuko dio koma eragiteko eta, gero, ito egingo du ospitaleko atzeko patioko urmaelean. Ospitaleko zuzendariaren alabarekin ezkondu bezain pronto, Jin-suken espektroa atzetik jarraika hasiko zaio.
Yoon Gi-jun farmazia-laborategi bateko presidentearen alabarekin ezkondu eta, horri esker, lanpostu exekutibo bat lortu du, baina enpresako bizitza aspergarria iruditzen zaio. Emazteak proposatuko dio, akziodunen batzarra prestatzen ari dela (zuzendari nagusi izendatuko dute bertan), atseden hartu eta Mujin jaioterrira joateko. Mujinen, Yoon Gi-junek iragana oroituko du: desertorea izan zen eta biriketako gaixotasun bat izan zuen. Zerga-bulegoko nagusiaren etxean Ha In-suk ausaz ezagutu eta maitasun-harremana hasiko dute biek.
Choi Dong-woo zauritu egingo dute Koreako gerran, eta paraplegiko geratuko da. Bere ezkontza-harremanari buruzko eleberri bat argitaratuko du egunkarian, zenbait emanalditan. Hamalau urtez espero bezalako senarra izan ez zelako atsekabetuta dagoela ikusita, Ji-yeon emazteak nabarmenduko dio berak aukeratu zuela harekin ezkontzea. Hala ere, gizona gauzaez sentituko da. Ji-yeon maiz joango da Seulgo egunkari baten erredakziora, senarraren eskuizkribuak entregatzera, eta, han, Kang izeneko berriemaile gazte bat intsinuatu egingo zaio. Egun batean, Ji-yeonek trena huts egingo du eta Kangekin egingo du topo; ezustean, Dong-wooren arreba txikiak elkarrekin harrapatuko ditu, eta anaiari kontatuko dio. Hark, baina, ez du emaztea uzteko adorerik eta bere eleberriko emakumezko heroiaren portaera aldatu besterik ez du egingo; bien bitartean, Kangek Ji-yeoni proposatuko dio berarekin batera bizi berri bat hasteko.
Ji-yeon eta Heo-wook bikotea dira. Ji-yeon haurdun dago eta medikuek abortatzeko gomendatu diote, gaixo baitago. Ebakuntza ordaintzeko, Heo-wookek lagun bati dirua lapurtuko dio. Ji-yeon ospitalean dagoen bitartean, Heo-wook noraezean ibiliko da Seulgo kaleetatik, etsita.