Donostia Zinemaldiaren 69. edizioak aire zabaleko zinemaren espiritua berreskuratuko du, emanaldi berezi bat eskainiko baitu Cristina Enea parkean, Amenabarrek –Zinemaldiaren Laguntzaile Ofizialak– babestuta. Aukeratutako filma La Croisade / The Crusade da, Louis Garrelek zuzendu eta antzeztutako istorio bat kontatzen diguna, mundu osoko haurrek planeta salbatu nahi duten proiektu misteriotsu bati buruzkoa. Mezu ekologista transmititzen duen film hau Donostiako birika berde nagusietako batean emango da, irizpide jasangarriei jarraituz.
Les deux amis (2015) eta L'homme fidèle / A Faithful Man (2018) –gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria Donostian, Jean-Claude Carrière zenarekin batera– filmen ostean, aktorea ere baden errealizadore frantziarrak zuzendutako hirugarren film luzea dugu. La Croisade filmaren gidoia Cannesko Séances Spéciales atalean estreinatu eta Zinemaldiko Perlak sailean bildu zen. Gidoia ere arestian aipaturiko bi zinemagileena da eta L'homme fidèle filmeko pertsonaia berberak ditu, Garrelek berak, Laetitia Castak eta Joseph Engelek antzeztuak.
Cristina Enea parkean aire zabalean egingo den La Croisade filmaren proiekzioak edukiera mugatua izango du eta amaierako sorpresa batekin bukatuko da. Sarrerak doakoak izango dira eta saioaren aurreko egunetan zozketatuko dira Amenabarren eta Donostia Zinemaldiaren sare sozialen bitartez.
Sei animazio-film Haurrentzako Zinema sailaren programan
Cristina Enean egingo den emanaldi bereziaz gain, Donostia Zinemaldiak haurrentzako pentsatutako sei filmen hautaketa bat ere aurkeztuko du, Amenabar enpresak hirugarren urtez jarraian babestuko duen sail batean. Familientzako saio horiek Príncipe zinema-aretoetan programatuko dira asteburuetan. Film guztiak euskarara bikoiztuta egongo dira, Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema euskaraz programaren esparruan.
Sailak sei animazio-film bilduko ditu, Europako lau, Asiako bat eta Kanada eta Estatu Batuen arteko koprodukzio bat: Leon Dingek zuzendutako Boonie Bears, abentura historiaurrean (Boonie Bears: Aventura en la Prehistoria / Boonie Bears: Blast into the Past / Xiong Cho Mo: Yuan Shi Shi Dai) ekoizpen txinatarra; Kevin Johnsonen proposamena, Bihurri, jauretxetik kale gorrira (Trasto, de la mansión a la calle / Trouble), luxuzko bizimodutik kanporatuko duten txakur bati buruzkoa; pelikula alemaniar bat, Koko, dragoi txikia. Oihanean (Coco, el pequeño dragón: Aventuras en la jungla / Coconut the Little Dragon into the Jungle / Der Kleine Drache Kokosnuss - Auf In Den Dschungel!), Anthony Powerrek zuzendua; Dragoiaren gidaria (El jinete del dragón / Dragon Rider / Drachenreiter), dragoiei buruzko beste ekoizpen alemaniar bat, baina oraingoan Himalayan girotua, Tomer Eshedek zuzendua; Ben Smithen Stardog & Turbocat britainiarra, txakur baten eta katu baten adiskidetasunari eta espazioan zeharreko bidaia bati buruzkoa; eta azkenik, Elfinak (Los Elfkins / The Elfkins - Baking a Difference / Die Heinzels - Rückkehr der heinzelmännchen), lurpeko mundu batean bizi diren eta euren patuak gizakiekin nahasiko dituzten izaki batzuei buruzkoa, Ute von Münchow-Pohl zinemagileak zuzendua.
Donostia Zinemaldiak hiru hamarkada baino gehiago daramatza zinema txikienengana hurbiltzen Haurentzako Zinema sailaren bidez, eta eskerrak eman nahi dizkio Amenabarri Gipuzkoako familien alde egiten jarraitzeagatik eta ikus-entzule berriak sortzeagatik. Amenabar Zinemaldiaren Laguntzaile Ofiziala da 2019az geroztik hona, eta ia 40 urteko ibilbidea izanik, Espainiako enpresa sustatzaile liderretako bat da. Sustapen- eta eraikuntza-enpresa propioak izateaz gain, baliabide propioetako beste enpresa batzuk ere baditu (harrobia, asfaltoa, ekipo teknikoak eta lagin-fabrika, besteak beste). Sustapenean eta eraikuntzan espezializatua, esperientzia handiko konpainia da, 25.600 etxebizitza baino gehiago eraiki baititu, eta gaur egun 62 sustapen baino gehiago ditu Espainian. Gainera, Amenabarrek hainbat eraikin enblematiko egin ditu Donostian, besteak beste, Kursaal, Basque Culinary Center, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua, Tabakalera eta San Telmo Museoa.
Gau ederra - Amenabar
Abelek eta Mariannek jakingo dute 13 urteko semeak (Joseph) ezkutuan saldu dituela gehien maite zituzten gauzak. Laster konturatuko dira Joseph ez dela hori egin duen bakarra: mundu osoko ehunka haur elkartu dira proiektu misteriotsu bat finantzatzeko. Planeta salbatzea da misioa.
HAURRENTZAKO ZINEMA
“Bihurri” izeneko txakurra da gure protagonista. Haren jabe aberatsa bat-batean hil eta gero, “Bihurri” hiri handiko kaleetan abandonatuta eta bakarrik aurkituko da bizitzan lehen aldiz, Zoe neskato gazteak bere etxera eramaten duen arte.
Dragoiek ikusten dutenean gizakiek bizilekua –haran bat– inbadituko dietela, Firedrake, zilarrezko dragoi gazte bat, eta Sorrel, haren lagunik onena, gauaren erdian itzuri eta sekretupean bilaketa handi batean murgilduko dira, 'Zeruko Ertza' aurkitu nahian, gainerako dragoiek elezahartzat hartzen duten toki mistiko hura.
200 urte baino gehiago daramatzate elfkinek lur azpian bizitzen, lurrazaleko mundutik ezkutatuta, eta gizakiekin inolako harremanik izan gabe. Halako batean, Elfie-k, Kipp-ek eta Buck-ek lurrazalera igotzea erabaki dute.
Su dragoiak eta gourmet dragoiak elkarrekin oporretan joatekoak dira lehen aldiz, bi tribuen arteko adiskidetasun harremanak sendotzeko. Koko su dragoi txikia eta Oskar gourmet dragoia, berriz, etsita daude beren lagunik onenari, Matilda arantzurdeari, ez diotelako eurekin bidaian joaten uzten, dragoia ez delako.
Txakur leial batek eta katu justizia-betearazle batek bidaia espazial bati ekingo diote etxerako bidea aurkitzeko.
Vick eta hartzak iraganean harrapatuta daude, animalia erraldoiez inguratuta, eta badirudi gauza bakar bat dutela buruan: bazkaria! Gure heroiak banantzen direnean, Briarrek Feifei izeneko otso gazte batekin topo egingo du, zeinak gerlari ausart bihurtzeko asmoa baitu.