Paolo Sorrentino zuzendari eta gidoilari italiarrak eskola magistral bat emango du, È Stata La Mano di Dio / The Hand of God filma aurkezteaz gain, Veneziako Mostrako lehiaketa ofizialean izan ostean. La grande bellezza / The Great Beauty filmaren egileak bere azken filmari eta zazpigarren artearekin duen loturari buruz hitz egingo du Tabakalerako zinema-aretoan hilaren 22an (asteazkena), 19:00etatik 20:30era.
BIOGRAFIA
Paolo Sorrentinok (Napoli, Italia. 1970) L'uomo in più (2001) Veneziako Cinema del Presente hautaketan emandako filmarekin egin zuen debuta. Geroago, hauek zuzendu zituen: Le conseguenze dell'amore (2004), Cannesko jaialdian lehiatu zena; L'amico di famiglia, zeinarekin Canessera itzuli zen 2016an; Il Divo, Cannesko Epaimahaiaren Sariaren irabazlea 2008an; This Must Be The Place, Cannesen berriz izan zena 2011n; La grande bellezza, 2013an Cannesen izateaz gain, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria eman ziona zinemagileari; azkenik, Youth Zinema Europarraren hiru sariren irabazlearekin Cannesera itzuli zen 2016an. Loro (2018) eta È stata la mano di Dio –Venezian lehiatua– ere zuzendu ditu, baita The Young Pope (2016) eta The New Pope (2019) telesailak ere.
Paolo Sorrentino Oscar saria irabazi zuen gidoilari eta zuzendariarengandik (La grande bellezza) Napoliko (Italia) gazte baten larritasunaren eta askapenaren istorioa iritsiko zaigu. 1980ko hamarkadan gaude, eta 17 urteko Fabietto Schisa bere lekua aurkitzeko borrokan ari den italiar nerabe baldar bat baino ez litzateke izango, bizitza maite duen familia paregabe batek ematen dion pozagatik izango ez balitz, bihurrikeriak egiten eta harreman korapilatsuetan nahasten gozatzen duena. Baina pare bat gertakarik dena aldatuko dute. Batetik, kirolaren mito jainkotiar bat iritsiko da Napolira: Maradona, futboleko idolo arrakastatsua, Fabietto bera eta hiri gatazkatsu guztia liluratzen dituena eta lehen ezinezkoa zirudien harrotasuna sentiarazten diena. Eta, bestetik, Fabiettoren bizitza bertan behera erroraraziko eta haren etorkizuna bultzatuko duen ezbehar pentsaezin bat. Itxuraz Maradonak salbatua, halabeharrak edo Jainkoaren eskuak ukitua, Fabiettok patuaren izaerarekin, galeraren nahasmenarekin eta bizirik egoteko askatasun hordigarriarekin borrokatuko du.