Pentsamendua eta Eztabaida Donostia Zinemaldiaren arlo tranbertsalak, nazioarteko jaialdiek eta egungo zinema-kulturak dituzten erronkei erantzun nahi dienak, urte osoan zehar luzatzen diren proposamenen bidez, master classez (iazko parentesiaren ondoren aurten aurrez aurreko formatura itzuliko direnak), mahai-inguruz eta aurkezpenez osaturiko programa bat antolatu du 69. edizio honetan, sorkuntza zinematografikoaren, genero-berdintasunaren edo jasangarritasunaren inguruan betiere.
James Mockoski zinema-artxibozain eta American Zoetrope konpainiako zaharberritze-arduradunak Francis Ford Coppola zinemagilearen filmekin egin duen lana azalduko digu, hala nola Apocalypse Now pelikulan eta Klasikoak sailean proiektatuko diren filmean: The Rain People eta The Outsiders. Mockoskik Tabakalerako Z aretoan emango du hitzaldia, asteartean, 18:30ean.
Gainera, Nest sailaren 20. urteurrenarekin lotutako bi topaketa egongo dira. Batetik, hilaren 20an (astelehena), 11:00etan, Tabakalerako zinema-aretoan, Céline Sciamma zinemagile frantziarrak hartuko du parte solasaldi batean zinema ikasleekin (Petite maman bere filma Perlan sailean emango da). Agertoki berean, asteazkenean, 15:30ean, Laura Wandel belgikarraren txanda izango da, 2007an Murs film laburrarekin zinema-ikasleen topaketan parte hartu ondoren Zinemaldira itzuliko baita. Wandelek bere lehen film luzea aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran, Un monde / Playground, Cannesko Un Certain Regarden estreinatu eta FIPRESCI saria lortu eta gero.
Gainera, hilaren 21ean (asteartean), zuzeneko podcast bat grabatuko da Tabakalerako zinema-aretoan, eta akreditaziodunez ez ezik, edozein ikus-entzulek sartu ahalko da bertara, duela urte batzuk topaketan parte hartu zuten eta orain euren zinema-ibilbidea garatzen ari diren Nesteko ikasle ohiekin: Kiro Russo (Nueva vida, Nest 2015), Inês de Lima (De madrugada / At Dawn, Nest 2017), Mina Fitzpatrick (Wandervogel, Nest 2017) eta Óscar Vincentelli (Guillermo + Violeta, Nest 2018).
Zinemaldiak eta (H)emen ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoetako emakume profesionalen elkarteak, barneko lan-jardunaldi bat antolatuko dute genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta akordioak lortzen saiatzeko. Eztabaidak elkarrekin lotutako hainbat alderdi hartuko ditu barne, besteak beste, hauek: profesionalak zinema-industrian eta, bereziki, zinema-jaialdietan sartzea, nola zinema-sailetan, hala eztabaida-foroetan; jaialdien kode etikoak, bereziki emakumeen aurkako delituei dagokienez; eta sexu- eta genero-nortasun desberdinen aitorpen eta berdintasuna.
Horrez gain, Identitateak eta aniztasuna. Egiturak aldatzen dituzten istorioak telesail-jardunaldiak, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadirekin elkarlanean antolatuak, askotariko identitateen isla jorratuko du; Valeria Vegas kazetari eta idazleak moderatuko du jardunaldia eta Bob Pop idazle eta gidoilariak parte hartuko du. Halaber, Rolando Salazar Zinema Gay, Lesbiko eta Transaren Limako Jaialdiaren (Peru) zuzendariak moderatutako mahai-inguru batean LGTBIQ+ zinemak Latinoamerikan dituen erronkak aztertuko dira.
Pentsamendua eta Eztabaida ekimeneko jardueren beste zati batean, pandemiaren edo kontzientzia ekologikoaren ondorioz industria zinematografikoan gertatzen ari diren eraldaketak detektatuko dira. Batetik, Europa Distributionek bultzatutako mahai-inguru batean pandemiak industria zinematografikoan izan dituen ondorioak aztertuko dira, baita horiek pelikulen banaketa eta hedapena aldatu duten modua ere. Bestetik, Creative Europe MEDIArekin batera antolatutako ohiko European Film Forum mahai-ingurua egingo da, non sektorea industria iraunkorrago eta digitalago baterantz nola eraldatu den aztertuko baita. Zehazki, panel batek industria zinematografikoaren konpromiso ekologikoari buruz hausnartuko du, Europako Green Deal delakoaren parte gisa, eta beste batek, berriz, Europako ikus-entzunezko industriaren jardueren eta negozio-ereduen garapenean Big Dataren eta teknologia digitalen erabilera izango du ardatz.
Tresnen berrikuntzari lotuta, Zinemaldia & Technology Tabakalerako Z aretoan izango da ostegunean, 12:30ean. Jarduera horrek teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturari buruzko hausnarketa egiten du, eta ekoizpen birtualari eskainiko dio laugarren edizioa, AC Coppens moderatzaile izango duen mahai batean. Horrez gain, Industria sailaren mahai-inguruen barruan, ProFicció, PROA, Catalan Films eta EFAren eskutik, koprodukzio europarrak egiteko aukerak aztertuko dituzte.
Azkenik, ikus-entzunezkoen gaitasun pedagogikoari buruz hitz egingo da Ikus-entzunezkoa eta irakaskuntza. Irakaskuntza ikus-entzunezkoetan mahaia-inguruan. Egedak bultzatutako saio horretan Fernando Rodríguez Lafuente kultura-kritikari eta -kudeatzailea izango da moderatzailea.
Elkarrizketa horiei Paolo Sorrentino zuzendari eta gidoilari italiarraren master classa gehituko zaie. Sorrentinok È Stata La Mano di Dio / The Hand of God aurkeztuko du, Veneziako Mostrako lehiaketa ofizialean izan ostean. La grande bellezza / The Great Beauty filmaren egileak bere azken filmari eta zazpigarren artearekin duen loturari buruz hitz egingo du Tabakalerako zinema-aretoan hilaren 22an (asteazkena), 19:00etatik 20:30era.
Elkarrizketak
|
Céline Sciamma. Astelehena, hilaren 20a, 11:00-12:15, Tabakalerako zinema-aretoa. Zinema ikasleentzat soilik.
Asteartea, hilaren 21a, 16:00-18:00, Tabakalerako zinema-aretoa. Ikus-entzuleak, oro har: aurretiko inskripzioa Tabakaleraren webgunearen bidez (irailaren 15etik aurrera). Akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko Zinemaldiaren sistemaren bidez.
Asteartea, hilaren 21a, 18:30-20:00, Z Aretoa, Tabakalera. Ikus-entzuleak, oro har: gonbidapenak Tabakalerako informazio gunean jaso behar dira (irailaren 17tik aurrera).
Akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko Zinemaldiaren sistemaren bidez.
Asteazkena, hilaren 22a, 15:30-17:45 (proiekzioa + eskola magistrala), Tabakalerako zinema-aretoa. Ikus-entzuleak, oro har: aurretiko inskripzioa Tabakaleraren webgunearen bidez (irailaren 15etik aurrera). Akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko Zinemaldiaren sistemaren bidez.
Asteazkena, hilaren 22a, 19:00-20:30, Tabakalerako zinema-aretoa. Ikus-entzuleak, oro har: gonbidapenak Tabakalerako informazio gunean jaso behar dira (irailaren 17tik aurrera). Akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko Zinemaldiaren sistemaren bidez.
Mahai-inguruak
|
Identitateak eta aniztasuna. Egiturak aldatzen dituzten istorioak. Europa Creativa MEDIA Desk Euskadirekin batera antolatua. Larunbata, hilaren 18a, 17:00-18:30. Kursaal – Prentsa-kluba. Akreditaziodunentzat, lehentasuna, Industria. Zuenean emango da Zinemaldiaren webgunearen bidez.
Astelehena, hilaren 20a, 10:30-12:00. Ekitaldi-aretoa, San Telmo Museoa. Industriako akreditazioarekin. Industria Onlinen eskuragarri.
Europako ikus-entzunezkoen ekosistemaren eraldaketa: Industria iraunkorrago eta digitalago baterantz. Creative Europe MEDIA programarekin batera antolatua. Astelehena, hilaren 20a, 16:00-18:00. Ekitaldi-aretoa, San Telmo Museoa. Akreditaziodunentzat; lehentasuna, Industria. Zuzeneko emanaldia Zinemaldiaren webgunean.
Asteartea, hilaren 21a, 11:00-12:30. Ekitaldi-aretoa, San Telmo Museoa. Industriako akreditazioarekin. Eskuragarri Industria Onlinen.
Egedak bultzatua. Asteartea, hilaren 21a, 17:00-18:00. Kursaal - Prentsa-kluba. Industriako akreditazioarekin eta prentsa-akreditazioarekin.
ProFicció / PROA eta Catalan Films taldeek sustatua eta EFAk lagunduta. Asteartea, hilaren 21a, 17:30-19:00. Ekitaldi-aretoa, San Telmo Museoa. Industriako akreditazioarekin. Industria Onlinen eskuragarri.
Ekoizpen birtuala: zinemaren etorkizunerako bidaia. Osteguna, hilaren 23a, 12:30-14:00. Z Aretoa, Tabakalera. Akreditaziodunentzat; lehentasuna, Industria.