Iaz bezala, covid-19aren pandemiak Zinemaldia egokitzera behartu du, bi helburu nagusi lortze aldera: lehenik eta behin, gune seguru bat sortzea, eta bigarrenik, ahalik eta zinema-esperientzia atseginena proposatzea. Infekzio-fokuak saihesteko eta trazabilitatea errazteko, sarreren aldez aurreko salmenta online baino ez da gauzatuko, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webgunearen bidez. Hilaren 17tik aurrera sarrerak erosi ahal izango dira zinema-aretoetako leihatiletan.
Zinemaldiak berriro salmenta mailakatua gauzatzea erabaki du. Ohi bezala, sarreren salmenta Zinemaldiaren aurreko igandean hasiko da, irailaren 12an (9:00etan), baina Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak baino ezingo dira erosi (17a –ostirala–, 18a –larunbata– eta 19a –igandea–). Hilaren 13an, berriz, 20rako, 21erako eta 22rako (astelehena, asteartea eta asteazkena, hurrenez hurren) sarrerak erosi ahal izango dira, baita aurreko egunetako gainerako sarrerak ere. Hilaren 14an, azkenik, 23ko, 24ko eta 25eko –hurrenez hurren, osteguna, ostirala eta larunbateko– saioetarako txartelak erosi ahalko dira, baita aurreko egunetako gainerako sarrerak ere. Hilaren 15etik aurrera, saio guztietarako sarrerak erosten jarraitu ahal izango da. Ikus-entzule bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahal izango ditu saio bakoitzeko, eta erosketa bakoitzean gehienez 20 txartel.
Aurretiko salmentan, Kutxabankeko Gazte txartelarekin bakarrik egingo dira deskontuak. Donostia Zinemaldiko leihatila guztietan deskontua egingo zaie Donostia Kulturako erabiltzaileei. Azkenik, Zinemaldiak egunero eskainiko dizkie sarrerak % 50eko deskontuarekin postako zerrendan harpidetzen diren pertsonei, eta egunero emango zaie horien eskuragarritasunaren berri.
Zinemaldiak gogorarazten du maskara uneoro erabiltzea derrigorrezkoa izango dela. Emanaldia lau ordutik gorakoa bada (adibidez, La Fortuna telesailaren emanaldiak), derrigorrezkoa izango da maskara profesional homologatu bat eramatea (FFP2 edo KN95), Osasun Sailak emandako aginduan egoera berezietarako ezarritakoari jarraikiz.
Zinemaldiak hartutako beste neurri batzuk: