Veneziako Mostrako zuzendari Alberto Barberak, Locarnoko zinema jaialdiko zuzendari artistiko Giona A. Nazzaro, Karlovy Varyko nazioarteko zinema jaialdiko zuzendari artistiko Karel Ochek, Zuricheko zinema jaialdiko zuzendari artistiko Christian Jungenek, Sevillako zinema jaialdiko zuzendari José Luis Cienfuegosek, Xixongo nazioarteko zinema jaialdiko zuzendari Alejandro Díaz Castañok, Huelvako Iberoamerikako zinema jaialdiko zuzendari Manuel H. Martínek eta Vilniuseko zinema jaialdiko CEO Algirdas Ramaškak Brasilgo Zinematekako langileen aldarrikapenak babesteko komunikatua sinatu dute. Komunikatua Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak bultzatu dute. Brasilgo zinematekako langileek salatu dute azken urteotan Brasilgo gobernu federalak erakundea abandonatu duela.
2021eko uztailaren 29an Cinemateca Brasileirak Vila Leopoldinan (São Paulo) dituen instalazioetan egondako suteak agerian utzi du, berriz ere, zinema- eta kultura-ondarea zaintzen duen erakundea –Latinoamerikako garrantzitsuenetako bat– arrisku larrian dagoela. Duela urtebete baino gehiago hasi ziren egoera hori salatzen langileek, erakundea itxi eta hainbat hilabetez soldatarik kobratu gabe –eta, halaber, inolako kalte-ordainik gabe– enpleguak galdu ondoren. Azken hilabeteotan, ondare zinematografikoaren zaintzari eta ikerketari lotutako nazioarteko erakunde eta lanbide-elkarte nagusiek (FIAF, CLAIM, AMIA, CCAAA) bat egin dute salaketarekin; horiek horrela, Cinemateca Brasileira berriro irekitzeko, plantilla berriz kontratatzeko eta filmotekaren jarduerei berrekiteko eskatu dute, balio kalkulaezina duten bildumak babeste aldera, beranduegi izan baino lehen.
Adierazpenarekin bat egin dutenek nazioarteko zinema-jaialdiek nazioarteko ondare zinematografikoa babestu eta zabaltzeko konpromiso irmoa azpimarratu dute, baita zeregin hori ahalbidetzen duten erakunde eta langile espezializatuen aldeko konpromisoa ere. Brasilgo ondare zinematografikoak duen arriskua ez da tokian tokiko arazoa; aitzitik, kultura zinematografiko globala larriki kolokan jartzea dakar: zinema-jaialdi, filmoteka eta erakunde akademikoen arteko nazioarteko lankidetza eta elkartasunetik soilik jarraitu ahal izango da zinemaren oraina eta etorkizuna eratzen.
Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle Renán Camiloren testua