Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Zhang Yimouren itzulera egile zinemara
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Zhang Yimouren itzulera egile zinemara
YI MIAO ZHONG / ONE SECOND (SEGUNDO BAT) • Txina
Larunbata, 2021(e)ko irailak 18

Zhang Yimou zuzendari txinatarraren Yi miao zhong / One Second filmaren emanaldiarekin abiatu da Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofizialean eman dute Yimouren pelikula, eta harrigarria bada ere, lehenengo aldia da txinatar egile aparta Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dela; azken hiru hamarkadetan bere film gehientsuenak Zinemalditik igaro eta 1997an Epaimahai Ofizialeko presidente izan bazen ere.

Aurreikusita zegoen zuzendaria atzo Internet bidez konektatuko zela kazetariekin filmari buruz hitz egiteko; izan ere, 2022ko otsailean Beijingen ospatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetarako filmatzen egindako lanak Donostiara bidaiatzea eragotzi baitiote. Horrez gain, eztarriko minak jota omen dabil zuzendari beteranoa.

Ezin ahaztu genezake, bestalde, Yimouren film luze hau, Berlinaleko lehiaketa ofizialetik kendu zutela orain hilabete batzuk. Antolatzaileek arrazoi teknikoak eman zituzten aitzaki –filma ezin zela garaiz osatu–, baina erabakiak susmo txarrak eragin zituen, “zentsura susmoak”, argitaratu zuen Variety argitalpen prestigiotsuak.

Sinopsiak kontatzen duenez, preso bat Txinako ipar-mendebaldeko lan-esparru batera bidali dute Iraultza Kulturalaren garaian. Pelikula baten aurreko albistegian bere alaba segundo batez ateratzen dela esan diote, eta alabaren irudia ikusteko xede bakarrarekin, gertuko herri bateko zinema- aretora ihes egitea lortuko du. Han
film-zinta hori aurkitu eta bereganatzea espero du. Alabaina, neska litxarrero batekin gurutzatuko da; neska film-bobina bera lortzeko ernegatuta dago eta lapurtzea lortu du. Bitxia bada ere, objektu misteriotsu hori, bi pertsonaiek arrazoi ezberdinengatik irrikatzen dutena, ustekabeko adiskidetasun baten eragile bihurtuko da.

Nolanahi ere, Yimou Txinako zinema modernoaren ikur eta ordezkari nagusietakoa bilakatu den arren, One Secondek Yimouren egile zinemarako itzulera suposatzen du, azken urteotan soilik superekoizpenak egin ondoren. 

Bat-batean, film baten zaharberritzea eta honen proiekzioaren ahalegin (intimo eta kolektiboa) titaniko gisa ikusten dira; oroimen historikoaren egiarekiko konpromiso gisa. Zinemaldia modu onenean hasten da: zinemarako talentu handia iradokitzen duen Sail Ofizial batekin. Iraganari beldurrik gabe begiratzea, etorkizunari itxaropen handiagoz aurre egiteko. Zinema ere hau da.


Sergio Basurko

 
Filmeko protagonistak fideoak dastatzen.
Filmeko protagonistak fideoak dastatzen.
Zhang Yimou filmaketa bitartean.
Zhang Yimou filmaketa bitartean.

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea