Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Poliziak narkotrafikoan duen inplikazioaren salaketa irmoa
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Poliziak narkotrafikoan duen inplikazioaren salaketa irmoa
ENQUÊTE SUR UN SCANDALE D’ÉTAT / UNDERCOVER • Frantzia
Osteguna, 2021(e)ko irailak 23

Thierry de Peretti zinemagileak Enquête sur un scandale d’état filma aurkeztu du Sail Ofizialean. Filmean iragan lausoko espioi ohi bat Libération egunkariko kazetari batekin harremanetan jarriko da polizia frantsesak zuzendutako narkotrafiko-sare bat agerian jartzeko.

Prentsaurrekoaren moderatzaileak proiektuaren sorreraz galdetu eta errealizadoreak heldu dio erronkari: “L’infiltré izeneko liburu baten egokitzapena egitea proposatu zidaten eta istorioaren irakurketak ziplo harrapatu ninduen. Liburuaz gehien interesatu zitzaidana idazketa estiloa izan zen, pertsonaia bakoitza kontakizunarekin nola uztartzen zen. Hasieratik argi izan nuen ez nuela narkotrafikoari buruzko edo estatu frantsesaren goi-mailako ustelkeriari buruzko tratatu zabal bat egin nahi. Interesatzen zitzaidana zera zen, narkotrafikoaren aurkako borrokan alderdi bakoitzak bere diskurtsoa nola eratzen duen islatzea”.

“Ildo horretan, azpimarratu nahi dut, nire filma dramatizazioaren bidez adierazi arren, bertan entzuten diren elkarrizketa ia guztiak bizitza errealean eman zirela. Hortik aurrera, guri dagokigu egia kontatu zaigun ala ez erabakitzea”, jarraitu du xehetasunetan sakontzen.

Kazetarien galderetako asko, hain zuzen ere, pertsonaia ‘errealen’ ekintzen etikaren ingurukoak izan dira, alegia, non dagoen ongiaren eta gaizkiaren arteko muga narkotrafikoa borrokatzerakoan. De Perettiren aburuz: “Pertsonaia bat pantailaratzen dudanean, beti saiatzen naiz pertsonaia horrek bizi duen errealitatearen konplexutasuna ulertarazten. Ez zait interesatzen baloreen judizioa, bere ekintzetatik datozen argiak eta itzalak baizik”.

Vincent Lindon aktorea bat dator zuzendariaren iritziarekin: “Azkenaldian asko kostatzen zait heroiak bilauetatik bereiztea. Nola esan, uste dut egon badaudela gauza gaizto eta zitalak egiten dituzten heroiak eta, halaber, ekintza onak egiten dituzten bilauak. Pertsonaia konplexuak gustatzen zaizkit, pentsatzen dutenak, pentsarazten dizutenak. Nire pertsonaiari dagokionez –narkotrafikoaren aurkako borrokaren buru den polizia goi-kargu bat–, esan dezakedan gauza bakarra da oso profesionala iruditzen zaidala. Hau da, kargurako pertsona egokia da. Horrek on ala gaizto bihurtzen zaitu? Ezin dizuet erantzun zehatzik eman”.

Pertsonaia bat prestatzeko bere metodologiari buruz galdetuta, Lindonek erantzun du: “Lehen esan badut kosta egiten zaidala ongia eta gaizkia bereiztea, esan behar dut, halaber, gero eta gehiago kostatzen zaidala jakitea noiz nagoen lanean eta noiz ez. Nire ustez, aktore batek etengabe egon behar du bere bizipenak barneratzen, inoiz ez baitakizu antzezterakoan noiz erabili ahalko dituzun”. Eta erdi txantxetan honako adibidea jartzen du: “Polizia baten papera egiteko ez dut polizia- munduari buruzko ikerketarik egin behar, gogoraraziko dizuet gauza batengatik edo besteagatik nire bizitzan polizia-etxe asko bisitatu izan ditudala”.

Thierry de Perettik atzera hartu du hitza: “Narratiboki, filmearen behin- -behinekotasunaren eta arintasunaren kontuak kezkatzen ninduen. Era berean, filma indar handikoa izatea nahi nuen, baina ikusgarritasunean erori gabe. Horretarako, generoaren erreferenteak izan nituen gogoan, Alan J. Pakularen All the President’s Men eta David Fincherren Zodiac, esaterako.

Eta, azkenerako, labankada pare bat: “Filmean, alde batera ezin utzi zitekeen dimentsio politiko nabarmena dago. Bertan, besteak beste, estatu demokratiko askok polizia-organo paraleloetara jo dute beren interesen alde borrokatzeko, jasotako erasoetatik defendatzeko. Zentzu horretan, uste dut ez dudala ezer deskubritzen, filmaren une jakin batean, terrorismoa borrokatzeko estatu espainiarraren eta frantsesaren azpijoko zikinen aipua agertzen bada”.


Sergio Basurko

 
Thierry de Peretti zuzendaria Vincent Lindon aktore ezagunarekin.
Thierry de Peretti zuzendaria Vincent Lindon aktore ezagunarekin.

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea