Lumière! L'aventure commence filmaren 2017ko aurkezpen gogoangarriaren ondoren –Canneseko zinema-jaialdiko eta Lumière Institutuko zuzendari Thierry Frémauxen emanaldi iruzkinduna barne–, Donostia Zinemaldiak Klasikoak saila sortu zuen.
2018. urtean, Ladri di biciclette / Bicycle thieves (1948) filma proiektatu zen eta, urtebete geroago, hirura handitu da zaharberritutako bertsioetan Tabakaleran berrikusi ahal izango diren filmen kopurua: Paul Schraderren Mishima: A Life in Four Chapters (1985); Tian Zhuangzhuangen Dao ma zei / The Horse Thief (1986) eta Béla Tarren Sátántangó (1994).