71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner

Euskal Zinema
Zinemira
Euskal Zinema Gala
Zinemira Saria
Euskarazkoak, bikoiztutakoak eta azpidatziak
Irizar Saria
Beste sailak

Hamazazpi lanek –hamahiru film luzek, film labur batek, telesail batek, ekoizpen-fasean dagoen film batek eta proiektu batek– osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko euskal partaidetza, eta Sail Ofizialean, Zabaltegi-Tabakaleran, Zinemiran, Euskal Zinemaren eta EiTBren galetan, WIP Europan eta Ikusmira Berriak sailean banatuta egongo dira.

Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, Irizar eta EiTBren babesarekin eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteen eta Zineuskadiren laguntzarekin. Aurtengo edizioan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko hamaika lan izango ditu. Horietako zazpi Zinemaldian mundu-estreinaldiak izango dira eta, horregatik, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko aukera izango dute, Zinemaldiaren beste atal batzuen parte izango diren beste bi lanekin batera. Horrela, bederatzi ekoizpen lehiatuko dira, guztira, 20.000 euroko saria eskuratzeko filmaren ekoiztetxerako edo ekoiztetxeetarako.

Javier Corcuerak (Lima, 1967) Goya bat jaso du, baita Zilarrezko Biznaga bat Málagan eta Fipresci epaimahaiaren aipamen berezi bat Donostian ere La espalda del mundo (Zabaltegi-New Directors, 2000) filmagatik, eta No somos nada / We Are Nothing filmarekin itzuliko da Zinemaldira, La Polla Recordsen −Evaristo Páramosek zuzendutako punk-talde historikoaren− agur-biraren inguruan sorturiko ez-fikziozko filma.

Maru Soloresek (Donostia, 1968) Camera obscura (Zinemira, 2012) obrarekin egin zuen debuta film luzeen zuzendaritzan, eta Aztarnak – Huellas / Imprints lanaren –bere bigarren film luzearen– estreinaldiak itxiko du Zinemira oraingoan. Dortoka uhartea (La isla de la Tortuga, 2002) film labur sarituaren egilearen film berrian haurtzaroko urteek uzten dizkiguten eta gogoratzen ez ditugun aztarnei buruzko hausnarketa egiten da.

Iñaki Alforja (Iruñea, 1967) eta Iban Toledo (Beasain, 1978) zinemagileek Bolante baten historia / Story of a Steering Wheel zuzendu dute, José Miguel Etxeberria Álvarez Naparra desagertu zeneko eta haren familiak haren gorpuaren bila emandako 40 urteri buruzko ikerketa bat, hain zuzen.

El radioaficionado / The Radio Amateur Iker Elorrietaren (Bilbo, 1977) fikziozko lehen film luzea da; besteak beste, I Forgot Myself Somewhere (2017) ez-fikzio sarituaren egile da Elorrieta, eta ama hil ondoren jaioterrira itzuliko den hogeita hamar urteko gazte autista bat ekarriko digu oraingoan bere film berriarekin.

Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) soinu-artista, musika-ekoizle eta ikertzaileak, Converso (2017) eta Urpean lurra (2019) euskal ekoizpenen soinu-arduradunak, O Gemer / The Moaning filmarekin egin du debuta errealizadore gisa, idi-gurdiek egiten duten soinu bitxian oinarritutako film esperimental batekin, hain zuzen.

Maider Oleagak (Bilbo, 1976) hainbat film proiektatu izan ditu Zinemaldian, tartean Muga deitzen da pausoa / Stepping into the Boundary, Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehen edizioan garatu zuen proiektua, hain zuzen ere. Oleagak Kuartk Valley estreinatuko du aurtengo Zinemaldian, Arabako haran bateko herri batean bertako jendeak lagunduta filmatutako western baten istorioa.

Hernán Zinek (Buenos Aires, 1971), Nacido en Gaza (2014), Nacido en Siria (2016) eta Morir para contar (2018) saritutako lanen egileak, Belako musika-taldeari jarraitu dio 2020an zehar: 60 kontzertu bertan behera utzi zituztenetik pandemia-testuinguruan euren burua berrasmatu behar izan zutenera arte (bira bat egin zuten drive-inetan). Pandemic Tour 2020 Belako filmak Josu Ximun Billelabeitia, Lore Nekane Billelabeitia, Cris Lizarraga eta Lander Zalakain musikagile eta Mungiako musika-taldeko kideen ibilbideari jarraituko dio.

Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da Hondalea, Asier Altunak (Bergara, 1969) zuzendutako ez-fikziozko filma, Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara uharterako sortu duen obraren inguruan. Altuna Zinemaldian izango dugu, berriz ere, Amama (Irizar Saria, 2015) filmarekin Sail Ofizialean lehiatu ondoren eta Bertsolari (2011) lehiaketaz kanpo erakutsi ostean; halaber, New Directors sailean eta Euskal Zinemaren Galan ere egon izan da Altuna, hurrenez hurren, Aupa Etxebeste! (2005) eta Agur Etxebeste! (2019) ‒biak Telmo Esnalekin batera zuzenduak‒ aurkezten. Iaz Culinary Zinema saila inauguratu zuen ARZAK Since 1897 ez-fikziozko filmarekin.

Gainera, Maixabel Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehian izango da. Sail Ofizialean egongo da Icíar Bollainen (Madril, 1967) filma; ETAk eraildako Juan Mari Jáuregui buru sozialistaren alarguna antzeztu du Blanca Portillok bertan, eta Luis Tosarrek, berriz, atentatuaren arduradunetako baten papera egin du. 2011n Langraiz bidea deritzonaren bidez bultzatutako konpontze-topaketak irudikatu ditu zuzendariak Maixabelen; Langraiz bideari esker, Maixabel Lasak bere senarraren hiltzaileekin elkartu ahal izan zuen espetxean.


Lehiaz kanpo

EiTB galan, Pausokak ekoiztua eta Javier García de Vicuñak zuzendutako Irabazi arte telesailaren lehen atala aurkeztuko da, ama galdu eta Bartzelonatik Euskadiko bere jaioterrira bizitzera joango den futbolari nerabe batean funtsatuta.

Aitor Merinok (Donostia, 1972) bere ahizpa Amaiarekin zuzendu zuen Asier ETA biok, eta 2013an Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi zuten lan horrekin; oraingoan Fantasía aurkeztuko digu, Málagako zinema-jaialdian estreinatu ondoren. Fantasíaren proiektua Ikusmira Berriak ekimenaren lehen edizioan garatu zen, eta familia baten historiari jarraitzen dio oroitzapenen eta gurutzaldi baten bitartez.

Igor Legarretak (Leioa, Bizkaia, 1973) Ilargi guztiak. Todas las lunas aurkeztuko du, bere bigarren film luzea, Kanadako Fantasia Jaialditik igaro eta Bilboko FANT inauguratu ondoren. Itziar Ituño, haizea Carneros eta Josean Bengoetxea ditu protagonista, eta XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean gertatzen den fabula bat da, heriotzari eta hilezkortasunari buruzkoa.

Paperezko hegoak Josu Martínez (Bilbo, 1986) zinemagile, irakasle eta gidoilariaren lan berria da, eta Samara Velte (Zarautz, 1991) kazetari eta idazlearen debuta errealizadore gisa. Martínez eta Veltek lekukotza eta artxibo argitaragabeekin dokumentatu dute Euskaldunon Egunkariaren aurkako eragiketa.

Mireia Gabilondok (Bergara, 1965) hainbat film aurkeztu izan dizkigu Donostia Zinemaldian, hala nola Amaren eskuak (Zinemira 2013), eta oraingoan Kepa Errastiren Erlauntza / The Hive antzezlana film-formatura moldatu du Errasti berarekin batera; haurtzaroko lagun talde baten istorioa kontatzen digu filmean ‒Itziar Atienza, Naiara Arnedo, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz aktoreek egin dituzte rolak‒, landa-etxe batean elkartzen direnekoa, ezkondu aurreko agurra egiteko.

Zinemaldiaren programazioan parte hartuko duen baina Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko lehian egongo ez den beste euskal ekoizpen bat Heltzear da; lana Zabaltegi-Tabakaleran emango da, Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti saileko film laburren lehiaketan parte hartu ondoren. Mikel Gurrearen (Donostia, 1985) film laburra 2021eko Kimuak katalogoan ere hautatu dute. Proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak egonaldi-programan egon zen zinemagile donostiarra, eta indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatuko digu oraingoan.

Gainera, euskal filmetarako bi proiektu Zinemaldiaren 69. edizioko egitarauaren parte izango dira. Misión a Marte Mission to Mars, Amat Vallmajor del Pozo (Verges, 1996) kataluniarraren lehen lanak WIP Europan parte hartuko du, Zinemaldiak ekoizpen europarretarako duen work in progress sailean. Vallmajor del Pozok, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohiak (sorkuntzako espezialitatea), Euskal Herri postapokalitpiko batean girotu du bere lehen filma. Zinema Eskolako beste ikasle ohi bat (sorkuntzako espezialitatea), Marina Palacio (Donostia, 1996), bere lehen film luzea lantzen ari da, Y así seguirán las cosas / And thus it will go on, Ikusmira Berriak programako egonaldien testuinguruan, Ya no duermo film laburra zuzendu eta sariak jaso ondoren (Zabaltegi-Tabakalera eta Kimuak, 2020).


Euskal artistak

Gaur Tabakaleran egin den Zinemaldiaren 69. edizioko euskal zinemaren prentsaurrekoa, halaber, Euskal Zinemaren Galan erakutsiko den kartel berria aurkezteko esparrua ere izan da. Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) margolari gipuzkoarra izan da hurrengo urteotan euskal ekoizpenekin batera erakutsiko diren irudiaren sortzailea. Bestalde, Bego Vicario (Caracas, 1962) artista eta zinemagileak Perlak sailaren kartela diseinatu du, eta Victoria Eugenia Antzokian egingo diren film-aurkezpenetarako baliatuko da kartel hori.
Enkargu horiek Zinemaldiaren filosofiaren barruan kokatzen dira, hau da, hainbat diziplinatako euskal artea lehiaketan egotea. Isabel Herguerak 2015ean eta Izibene Oñederrak 2016an diseinatu zituzten (eta emakumezko lehen artistak izan ziren), Euskal Zinemaren eta Perlak filmaren kartelak, hurrenez hurren. Aurtengo edizioan Udane Juaristi eta Bego Vicario sortzaileek izango dute eginkizun hori.

 
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: