"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Anita Rocha da Silveira zinemagile brasildarrak zuzendutako Medusa filmak bederatzigarren Sebastiane Latino Saria jasoko du, GEHITU Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual eta Intersexualen Elkarteko kideek osatutako epaimahaiaren eskutik. Izan ere, GEHITU kolektiboak antolatutako sari-banaketa, eta 2021ean sexu- eta genero-aniztasuna hobekien irudikatzen duen Latinoamerikako filma aitortzeko egiten dena, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren baitan gauzatuko da.
Medusa, Cannesko azken Quinzaine des Réalisateurs ataleko film luzeen hautaketa ofizialean parte hartu zuen ekoizpen brasildarra, Rocha da Silveira zinemagilearen bigarren film luzea da, Mate-me por favor (2015) obrarekin debutatu baitzuen film luzeen zuzendaritzan; Veneziako Mostrako Orizzonti sailean estreinatu zen lehen lan hori. Medusa filmak Marianaren istorioa kontatzen digu: ahal duen guztia egingo du emakume perfektua delako itxura mantentzeko, harik eta garrasi egiteko gogoa inoiz baino biziagoa bihurtzen den arte.
Epaimahaiak saria Medusari ematea erabaki du, “beldurrean funtsatuta gainerako generoekin jolasten duen filma delako, beldurra, gorrotoa eta indarkeria inokulatzeko existitzen den plana agerian uzteko”. "Anita Rocha da Silveirak emakumeen menpekotasunera itzultzearen aldeko moda hori desegin eta moda horren benetako ondorioa erakusten du: emakumeek gauzaturiko ordezko indarkeria, matxismo hiltzaileari auka egiteko. Medusan aldarrikatzen denez, matxismo 'zuritu' horrek, hain zuzen, ahalduntzen badu eta, halaber, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren aurkako indarkeria fisikoa eta hitzezkoa askatzen badu, orduan, erreakzioak bateratua eta argia izan behar du", GEHITUko epaimahaiaren aburuz.