Donostia Zinemaldiak ireki egin du 70. edizioan parte hartu nahi duten filmen aurre-hautaketa. Oraingoz, WIP Latam, WIP Europa eta Nest ez diren gainerako sailetan parte hartu nahi duten filmek eman ahalko dute izena. Aipatutako sailetako izen-emateak ekainean irekiko dira; beraz, EZ dira orain erregistratu behar.
Aurreko urteetan bezala, izena emateko prozesuan, filmen arlo hauetan aritzen diren pertsonen genero-identifikazioari buruzko informazioa eskatuko da: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, muntaketa, argazkia, musika eta, aurten hasita, baita soinua ere.
Aurre-hautaketan izena emateko epea 2022ko ekainaren 20an amaituko da.
Informazioa, parte hartzeko arau orokorrak, sail bakoitzaren araudia eta online inprimakia Zinemaldiaren webgunean daude eskura: www.sansebastianfestival.com
Donostia Zinemaldiak Desirée de Fez kritikaria, Juan G. Andrés kazetaria eta Ione Hernández zinemagile eta irakaslea sartu ditu Hautaketa Batzordean. Horrela, bete egin dira geratu ziren hiru hutsuneak: José Ángel Herrero-Velarderena, duela gutxi hil delako; Natalia Marínena, batzordea arrazoi pertsonalengatik utzi duelako, eta Amaia Serrullarena, Zinemaldiko beste proiektu batzuetan arituko delako.
Gainera, Annina Wettstein programatzailea Zinemaldiaren Alemaniako, Austriako eta Suitzako ordezkari berria izango da. Wettseinek Christine Dollhofer ordezkatu du, Vienna Film Fundeko arduradun izendatu baitute.
Zinema-kritikaria, kazetaria eta irakaslea. Kazetaritzan lizentziatua (Ramon Llull Unibertsitatea) eta El Periódico de Catalunyako zutabegilea da, eta kritikari gisa kolaboratzen du Fotogramas eta Rockdelux aldizkarietan, Catalunya Ràdioren La finestra indiscreta saioan eta RTVEren Página dos eta Punts de Vista programetan. Eskolak ematen ditu bai Kataluniako Unibertsitate Irekian (UOC) bai zenbait zinema-eskolatan, eta esperientzia du fikziozko gidoilari eta gidoi-aholkulari gisa. Kataluniako Nazioarteko Fantasiazko Zinema Jaialdiko (Sitges) taldeko kide izan da hamar urtez baino gehiagoz. Bertan, liburuen koordinazio-lanak eta programazio-aholkularitzakoak egin ditu, eta bi podcast zuzentzen ditu: Marea Nocturna (Radio Primavera Sound), fantasiazko zineman eta izu-zineman espezializatua, eta Reina del grito (Blackie Books), non elkarrizketak egiten baitizkie izuaren inguruko hainbat diziplinatako sortzaileei. Liburuki kolektibo askotan parte hartu du –horietako asko, Donostiako eta Sitgeseko jaialdietan argitaratuak–, eta Películas clave del cine de terror moderno eta Pantalla Rasgada: Quince conversaciones con cineastas y escritores sobre sueños y cine (Jordi Sánchez-Navarrorekin batera idatzia) liburuak ez ezik, J. A. Bayonaren filmografiari buruzko hainbat liburuki ere idatzi ditu. Bere azken argitalpena Reina del grito da, saiakeraren eta autofikzioaren arteko liburua. Bertan, emakumeen beldurrak aztertzen ditu, izu-zinemarekin duen harreman pertsonaletik abiatuta; izan ere, genero horretan dago espezializatua.
Kazetaritzan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). 2019an Donostia Zinemaldiko Komunikazio Taldean sartu aurretik, Radio Nacional de Españan, Vasco Press eta France Presse agentzietan eta Noticias de Gipuzkoa eta El Diario Vasco egunkarietan lan egin zuen. Azken komunikabide horietan, hain zuzen, kultur informazioa eta zinema eta jazz jaialdiei buruzkoa ematen zuen, erreportaje, elkarrizketa, kronika eta kritika moduan. Zineman eta musikan espezializatua dago, baina argazkilari eta kolaboratzaile ere aritu da Caimán Cuadernos de Cine, Rockdelux eta MondoSonoro aldizkarietan, Nosferatu bilduman eta Donostia Zinemaldiko egunkarian. Halaber, Artxipelagoa (2021) soinu fikzioa zuzendu eta ekoitzi du EiTBrentzat, eta Estamos dentro elkarrizketa-podcastaren egilea da.
Kazetaritzan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Komunikazioa ikasi zuen Michel-de-Montaigne Unibertsitatean (Bordele). La Nación egunkarian –Washingtonen– kazetari aritu ondoren, Kaliforniara joan zen, eta zuzendaritza-masterra egin zuen Chapman Unibertsitatean. Horrez gain, gidoi-ikastaro bat egin zuen San Antonio de los Bañoseko (Kuba) Zinema eta Telebistaren Nazioarteko Eskolan. Zinemagile gisa, nazioartean ezagunak diren hainbat film labur eta dokumental zuzendu eta idatzi ditu. Kimuak egitasmoak eta Madrid en corto programak, adibidez, bere film laburrak hautatu dituzte. Cahiers du cinéma aldizkariak, bestalde, urteko film labur onenaren izendapena eman dio El palacio de la luna lanari, eta 1 % esquizofrenia film luze dokumentala –Julio Medemek ekoitzia– zinema-aretoetan estreinatu da. Azken bost urteetan, Madrilgo EFTI (Argazkigintza eta Zinemaren Nazioarteko Zentroa) eskolako zinema-zuzendaritzako masterraren koordinatzailea eta tutorea izan da, eta, Donostia Zinemaldiaren Gipuzkoa Coopera programaren barruan, zinema-tailerrak ematen dizkie Latinoamerikako eremu behartsuetako ikasleei. Bere Hermanas proiektua, garapen fasean, finalista izan da Zinema Akademiaren egonaldi-programan, eta Ventana CineMad foroaren 2021eko edizioko fikziozko proiektu onenaren saria irabazi du. Espainiako Arteen eta Zinema Zientzien Akademiako kidea da.
Zinema programatzailea, San Gallen (Suitza) jaioa, 1977an; Zürichen eta Berlinen bizi da. Hainbat zinema-jaialditako hautaketa-batzordeetako kide izan da, baita komisario eta programazio-saileko buru ere. Gaur egun, Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdiko programatzaile bat da, eta alemandun herrialdeetako eta Eskandinaviako (Finlandia eta Islandia barne) film luzeen hautaketa gainbegiratzen du. Halaber, Suitzako Kultura Bulego Federaleko Film-en saileko kide zientifiko bat da. 2018tik 2021 arte Leipzigeko Zinema Dokumentalaren eta Animaziozkoaren Nazioarteko Jaialdiko Hautaketa Batzordeko kide ere bada. Gainera, hainbat proiektu zinematografikotako ikertzaile izan da, eta zinema-jaialdi ugaritako epaimahaiko eta finantzaketa-batzorde bateko kide. Gizarte Antropologiako, Literatura Frantseseko eta Kudeaketako masterra du (Züricheko Unibertsitatea), eta Suitzako Zinema Akademiako kidea da.