"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Espainiako kulturaren 2021eko egoerari buruz egin duen azterketaren emaitzak jakinarazi ditu Contemporánea fundazioaren Kulturaren Behatokiak. 2021eko Espainiako laugarren kultura-ekimen nagusi izendatu dute Donostia Zinemaldia.
Zerrenda horretako laugarrena da Donostia Zinemaldia, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalaren; Prado Museoaren eta Thyssen-Bornemisza Museoaren atzetik. Madrilgo Errege Antzokia eta Guggenheim Bilbao Museoa bosgarren eta seigarren postuetan daude, hurrenez hurren.
Euskadi da programazioari dagokionez balorazio handiena jaso duen bigarren autonomia-erkidegoa, Madrilgo Komunitatearen atzetik. Donostia zazpigarren hiri baloratuena da, kalitate eta berrikuntza kulturalari dagokienez, eta lehena, 500.000 biztanletik beherako hirien artean.
Sektorearen egoera aztertzeko, joerak analizatzeko, eztabaida sustatzeko eta gabeziak zein aukerak identifikatzeko tresna bat da Kulturaren Behatokia. 2009. urteaz geroztik, azterketa egiten du urtero kulturaren arloan garrantzi handiena izan duten erakundeak eta gertaerak hautemateko. Azken galdetegian 358 lagunek parte hartu dute (% 44,7 erakunde kultural publiko bateko langileak dira; % 39,9, erakunde kultural pribatu batekoak eta % 15,5, sektoreko profesional independenteak).