"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XVIII. edizioa 2022ko irailaren 19, 20 eta 21ean egingo da, Donostiako 70. Zinemaldiaren esparruan. Ekimena IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak antolatzen du Donostia Zinemaldiaren lankidetzan.
Inskribatutako proiektu guztietatik hamalau hautatuko dira finantzatzaile potentzialei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei aurkezteko, eta haiekin banan-banako bilerak edukitzeko.
Aurten, berrikuntza gisa, eta ELKARGIrekin akordioari esker, Foroan izena eman duten proiektuek IBAIA-ELKARGI saria lortzeko aukera izango dute (5.000 euro ekoizlearentzat). Commissioning Editors panelak egingo ditu epai-lanak, eta panelak berak aukeratuko du proiektu irabazlea, aurkezpena, originaltasuna, tratamendua eta zabalkunde-indarra balioetsita.
Ekainaren 27ra arte parte hartu nahi duten dokumental-ekoizleek beren proiektuak inskribatzeko aukera izango dute, foroaren webgunearen bitartez. Uztailean emango da hautatuen berri.
https://www.ibaia.org/eu/foroa/ foroaren orrian aurki dezakezu deialdiari eta inskripzio-prozesuari buruzko informazio guztia.