Donostia Zinemaldiak bere 70. edizioa egingo du irailaren 16tik 24ra, eta urteurren hori ospatzeko, erakusketa handi bat inauguratu du gaur Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Zinemaldiaren egoitzan. Tabakalerak Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatua, «Imajinatu Zinemaldia» erakusketa zinema-industriari, komunikabideei, zinema-aretoei, hiriari berari eta, jakina, edizioz edizio aretoak betetzen dituzten ikus-entzuleei egindako omenaldi gisa planteatzen da.
Gaurtik irailaren 24ra arte, erakusketak Tabakalerako hainbat gune publikotan banatutako ikus-entzunezko instalazioen bidez Zinemaldiaren historiako jazoera gogoangarri nagusiak erakutsiko ditu. Morgancreako Carlos Rodríguez eta Asun Lasarteren kontzeptuaren arabera, “pertsona guztiok protagonista gaituen obra kolektibo” gisa aurkeztu da erakusketa. Morgancrea ekoiztetxea da, hain zuzen, erakusketa horren komisarioa, eta hogei bat pantailaren bidez 150 minututik gorako edukia biltzen duten ehunka bideo erakusten dira bertan.
Erakusketa diseinatu dutenekin batera, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek, Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok hartu dute parte aurkezpenean, erakusketan lagundu duten erakundeen izenean.
Hasiera-hasieratik egon da Zinemaldian alfonbra gorria, eta gidari gisa jardungo du erakusketa honetan. Sarrera nagusitik –Andre zigarrogileen plazatik– ez ezik, beheko sarbidetik –Nestor Basterretxea plazatik– ere sar daiteke jendea erakusketara. Guztira, 200 metro alfonbra baino gehiago erabili dira; bisitarien buruen gainetik esekita dago tarte batzuetan alfonbra, eta hainbat modutan ibiltzeko moduko bide bat –Tabakalerako gune publikoaren hainbat puntutan kokatua– markatuko du.
Nestor Basterretxea plazatik beheko solairuko plazara sartuz gero, bisitatu ahal den lehen instalazioa (Ikus-entzuleak) horiei eskainitako zortzi pantailaz osatuta dago. Batetik, alfonbra gorrian, zinema-aretoetan eta Zinemaldiaren etapa desberdinetan zehar ibilbide bat egitea proposatzen digu, eta, bestetik, herritarrek erakusketara espresuki bidali dituzten argazkien aukeraketa erakusten du, lehiaketaren deiari erantzunez: hainbat argazki eta selfie dira, izen eta abizenak dituzte eta Zinemaldira maiz joaten diren pertsonek beren garaian atera zituzten, hainbat izar eta pertsona ospetsurekin batera.
Lehenengo solairura daramaten eskailerak Media instalaziora iristen dira. Idatzizko lan, elkarrizketa, argazki eta ikus-entzunezkoen bidez Zinemaldia nazioartean zabaltzen eta haren memoria gordetzen lagundu duten komunikabideen eginkizuna du ardatz instalazio horrek. Liburu edo egunkari handi bat izango balitz bezala, azken 70 urteotan Donostian izan ditugun pertsona ospetsu interesgarrienetako batzuen irudi, titular eta adierazpenen hautaketa bat erreproduzitzen dute bi pantaila bertikal handik instalazio horretan.
Lehen solairutik irten gabe, korridore luze batek Photocall forma hartzen du, eta 24 x 4 metroko pantaila erraldoi bat da instalazio horren protagonista nagusia. Pantaila horren gainean, bost proiektoretatik aldi berean emandako irudiak erreproduzitzen dira. Gune magiko horren alfonbra gorritik, hala, ibili ahalko dira bisitariak, Zinemaldia azken zazpi hamarkadotan bisitatu duten 800 pertsona entzutetsu baino gehiago ikusteko. Denbora-tunel honen edukiak modu kronologikoan aurkezten dira, eta beraz, distantzia jakin batera kokatuta, ikus-entzuleek aldi berean eta mugimenduan ikusiko dituzte Gloria Swanson, Kirk Douglas, Audrey Hepburn, Harrison Ford, Bette Davis, Robin Williams eta Brad Pitt, besteak beste.
Azkenik, korridorearen atzealdean, gortina batek azken gelarako sarbidea ematen du. Zinea izeneko instalazioa dago bertan, zinema-areto handi gisa sortua. Bertan, pantaila sinkronizatuek Zinemaldiaren historiako une ikonikoenak gogoratzeko aukera ematen dute.
Batetik, ezkerraldean, une ahaztezinak ausaz erakusten dituzten hiru pantaila handi daude: Sophia Loren, Liz Taylor, Bette Davis, Denzel Washington edo Bradley Cooper artisten harrera jendetsuak, John Travolta Kontxa pasealekuan pasieran, Star Wars eta The Mask of Zorro filmen estreinaldiak, Penélope Cruzek U2 taldearen lider Bonoren eskutik Donostia Saria jaso aurretik izan zuen ezustekoa, eta abar.
Bestalde, aretoaren erdian esekitako bi kubok Rafael Moneok diseinatutako Kursaal eraikinari keinu egiten diote; hala, kubo horien aldeetan zortzi gairekin lotutako irudiak ematen dira, besteak beste, hauekin lotutakoak: hiriko zinema-aretoak, Zinemaldiko epaimahaiak, sariak, antolakuntza eta talentu berriak.
Azkenik, maskorrak –lehiaketaren bereizgarri grafiko nagusiak– izandako bilakaera erakusten duten bi emanaldi daude ikusgai erakusketan, baita 70 edizioetako kartel ofizialen animazio bat ere, eta halaber, bi ukipen-pantailen bidez Zinemaldiaren historian zehar nabigatzeko aukera ematen digun mediateka bat ere badago, erreportajeak, elkarrizketak, sari-banaketak, pertsona famatuak eta filmak ezagutarazten eta gogorarazten dizkiguna.
Erakusketaren inguruan, haurrentzako tailerrak antolatu dira (batzuk 3-6 urtekoentzat eta beste batzuk, berriz, 7-11 urtekoentzat) asteazken eta ostegun goizetan eta larunbat arratsaldeetan, baita helduentzako bisita gidatuak ere astearte arratsalde eta igande goizetan. Jarduerak doakoak dira eta interesa duten edonor inskriba daiteke Zinemaldiaren eta Tabakaleraren webguneen bidez. Gainera, erakusketa bisitatzen dutenek erakusketaren edukiekin lotutako galdera-lehiaketa batean parte hartzeko hautabidea ere izango dute. Erantzun zuzenen artean Zinemaldiaren 70. ediziorako sarrerak eta merchandisingeko objektuak zozketatuko dira.
Erakusketa egunero egongo da zabalik, astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.
Imajinatu Zinemaldia erakusketa antolatzen laguntzeaz gain, Tabakalera buru-belarri arituko da 70. urteurrenaren bueltan beste erakusketa batekin; hots, Vive le cinéma!. Datorren larunbatean (hilaren 9an) hasiko da, eta nazioarteko lau zinemagileren instalazio artistikoak erakutsiko ditu: Jia Zhangke, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Dea Kulumbegashvili (azken biak hiru Urrezko Maskorren irabazleak).