Hamar proiektu teknologiko –Espainiako bost, Europako gainerako herrialdetako beste bost– lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challenge ekimenean, pertsona ekintzaileentzako eta startupetarako lehiaketa espezifiko sortu berrian. Hain zuzen ere, proiektuen garapena ikus-entzunezkoen arloan aplikagarri diren teknologietan badute oinarri. Aurtengo edizioan ekimenaren parte hartzeko 55 proiektu jaso dira guztira.
Espainiako proiektuek, gainera, aurten sortutako lehiaketa espezifikoan parte hartuko dute; ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ delakoaren –‘Spanish Screenings XXL’ Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako nazioarteko merkatuaren lau ardatzetako baten– parte izango da lehiaketa espezifiko hori.
Espainiako bost finalistak hauek dira: IZI Record, adimen artifizialean funtsatutako edukia lankidetzan sortzeko teknologia garatzen ari dena; Quantic Brains Technologies, ikus-entzunezko lanak osohasunean adimen artifizialaren bidez sortzea proposatzen duena; The Video Network, bideo-edukiak kudeatzeko plataforma bat, errealizadoreak balizko bezeroekin harremanetan jartzeko balio duena eta ekoizpen-prozesuaren fase guztiak biltzen dituena; eta Motmo.Pro euskal proiektua, bideoa eta partiturak editatzeko eta sinkronizatzeko plataforma, streamingean eta teknologian oinarritua. Azkenik, talde ekintzaile batek kino _GreenToken aurkeztuko du, blockchain teknologiarekin ikus-entzunezkoen industriak eragindako emisioen eta hondakinen kudeaketa digitalizatzeko proposamena egiten diguna.
Europako gainerako lekuetako proiektuei dagokienez, hauek hautatu dira: Mine S (Italia), controller modularrerako proposamen bat, sormen-prozesuaren hainbat alderdi barneratzen dituena; PentoPix (Erresuma Batua), adimen artifizialean oinarrituta dagoena eta testua 3D bistaratze bihurtzen duena storyboardak sortzeko eta edukiaren preprodukzioa egiteko; SMASH (Erresuma Batua), blockchaineko teknologiari esker, sortzaileak plataformen eta telebisten edukien arduradunekin biltzeko jomuga duena; Violette (Danimarka), suzko armen erreplikak garatzen dituena, filmaketetan segurtasuna handiagotze aldera; eta Watchers (Erresuma Batua), streamingeko plataformei interakzio sozialerako osagai bat gehitzea proposatzen duena.
Urtebetez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo business innovation centerretako batean inkubaziogunean doan sartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Epaimahai independente batek aukeratuko ditu proiektu irabazleak –bat Espainiakoa eta bestea Europako beste lurralderen batekoa–, eta bakoitzak 10 000 euro jasoko ditu. Gainera, deialdi honek 3.000 euro gehiago bideratuko ditu pertsona edo talde ekintzaile batek aurkeztutako eta hautatutako proiektu onena saritzeko. Irabazleek eta finalistek, gainera, 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute euren proiektua Euskadin garatzeko.
Lehen hiru edizioetan irabazi dituzten proiektuek arrakastaz ari dira garatzen gaur egun euren enpresa-estrategia. Largo AI izenekoak (2019) 20 herrialdetan baino gehiagotan lortu ditu bezeroak; Filmchain deritzonak (2020), bestalde, hainbat lurraldetan ere merkaturatu du bere produktua; Kinetix izenekoak (2021), halaber, Beta bertsioarekin dihardu jada, eta finantzaketa-erronda garrantzitsu bat egin du.
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, Zinemaldia Startup Challenge sustatzen du, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia, metaunibertsoari buruzko mahai-inguru bat barne hartzen duena. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da, eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako berrikuntzari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune bihurtu nahi du.
‘Spanish Screenings XXL’ Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako nazioarteko merkatua Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren –SEEParen– barruan dago. Planaren helburua zera da, Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX dela medio. Halaber, ‘Spanish Screenings: financing & Tech’ ekimenaren barruan, Espainiako inbertitzaileen eta talentu-ordezkarien arteko lehenengo topaketa antolatuko da. Topaketa horren edukia hurrengo asteotan jakinaraziko da.
Horrez gain, Spanish Screenings on Tour ekimenaren lehen edizioa Ventana Sur merkatuaren esparruan egingo da. Bertan, Espainiako proiektuak aurkeztuko dira ekitaldiaren sailetan, eta networkingeko jarduera batzuk ere antolatuko dira nazioarteko industriako funtsezko eragileekin. Proiektuak aurkezteko deialdia irailaren 19ra arte egongo da irekita.
Espainiako proiektuak
Proiektuaren deskribapena: IZIk RTS (Recording Together System) teknologia berria garatu du. Oroitzapen ahaztezinak sortzen ditu RTSk hiru ezaugarritan funtsatuta: crowdsourcing-bideoa eta pantaila anitza; HiFi soinua; eta edizioa adimen artifizialaren medioz. Lankidetzan oinarrituriko edukia eratzeko teknologia.
Proiektuaren deskribapena: Ingurumen-kudeaketarako sistema ikus-entzunezkoen industriarako, blockchaina duen ePaidaidetza-eredu batean oinarritua.
Proiektuaren deskribapena: MOTMO musika-plataforman artistek euren abesti onenak jotzen irakasten dute bideo tutorial interaktiboen bidez.
Proiektuaren deskribapena: Quanticek adimen artifiziala eta machine learninga baliatzen ditu ikus-entzunezko edukiak eta bideo-jokoak automatikoki sortzeko.
Proiekturaren deskribapena: ikus-entzunezkoen edukiak 72 orduan baino gutxiagoan ekoizteko gai da, eta Espainiako estatuaren % 80an baino gehiagotan ematen du estaldura. Ikus-entzunezkoak kudeatzeko plataforma bakarra da mundu osoan.
Europako proiektuak
Proiektuaren deskribapena: Mine S-ri esker, ikus-entzunezkoen industriako artistek eta teknikariek controller propio eta pertsonalizagarria sor dezakete noiznahi; hala, baliabide erabilgarria da anitz lan eta sorkuntzetarako.
Proiektuaren deskribapena: PentoPix tresnak kode askeko ikuspegia ematen die sormen-industriei eta automatikoki aldatzen du testu egituratua 3D bisualizazioetan. Storyboardak eratzeaz eta edukiak aurretiaz sortzeaz gain, sortzaileek ikusmenaren bidez araka ditzakete euren ideiak, 3D mugimenduko diseinu grafikoaren inguruko ezagutzak zertan izan gabe.
Proiektuaren deskribapena: SMASH baliabidea IP marketplace bat da, eduki-sortzaile sortu berriak sormen-industrietan erabakiak hartzeko ardura duten pertsonekin harremanetan jartzen dituena.
Proiektuaren deskribapena: Benetako suzko armen alternatiba erabat seguruak sortuz, platoetan eta bideo-grabaketetan erabiltzeko, 2017az geroztik.
Proiektuaren deskribapena: Watchers tresnak osagai sozial bat eransten dio edozein bideo-plataformari, erabiltzaileek aukera izan dezaten aldi berean bideoak ikusteko eta ahotsezko eta bideozko elkarrizketak izateko.