Donostiako Zinemaldian aurkeztutako 8 film saritu dituzte 22 kategoriatan, Espainiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiak emandako Goya sarien 37. edizioan.
Alberto Rodríguezen Modelo 77 / Prison 77 filmak Sail Ofiziala inauguratu zuen lehiaketatik kanpo, eta bost estatuatxo irabazi ditu: ekoizpen zuzendaritza onena (Manuela Ocón), arte zuzendaritza onena (Pepe Domínguez del Olmo), jantzien diseinu onena (Fernando García), makillaje eta ile-apainketa onena (Yolanda Piña, Félix Terrero) eta efektu berezi onenak (Esther Ballesteros, Ana Rubio).
Fernando Francoren La consagración de la primavera / The Rite of Spring filmak ere Sail Ofizialean parte hartu zuen, eta gizonezko aktore berri onenaren (Telmo Irureta) saria lortu du.
Fernando León de Aranoaren Sintiéndolo mucho / Feeling It filmak Donostian izan zuen mundu mailako estreinaldia, eta jatorrizko abesti onenaren saria (Joaquín Sabina, Leiva) jaso du.
As Bestas / The Beasts filmak, Cannesen izan ondoren Perlak sailean hautatua izan zenak eta Donostia Hiria Europako film onenaren Publikoaren Saria jaso zuenak, bederatzi Goya jaso ditu: film onena, zuzendaritza onena (Rodrigo Sorogoyen), gizonezko aktore onena (Denis Ménochet), jatorrizko gidoi onena (Isabel Peña, Rodrigo Sorogoyen), antzeztaldeko aktorea (Luis Zahera), argazki zuzendaritza (Alex de Pablo), muntaia onena (Alberto del Campo), jatorrizko musika (Olivier Arson) eta soinua (Aitor Berenguer, Fabiola Ordoyo, Yasmina Praderas).
Berlinalen estreinatu eta Malagan nagusitu ondoren, Zinemira saila itxi zuen Cinco lobitos / Lullaby filmak zuzendaritza berri onenaren (Alauda Ruiz de Azúa), emakumezko aktore protagonista onenaren (Laia Costa) eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren (Susi Sánchez) sariak jaso ditu.
Un año, una noche / One Year, One Night, Berlinen izan ondoren Perlak sailean aurkeztu zen Donostian, eta gidoi egokitu onenaren Goya saria jaso du (Fran Araújo, Isa Campo, Isaki Lacuesta)
Cerdita / Piggy, Sundancen estreinatu ondoren Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu zen, eta emakumezko aktore berri onenaren saria (Laura Galán) jaso du.
Azkenik, Argentina 1985 filmak -Donostia Hiria film onenaren Publikoaren Saria lortu zuen Veneziako zinema-jaialdian lehiatu ondoren- Iberoamerikako film onenaren Goya saria irabazi du.