'La isla mínima'-ren egileak Rafael Cobos gidoilariarekin hitz egingo du ostegun honetan, eta Aitor Arregiren, Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren txanda maiatzaren 26an izango da.
Belén Funesen eta Marçal Cebriánen saioa hurrengo urtera atzeratuko da.
Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimenaren –Koldo Mitxelena Kulturuneak, Z365 Donostia Zinemaldiaren urte osoko Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatzen dutena– bigarren denboraldia apirilean eta maiatzean itxiko da, batetik, Alberto Rodríguez eta Rafael Cobos protagonista dituen saioarekin eta, bestetik, Moriarti Produkzioakeko hiru zinemagileak (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) protagonista dituen saioarekin.
Gaur egungo zinema espainiarraren aliantza luze eta oparoenetako bat izango da osteguneko (hilak 13) protagonista, Alberto Rodríguez zuzendariarena eta Rafael Cobos gidoilariarena, hain zuzen ere. Film hauetan aritu dira lankidetzan, besteak beste: 7 vírgenes / 7 Virgins (2005), Grupo 7 / Unit 7 (2012), La isla mínima / Marshland (2014), El hombre de las mil caras / Smoke and Mirrors (2016) eta Modelo 77 / Prison 77 (2022), iazko Donostia Zinemaldia inauguratu zuena.
Bigarren edizioa ixteko, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek, maiatzaren 26an, plataforma baterako egin duten lehen telesailean (Balenciaga) baliatu duten lan-eredu kooperatiboa azalduko dute. Aurretik, Loreak / Flowers (2014), Handia (2017) eta La trinchera infinita / The Endless Trench (2019) egin dituzte, denak ere Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu direnak.
Maiatzaren 4rako aurreikusita zegoen Belén Funes zuzendariaren (zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuena Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu zuen La hija de un ladrón / A Thief’s Daughter bere lehen lanagatik) eta Marçal Cebrián gidoilariaren arteko elkarrizketa hurrengo urtera atzeratu da, bigarren film luzea prestatzen ari baitira buru-belarri.
Bi saioak Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian egingo dira (19:00etan izango dira eta sarrera librea izango da toki guztiak bete arte) eta irekian emango dira kmk.gipuzkoakultura.eus web-orrian.
Ikastaroaren helburua da zinemagilearen begirada bakarra deszentralizatzea, baina baita proiektu bat osatzen duten lanbide tradizionalagoak ezagutaraztea ere, eta, ondorioz, zinema modu kritiko batean ikusten eta irakurtzen ikastea –testuinguru honetako inguruabarrak direla-eta noranzko posible guztietan mutatzen ari da–. Bigarren denboraldi honetan, besteak beste, zinemagile hauek parte hartu dute: Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maider Fernández Iriarte, Albert Serra, Mikel Gurrea, Fernando Franco, Pilar Palomero, Alauda Ruiz de Azua eta Carlota Pereda.