Perlak saileko 17 film lehiatuko dira Udalak zortzigarren urtez jarraian babesten duen Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko. Udalak donostiarrei egindako omenaldi gisa planteatzen du golardoa, haiek baitira bozketa bidez saria ematen dutenak.
Armani Beauty-k babestutako Perlak saileko obrek nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzte. Victoria Eugenia antzokian gauzatuko dira film horien emanaldiak eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaiera-galan emango da.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: batetik, film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Modu parte-hartzailean ematen den sari honen bidez, hiriarekin lotuta geratuko dira betiko bi filmak.
Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, “ikus-entzuleak dira gure Zinemaldiaren arima”, eta, horrenbestez, Publikoaren Saria “zinema-aretoak betetzen dituztenen gustuaren adierazpena da". Goiak azpimarratu du, halaber, Perlak sailak urteko film onenetako batzuez gozatzeko aukera ematen duela, “eta horregatik, herritarrek gehien eskatzen eta onartzen duten ataletako bat da”.
Alkateak adierazi duenez, Zinemaldia “gure hiria nazioartean nabarmentzeko urteko hitzorduetako bat da”. Horregatik, bere konfiantza eta babesa adierazi du mailari eusteko eta, ahal den neurrian, urtero pixkanaka hobetzeko. Aldi berean, Zinemaldiak zientziarekin, gastronomiarekin eta beste esparru batzuekin duen lankidetza-dinamikaren balioa ere nabarmendu du, eta horregatik, Zinemaldia “parteen emaitza indibiduala hobetzen duen eragile biderkatzaile” da.
Iaz, Santiago Mitreren Argentina, 1985 lanak eskuratu zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria –Zinemaldian aurkeztu baino lehen, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zen–, eta Rodrigo Sorogoyenek irabazi zuen, berriz, Europako film onenaren saria, zehazki, As bestas / The Beasts filmarekin –aurretik Cannes Première sailean aurkeztu zen–.
Bestalde, Zinemaldiak eta Udalak Zinemaldirako 1.000 txartel banatu dituzte premia ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean, Kursaalen eta Belodromoan filmak ikusteko aukera izan dezaten. Joan den astean Donostian erroldatutako 18 urte gorako langabeen artean banatu ziren tiketak.
José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak Udalak ekimen honetan gauzatutako lankidetza eskertu du, kolektibo behartsuetako pertsonek ere Zinemaldiaren esperientzia bizitzeko helburua izaki. “Beti sinetsi izan dut kultura, oro har eta, zinema bereziki, gutxien duten pertsonentzako tresna baliotsua dela: zentzu kritikoa garatzea ahalbidetzen du, botere-abusuari aurre egiteko baliabideak ematen ditu eta zeruertzak handitzen ditu. Hori dela-eta, oso garrantzitsua iruditzen zait Donostiako Udalaren eta Zinemaldiaren baterako ekimen hau”, adierazi du.
Rudolf Höss Auschwitzeko komandantea eta haren emazte Hedwig euren familiarentzako ametsezko bizitza bat eraikitzen ahalegintzen dira etxe lorategidun batean, presoen esparrutik gertu.
Takumi eta bere alaba, Hana, Tokiotik gertuko herri batean bizi dira. Aita-alaben bizitzak kalte handia jasango du jakitean euren etxetik gertu kanpin xarmagarri bat eraikiko dela, hiriko biztanleek naturarako eskapada erosoak egin ditzaten.
Sandra, Samuel eta horien 11 urteko semea, Daniel, isolatuta bizi dira mendian. Egun batean Samuel hilda aurkituko dute etxearen ondoan. Ikerketa bat hasiko da heriotza susmagarri horrengatik, eta laster hasiko dira Sandra erruduntzat jotzen, kasua anbiguoa bada ere: suizidioa ala homizidioa? Urtebete geroago, Daniel bere amaren epaiketara −bikotearen benetako disekziora− bertaratuko da.
1755ean, Ludvig Kahlen kapitain pobrea Danimarkako mortu latz eta bizigaitza konkistatzera abiatuko da, itxuraz ezinezko helburu batekin: erregearen izenean kolonia bat sortzea, hain zuzen. Trukean, beretzat hil ala bizikoa den errege-izen bat jasoko du. Alabaina, eskualdeko agintari bakarrak, Frederik de Schinkel gupidagabeak, arrogantziaz uste du lur hori berea dela. De Schinkelek jakiten duenean Ann Barbara neskameak eta haren senar zerbitzariak Kahlenekin ihes egin dutela babes bila, agintari pribilegiatu eta maltzurrak zin egingo du mendekatu eta ahal duen guztia egingo duela kapitaina uxatzeko. Kahlen ez da ikaratuko: borroka desorekatu bati ekingo dio eta bere bizitza ez ezik, inguruan pertsona baztertuez osatu zaion familia ere arriskuan jarriko du.
Dumb Money fimak Wall Streeten arriskatzea erabaki eta aberastu zen jende arruntaren benetako kasu zentzugabearen berri ematen digu; hala, GameStop (bideojokoen denda ezagun bat) munduko enpresarik goriena bihurtu zuten. Nahaste horren guztiaren erdian Keith Gill dago, bere bizitzako aurrezkiak akzioetan inbertitu eta sare sozialetan horri buruz argitaratzen hasi zen tipo arrunt bat. Keithen ospea goren-unera iritsi zenean, jarraitzaileak aberasten hasi ziren gauetik goizera.
Io capitano filmak Europara joateko Dakar utzi duten bi lehengusuen istorioa kontatzen digu. Odisea garaikide honetan, gazteek oztopo ugari gainditu beharko dituzte basamortuan eta itsasoan zehar bizirik irautea lortzeko borrokan.
Minato mutiko gaztea arraro jokatzen hasten denean, bere amak zerbait gaizki doala sentituko du. Jokabide arraro horren erantzulea haurraren irakaslea dela jakitean, eskolan olarka sartu eta zer gertatzen ari den jakin nahiko du. Alabaina, istorioak amaren, irakaslearen eta haurraren begien bitartez aurrera egiten duen heinean, egia apurka-apurka azaleratuko da...
Helsinkiko gauean kasualitatez topo egingo duten bi pertsona bakartiren istorioa. Beren bizitzako lehen eta azken maitasuna −maitasun bakarra− aurkitu nahi dute. Alabaina, xede ohoretsu horretarako bidea lausotu egingo dute gizonaren alkoholismoak, telefono-zenbaki galduek eta bizitzak zorionaren bila daudenen bidean oztopoak jartzeko duen joera orokorrak.
Augusto eta Paulina duela 25 urtetik daude elkarrekin. Alzheimerra diagnostikatu zioten Augustori duela zortzi urte. Biak beldurra diote azkenean Paulina ezagutuko ez duen egunari.
1972an, Uruguaiko Aire Armadaren 571. hegaldia, errugbi talde bat Txilera eramateko pleitatua, Andeetako bihotzean erori zen. 45 bidaiarietatik 29 baino ez ziren bizirik atera. Planetako ingurune gogor eta iritsiezinenetako batean harrapatuta, muturreko neurriak hartu behar dituzte bizirik irauteko.
Benetako gertakizunetan inspiratua: ezkonduta egonik eta hiru haur izanik, irakasle bat atxilotu egin zuten 13 urteko ikasle batekin sexu-harremanak izateagatik. Kondenaren ondoren, aske geratu zen emakumea baina ez zuen bete adingabea berriz ikusteko debekua. Haurdun utzi zuen mutikoak, eta beste 7 urteko espetxe-zigorra bete behar izan zuen emakumeak, bortxaketa egotzita. Orain, 20 urte geroago, Hollywoodeko aktore batek bere istorioari buruzko film bat egin nahi du.
Sylvia gizarte-langileak bizitza erraza eta egituratua darama: bere alaba, bere lana, bere Alkoholiko Anonimoak-eko bilerak. Errutina hori irauli egingo da Saul bere atzetik joatean institutuko bileratik etxera. Ustekabeko topaketa horrek iraganerako atea ireki eta eragin handia izango du biengan.
Nora eta Hae Sung lagun minak dira txikitatik, baina banandu egingo dira Noraren familiak Hego Koreatik Estatu Batuetara emigratzen duenean. Bi hamarkada geroago, New Yorken elkartuko dira berriro astebetez, eta maitasunari, patuari eta bizitza bat osatzen duten hautuei aurre egin beharko diete.
Hirayamak Tokioko komun publikoak garbitzen egiten du lan. Bizimodu apala gustatzen zaio, eguneroko errutina oso egituratua izatea. Musika, liburuak eta zuhaitzak maite ditu, eta argazkiak ateratzea zuhaitzei. Bere iragana berpizteko zorian dago ustekabeko zenbait topaketaren bidez. Eguneroko bizitzan edertasuna bilatzeari buruzko gogoeta hunkigarri eta poetikoa.
Frantzia, 1870. Rosalie ez da gainerako gazteak bezalakoa. Sekretu handi bat ezkutatzen du: jaio zenetik, bere gorputza eta aurpegia ilez estalita daude eta disimulatu egin behar izan du hori bazterkeriarik ez jasateko. Emakume bizarduna da, alegia. Berak ez zuen inoiz feria-atrakzio bihurtu nahi izan. Egun batean, zor gehiegi dituen kafe baten jabeak Rosalierekin ezkontzea erabakiko du, haren ezkonsariak erakarrita, baina emakumearen sekretua jakin gabe. Alabaina, Rosalie aspertuta dago ezkutatzeaz, eta emakumetzat hartua izan nahi du, desberdina izan arren. Zer pentsatuko du senarrak egia jakitean?
Uda bero eta lehorra, azken urteotako beste hainbat bezala. Baso-suteak kontrolaezinak dira. Lau gazte Itsaso Baltikoaren ondoko opor-etxe batean elkartu dira, Ahrenshoopetik gertu. Astiro eta oharkabean, sugarrek hesitu eta harrapatuta geratuko dira, baina zeru gorri bat dutela gainean, zalantza eta beldurra izango dira harrapatuko dituztenak, baina ez suteengatik: maitasuna da benetan izutzen dituena. Zoriona, lizunkeria eta askapena ez ezik, jeloskortasuna, erresuminak eta tentsioak ere bai. Sinbolismoaren eta errealismoaren artean etendako filma, oso dibertigarria eta zeharo tragikoa.
40ko hamarkadako Australian, 9 urteko haur aborigen umezurtz bat moja apostata batek zuzendutako monasterio urrun batera iritsiko da gau betean. Haur berriaren presentziak munduaren oreka delikatua asaldatuko du borroka espiritualari eta bizirik irautearen kostuari buruzko istorio honetan.