Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 71. Edizioa 2023  > Filmen izen-ematea > Araudia > Horizontes Latinos saila. Araudia
Horizontes Latinos saila. Araudia
71. edizioa - 2023

Donostia Zinemaldiaren egoitza nagusia honakoa da:

DONOSTIA ZINEMALDIA
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen Plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
ssiff@sansebastianfestival.com

Webgune Ofizialak, www.sansebastianfestival.com, informazio xehatua eskaintzen du, eta Zinemaldiarekin eta bertako sailekin harremanetan jartzeko datuak ere biltzen ditu.

DONOSTIAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA, SA elkartea Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuaren Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioak osatzen dute zati berdinetan, eta Donostiako alkate du presidente. Donostia Zinemaldiko antolakuntzaren burua jaialdiaren zuzendari José Luis Rebordinos da.

Donostia Zinemaldia Film Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF, www.fiapf.org) onartuta dago, «espezializatu gabeko lehiazko zinema-jaialdien» kategorian.

1. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiak ekarpen positiboa egin nahi dio kulturari eta zinema-industriari.

2. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa Donostian egingo da, 2023ko irailaren 22tik 30era bitartean.

3. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan aurkeztuko dituzten film guztiak hautaketa batzordeak aukeratuko ditu. Batzorde horretako buru zuzendaritza izango da, eta zinemaren munduan eta zinema-jaialdietan adituak diren profesionalez osatutako nazioarteko ordezkarien sare baten laguntza izango du.

4. ARTIKULUA

71. edizioan hautatutako film guztiei partaidetza ziurtagiria emango die Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak.

5. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos Sailak Espainian estreinatu ez diren urteko Latinoamerikako film luze interesgarrienen aukeraketa biltzen du.

Horizontes Latinos saileko film guztiak izango dira Horizontes saria irabazteko hautagai.

Horizontes saria irabazten duen filmaren zuzendariak eta Espainiako banatzaileak 35.000 € jasoko dituzte (bien artean banatzeko).

6. ARTIKULUA

Donostia Zinemaldiak ematen duen Horizontes sariaren helburua osorik edo partzialki Latinoamerikan ekoitzitako film luzeak errekonozitzea da, baita jatorriz latinoak diren zuzendarien filmak edota munduko komunitate latinoak gaitzat dituztenak saritzea ere.

7. ARTIKULUA

Horizontes sariaren irabazleak 35.000 € jasoko ditu; horietatik 10.000 € film irabazlearen zuzendariarentzat izango dira, eta 25.000 € filma Espainian banatuko duen enpresarentzat.

Filmak aretoetan banatzaile espainiarrik ez badu, sari osoa zuzendariari emango zaio.

Espainako banatzaile bat dagoela jakinarazteko epea hilabetekoa da, edizio amaitu ondoren.

8. ARTIKULUA

Horizontes Latinos Sailean parte hartu ahalko dute baldintza hauek guztiak betetzen dituzten film luzeek:

  • Gutxienez 60 minutuko iraupena izatea.
  • Zinemaldia hasi aurreko hamabi hilabeteetan amaitutakoa izatea.
  • Espainiako beste zinema-jaialdi batean ez parte hartu izana, Donostia Zinemaldiko aurkezpenaren aurretik.
  • Donostia Zinemaldiko aurkezpenaren aurretik Espainian komertzialki estreinatu gabekoa eta publikoki eman gabekoa izatea.
  • Ez da onartzen Horizontes Latinos sailean parte hartuko duten filmak Espainian VOD plataformetan sartzea, erabilera profesionalerako bakarrik eta sarbide mugatukoak direnak salbuetsita.
  • Horizontes Latinos Sailerako filmak honako euskarrian aurkeztu beharko dira nahitaez: DCP.

Zinemaldiko sail teknikoak DKDM sortzeko zerbitzariaren ziurtagiria bidaliko die filmaren ekoizleei edo ordezkariei. Enkriptatze-mota hori bakarrik onartuko da, eta filmarekin batera bidali beharko da, Zinemalditik kalitate-kontroletarako, proba teknikoetarako eta proiekzioetarako beharrezko giltzak sortu ahal izateko.

9. ARTIKULUA

Zinemaldiak aukeratutako film guztiak jatorrizko bertsioan aurkeztuko dira.

  • Gaztelaniazko azpitituluekin, jatorrizko bertsioa ez bada gaztelaniaz.
  • Ingelesezko azpitituluekin, jatorrizko bertsioa gaztelaniaz edo/eta euskaraz bada.

Filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz bada, Zinemaldiak bere kargura jarriko ditu azpititulu elektroniko osagarriak, gaztelaniazkoez gain.

Ale horren azpitituluak filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango dira.

Zinemaldiak bere kargura egingo du ingelesezkoaren osagarri izango den azpititulazio elektronikoa, gaztelaniaz azpititulatuta dauden eta jatorrizko bertsioa ingelesezkoa ez den filmentzat. Horretarako, ingelesezko azpitituluak dituen filmaren behin betiko jatorrizko bertsioaren DVD bat eta ingelesezko azpitituluen zerrenda eman beharko zaizkio; online eta deskargatu daitekeena (Zinemaldiaren barne erabilerarako eta dokumentu konfidentziala izango dena).

Azpititulu elektronikoak Zinemaldiaren zerbitzura lan egiten duen enpresak jarriko ditu.

10. ARTIKULUA

Zinemaldiaren Horizontes Latinos Sailean parte hartzeak honako hau dakar berekin:

  • Araudi hau onartzea.
  • Filmen sareko izen-emate formularioa behar bezala beteta izatea. Formularioa honako web orri honetan dago: www.sansebastianfestival.com.
    Espainian produzitu edo koproduzitu diren filmen ekoizleek edo ordezkariek zuzenean jarri beharko dute harremanetan filmen sailarekin, films@sansebastianfestival.com helbidean, sareko formularioaren bitartez izena eman aurretik.
  • Izen emandako film luze bakoitzaren tasa ordaindu izana.
    1. film laburra edo ertaina (gehienez 59') 70 € (% 21eko BEZa barne)
    2. film luzea (gutxienez 60') 100 € (% 21eko BEZa barne)
    3. DCP euskarri fisikoan (2,5eko disko gogorra, CRU edo antzekoak) 150 € (% 21eko BEZa barne)
    4. DCP bidalketa digitalarekin (Media Media Shuttle edo antzekoak) 200 € (% 21eko BEZa barne), iraupena edozein dela ere. Aukera hori aukeratuz gero, Zinemaldiak Signiant Media Shuttle-ren kontua eskuratuko du aparteko kosturik gabe filmaren igoerarako.

Tasa hori eurotan ordaindu beharko da izena emateko unean, kreditu txartel bidez (Visa, American Express, Mastercard) edota paypal bidez.

11. ARTIKULUA

Zinemaldiaren zuzendariak filma ofizialki gonbidatu ondoren, hautatutako filmaren ekoizleek edo ordezkariek izen-emateko formularioa berretsi beharko dute eta, behar bezala beteta, Zinemaldiaren aurretik bidali, gehienez, 2023ko abuztuaren 1a baino lehen.

Zinemaldiak baieztapen horren sinatzailea hartuko du solaskide bakartzat, filmak Zinemaldian parte-hartzearekin lotutako alderdi guztiak negoziatzeko, baita arduradun bakartzat ere, filmaren ekoizpenean parte hartu duten beste enpresen edo pertsonen gainetik.

Filmaren ekoizleek edo ordezkariek eginiko baieztapenak berekin dakar Zinemaldiko zuzendaritzak exijituriko arau guztiak onartzea, eta horren arabera, ezingo dute, inola ere, gonbidaturiko filma Zinemaldiaren programaziotik kendu.

12. ARTIKULUA

Zinemaldiak hautatutako filmei egindako gonbidapena konfidentziala izango da, eta ekoizleek edo ordezkariek isilpean gorde beharko dute, Donostia Zinemaldiak ofizialki azaltzen duen arte.

Donostia Zinemaldiaren programazio orokorraz eta emanaldien ordutegiez zuzendaritza batzordea soilik arduratuko da.

13. ARTIKULUA

Prentsa buletinak, Zinemaldiko katalogoa eta webgune ofiziala dokumentatzeko beharrezko materiala (sinopsia, fitxa tekniko-artistikoa, zuzendari(ar)en biofilmografia eta argazkia, filmaren argazkia eta trailerra) izena emateko sareko formulariotik hartuko da. Horretarako, formularioa behar bezala beteta egon beharko da, 2023ko abuztuaren 1a baino lehen.

Filmaren ekoizleek edo ordezkariek Zinemaldiko sailek eskatzen dieten hautatutako filmen sustapen-materiala bidali beharko dute unean-unean.

14. ARTIKULUA

Gonbidatutako filmen ekoizleek edo ordezkariek Zinemaldian emango dituzten filmen aleak jaialdia hasi baino 15 egun lehenago bidali beharko dizkiote filmen sailari, Zinemaldiaren egoitza nagusira:

DONOSTIA ZINEMALDIA
Filmen Saila
TABAKALERA - Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa
Emakume Zigarrogileen plaza, 1, 2. solairua
20012 Donostia
Tel.: +34 943 481212
films@sansebastianfestival.com

Filmen ekoizleek edo ordezkariek erabakiko dute gehienez zenbat ale bidali Zinemaldiari.

Zinemaldiko zuzendaritzak eskubidea izango du filmen aleak ukatzeko, baldin eta sail teknikoak, egiaztatu ondoren, proiektatzeko desegokitzat jotzen baditu. Zinemaldiko zuzendaritzak txosten teknikoa bidaliko die filmen titularrei edo ordezkariei kopietan arazoak aurkitzen baditu.

15. ARTIKULUA

Hautatutako filmen aleen garraio-gastuak eta asegurua partaidearen kargura izango dira, harik eta Zinemaldiaren egoitza nagusira edo haren aduanako agentearengana iristen diren arte.

Bestalde, Donostia Zinemaldiaren antolakuntza arduratuko da filmen aseguruaz, haiek egoitza nagusira edo haren aduanako agenteari heltzen zaizkionetik itzultzen dituen arte.

KDMak egitearen kostua filmaren ekoizleen edo ordezkarien kargura izango da.

Zinemaldiak hautaturiko filmen itzulketa parte-hartzaileak ordainduko du, eta ez da klausuraren aurretik egingo.

Zinemaldian zehar filma hondatuko balitz, horren erantzukizunak ez du gaindituko ale berri bat prestatzearen kostua, ale estandarrak inprimatzeko laborategien indarreko tarifen arabera.

16. ARTIKULUA

Horizontes Saria Donostia Zinemaldiak hori erabakitzeko berariaz osatutako eta aukeratutako Epaimahai batek erabakiko du.

Horizontes Sariaren Epaimahaiak ondoko baldintza hauek beteko ditu:

  • Gutxienez, zinemaren eta kulturaren alorreko hiru profesionalek osatutakoa izatea.
  • Ezingo dira Horizontes Sariaren epaimahaiko kide izan Horizontes Latinos saileko lehiaketara aurkeztutako filmen ekoizpenean edota ustiapenean interesak dituzten pertsonak.

17. ARTIKULUA

Horizontes Saria ezingo da eman gabe utzi, ezta film bati baino gehiagori eman ere.

18. ARTIKULUA

Horizontes Saria Zinemaldiaren amaierako galan jakinarazi eta banatuko da.

Amaierako gala horretan, gainera, Horizontes Sariaren Epaimahaikoak ez diren gainerako sailetako epaimahaien sariak ere emango dira.

19. ARTIKULUA

Horizontes Sariari dagokion diru-kopurua film hori Espainian banatuko duen enpresarentzat izango da, eta film irabazlea gutxienez Espainiako bi udalerritako zinema-areto komertzial batean estreinatu dela egiaztatzen den unean emango zaio. Filma estreinatzeko urtebeteko epea izango du enpresak, Zinemaldia amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

20. ARTIKULUA

Sari bat jaso duten filmen ekoizleek film horiei buruzko publizitate eta prentsarako material denetan saria aipatzeko, epaimahaiak erabakian idatzitakoa hitzez hitz errespetatzeko eta Zinemaldiaren logotipoa erabiltzeko konpromisoa hartzen dute. Logotipoa eskuragarri egongo da hainbat hizkuntzatan Zinemaldiaren webgune ofizialean: www.sansebastianfestival.com.

21. ARTIKULUA

Zinemaldiaren Industria Saila arduratuko da berariaz akreditazioa duten zinemako industriaren profesionalez. Adierazitako saila koordinatzeaz arduratzen den profesional-taldeak akreditaziodun horien eskura jarriko ditu haien lana errazteko bitarteko guztiak. Eskainitako zerbitzuen artean, filmak bideotekan ikusteko aukera izango dute, ekoizleek horretarako baimen idatzia eman duten kasuetan.

22. ARTIKULUA

Ezusteko arazorik gertatzen bada (antolakuntzan edo funtzionamenduan) edo arau hauek behar bezala betetzen ez badira, Zinemaldiaren zuzendaritzak subiranotasuna izango du, baita azken erabakia hartzeko ahalmena ere, nazioarteko zinema ekitaldiei dagokienez FIAPFek ezarritako arauei jarraiki.

Arauon interpretazioari buruzko desadostasunik egongo balitz, gaztelaniazko testua aplikatuko da.

Araudi hau interpretatzeko orduan sor litezkeen zalantzak Donostia Zinemaldiaren zuzendaritzak ebatziko ditu.

 

FAQ - Filmen izen-ematea

Orokorra

Zinemaldiaren datak

Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa 2023ko irailaren 22tik 30era bitartean izango da.


Izena emateko datak
  • Orokorra 2023/01/16 - 2023/06/19
  • Culinary Zinema 2023/01/16 - 2023/06/19
  • Nest 2023/06/01 - 2023/07/03
  • WIP Latam 2023/06/01 - 2023/07/03
  • WIP Europa 2023/06/01 - 2023/07/03
  • Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2023/04/14 - 2023/06/15
  • Zinemaldia Startup Challenge 2023/04/17 - 2023/06/01
  • Ikusmira Berriak: 2023/07/01 - 2023/09/01

Dokumental bat inskriba dezaket?
Zinemaldiak ez du bereizketarik egiten fikzioaren eta ez-fikzioaren artean; bi aukera horietako lanak aurkez daitezke sail guztietan.

Film labur edo ertain bat inskriba dezaket?

Zabaltegi – Tabakalera sailean bakarrik inskriba daitezke.

  • Film luzeak 60’-tik aurrera
  • Film ertainak 30’ eta 59’ bitartean
  • Film laburrak 30’-ra arte

Horrez gain, zure eskolan egindako film labur bat baduzu, Nest-en parte har dezakezu.


Garapen fasean dagoen proiektu bat inskribatu dezaket?
Garapen fasean dagoen proiektu bat baduzu Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Ikusmira Berriak programan inskribatu dezakezu, araudia bete izanez gero.

Film bat edo film labur bat inskriba dezaket sail batean baino gehiagotan?
Goian azaldutako sail zehatz batzuez, film laburrez eta ertainez gain, gainerako filmak Zinemaldiko edozein sailetan inskribatzen dira, eta gero zuzendaritza-batzordeak erabakiko du zein sailetan aurkeztuko diren.

Aurretiko hautaketa

Zer formatu onartzen dituzue lehen hautaketan?
  • Link/Screener, pasahitzarekin
  • DVD
  • BluRay
  • DCP

Azpitituluekin aurkeztu behar dira?
Jatorrizko bertsioan gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez dauden filmek ez dute azpititulurik behar. Gainerakoek bai.

Work in progress bat bidal dezaket?
Bai.

Trailer bat bidal dezaket?
Ez. Ez dugu trailerrik onartzen lehen hautaketarako.

Zeintzuk dira estreinaldi motak?
  • Munduko estreinaldia
    Filma ez da jendaurrean erakutsi inoiz.
  • Nazioarteko estreinaldia
    Filma zinema-aretoetan estreinatu da edo zinema-jaialdi batean aurkeztu da jatorrizko herrialdean, baina ez beste inon.
  • Europako estreinaldia
    Filma Europatik kanpoko zinema-aretoetan erakutsi edo estreinatu da, baina ez da inoiz aurkeztu Europako herrialde batean.
  • Espainiako estreinaldia
    Filma ez da jendaurrean erakutsi Espainian.
  • Jada estreinatuta
    Filma zinema-aretoetan aurkeztu eta/edo erakutsi da, Espainian barne. Kasu horretan, Made in Spain edo Zinemira Panorama sailetan baino ezin izango da sartu.

Parte har al dezaket nire filmarekin DVDn edo BluRayn estreinatu bada?
Made in Spain eta Zinemira Panorama sailetan bakarrik (eta azken horretan euskal produkzio bat bada bakarrik).

Parte har al dezaket nire filmarekin VOD formatuan estreinatu bada?
Filmak Zinemaldiko Sailetan parte hartu ahal izango du, horietako bakoitzak estreinaldiaren alorrean dituen irizpideen arabera.

Izen-emate kuota

Zein da izena ematearen kostua?

Zinemaldiaren lehen hautaketarako izena emandako film bakoitzeko tasak hauek dira:

  • film laburra edo ertaina (gehienez 59') 70 € (% 21eko BEZa barne)
  • film luzea (gutxienez 60') 100 € (% 21eko BEZa barne)
  • DCP euskarri fisikoan (2,5eko disko gogorra, CRU edo antzekoak) 150 € (% 21eko BEZa barne)
  • DCP bidalketa digitalarekin (Aspera, Media Shuttle edo antzekoak) 200 € (% 21eko BEZa barne), iraupena edozein dela ere.

Tasa hori eurotan ordaindu beharko da izena emateko unean, kreditu txartel bidez (Visa, American Express, Mastercard) edo PayPal.

WIP Latam, WIP Europa eta NEST inskripcioak doainik dira.

Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan edo Ikusmira Berriak programarako proiektuen inskripzioak doainik dira.


Dirua itzuliko didazue nire filma hautatzen ez baduzue?
Ez.

Nola ordain dezaket kreditu-txartelik / PayPalik ez badut?

Kreditu-txartelik ez baduzu bankuko transferentzia bidez ordain dezakezu. Horrela bada, jar zaitez harremanetan gurekin films@sansebastianfestival.com helbidera idatzita ordainketa koordinatzeko.


Ikaslea naiz, deskonturen bat al dut?

Ez, ez dago deskonturik izena emateko kuotan ikaslea izateagatik. Alabaina, zure eskolan egindako film labur bat baduzu, doan inskriba dezakezu Nest.


Komunikazioa

Nola jakinarazten da filma hautatua izan dela?

Filmen inguruko informazioa lehen hautaketaren prozesu guztian zehar ematen da. Hautatu ez diren filmen arduradunei jakinaraziko zaie erabakia posta elektronikoz.


Feedbacka jaso dezaket?
Ez. Zinemaldiak 2.500 film baino gehiago jasotzen ditu urtean eta ez ditu erabakiak hartzeko arrazoiak azaltzen.

Hautaketa

Noiz jakinaraziko da publikoki filma hautatua izan dela?
Filmen berri emateko egutegia komunikazio-sailak ezartzen du, eta izen-ematea egin duen pertsonari jakinaraziko dio aldez aurretik.

Zein da DCPa bidaltzeko azken eguna?

Behin betiko DCPa jasotzeko azken eguna 2022ko irailaren 1a da.


Formularioan hasiera batean eman nuen informazioa zuzendu nahi dut, nola egin dezaket?

Daturen bat zuzendu nahi izanez gero, jarri harremanetan gurekin films@sansebastianfestival.com helbidera idatzita, aldatu nahi duzuna zer den adieraziz.



© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones