Ikertalde aholkularitza taldeak egindako txostenetik ondorioztatzen denez –2012ko edizioari buruzko aurreko azterketa ere talde berak egin zuen–, Donostia Zinemaldiak 47,9 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu zuen iazko 72. edizioan.
Zinemazaleen, prentsa espezializatuaren eta sektoreko industriaren elkargune izateaz gain, Donostia Zinemaldia hitzordu kultural hutsetik harago doan gertakari bezala ere egonkortu da, eta, hala, hiriarentzat eta hartzen duen lurralde osoarentzat motor ekonomiko garrantzitsua ere bada egun, inpaktu onuragarria duena enpleguaren sorkuntzan zein hiriaren ospea eta zabalkundea bultzatzeko orduan.
Horrela erakusten du sortutako 47,9 milioi euroko inpaktu ekonomiko totala hiru zatitan banatzen duen azterketak. Horietako batek, 18,3 milioi euroan zenbatesten du jaialdiaren antolakuntzari esleitutako inpaktu ekonomiko zuzena. Kopuru horretan, bai zerbitzuen eta pertsonen kontratazioa (12 milioi euro), bai Zinemaldia aurrera eramateko jarduerekin lotutako pertsonek Euskadin egindako egonaldien eta kontsumoen ondoriozko ekarpena (6,3 milioi euro) sartzen dira.
Bestalde, zeharkako inpaktu ekonomikoa ere badago, 14 milioi euroan kuantifikatu dena eta ikus-entzuleen mobilizazioari dagokiona; hau da, sarreren erosketan bildutako dirua eta jaialdira gerturatzen diren ikus-entzuleek egindako erosketak eta kontsumoak. Kopuru horretatik zatirik handiena Zinemaldira Donostiatik kanpo etortzen diren eta hirian edo inguruan ostatu hartzen duten bisitariei dagokie (10,7 milioi euro), eta, gainontzekoa, berriz, donostiarrei (ia 2 milioi euro) eta ostatu hartzen ez duten bisitariei (milioi bat euro).
Azkenik, eragindako inpaktua ere badago, ia 16 milioi euroan zenbatetsi dena. Kopuru horretan ekonomiaren balio-kate osoko salerosketa-gastuak eta mobilizazioak sartzen dira.
Bestalde, txostenak kulturan egindako inbertsio publikoak dituen ondorio onuragarriak ere aztertzen ditu, izan ere, Zinemaldiak 8,4 milioi euroko itzulkin ekonomikoa eragin zion administrazioari zergetan eta bestelako diru-sarreretan.
Enpleguari dagokionez, Donostiako Zinemaldiak urte osoko 40 langile ditu plantillan, eta, horrez gain, 2024an, 320 kontratu egin ziren jaialdia aurrera eramateko behar espezifikoei erantzuteko –horietako % 80 irailean–.
Donostia Zinemaldia zerbaitek bereizten baldin badu nazioarteko beste jaialdi batzuetatik, hartzen duen hirian irmo sustraitutako zinema-jaialdia dela da. Horren erakusle, 2024ko edizioan 172.301 ikus-entzule egon ziren proiekzioetan, horietatik 123.211 (% 71,5) herritar arruntak.
Zinemaldian zehar ikus-entzuleek sortutako gastua kalkulatzeko, azterketak funtsezko unitate bat definitzen du: zinema-jardunaldi aktiboa. Zehazki, herritar batek Zinemaldian gutxienez pelikula bat ikusiz zenbat egunez parte hartu duen zehazten du zinema-jardunaldi aktiboak; hau da, herritar bakoitzak ikus-entzule izan den bezainbeste zinema-jardunaldi aktibo sortzen ditu, egun bakoitzean zenbat pelikula ikusi dituen gorabehera. Bada, herritar arruntek sarrerak erosteko orduan izandako jokabidearen azterketatik ondorioztatu daitekeenez, ikus-entzule arruntek 1,3 film ikusi zituzten Zinemaldian zehar, hau da, gastu-sorkuntzako 95.966 jardunaldi aktibo izan ziren. Horietatik gutxi gorabehera erdiak, 46.064 zehazki (% 48), Donostia bertako ikus-entzuleei dagozkie, 15.462 (% 16) ostaturik hartu ez zuten bisitariei eta 34.440 (% 36) hirian edo inguruetan ostatu hartu zuten bisitariei.
Txostenak Zinemaldiak Donostiari ematen dion ospeari eta posizionamenduari buruzko datu argigarriak ere ematen ditu, bai hiria kalitatezko kulturarekin hertsiki lotuta dagoela helarazten duelako, bai jaialdia etengabe agertzen delako Estatuko eta nazioarteko era guztietako komunikabideetan. Ildo horretan, iaz jaialdiari buruzko 162.000 albiste baino gehiago zabaldu ziren, hau da, albisteok ikusteko ia 144.000 milioi aukera; lortutako kontrabalio publizitarioa, berriz, 1.900 milioi eurokoa izan zen.