Bihar, uztailak 1, hasiko da ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak egonaldi-programaren hamabigarren deialdia. Programa Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute.
Euskal Herriko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zinemagileek ez ezik, Nest sailean parte hartu dutenek eta EQZEko ikasleek ere irailaren 1era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak. Izen-ematea online egin beharko da eta urtarrilean jakingo da kategoria bakoitzean zer lan hautatu diren.
Egonaldiko zortzi asteak bi alditan banatzen dira. Alde batetik, 2026ko martxotik apirilera bitarteko sei asteetan, zinemagileek beren proiektuak abian jarri ahal izango dituzte Donostiako Tabakalera Zentroan. Hor, zinemagile bakoitzak batzorde adituaren aholkularitza jasoko du, baita diziplina anitzeko ikuspegi profesionaletik emandako tutoretzak ere. Proiektu bakoitzaren premia espezifikoen arabera, banakako saioak eta taldekoak emango dira; horretaz gain, EQZEko ikasketa-programa ere eskuragarri izango dute hautatuek. Bestalde, Zinemaldia egiten den bitartean, zuzendariak irailean bi astez itzuliko dira Donostiara, dagoeneko garatuago izango duten proiektua zinemaren industriako ordezkariei erakusteko.
Maiatzetik irailera bitarte, beren proiektuan lanean jarraitzen duten bitartean, zinemagile bakoitzak profesional batzuen tutoretza jasoko du online, eta ekainean laguntza ekonomiko bat emango zaie, egonaldiaren bi zatien artean lanean jarraitzeko aukera izan dezaten.
Nazioarteko finkapena eta argitalpen berezia
Programaren lehen edizioa 2015ean izan zen, eta urte horretatik hasita, ikus-entzunezko 56 proiektu gauzatzen lagundu du; horietatik 24 nazioarteko zinema-jaialdietan estreinatu eta aurkeztu dira, 17 saridun izan dira eta gainerako proiektuak garapen-fasean daude edo estreinatzeke. Azken egoera horretan daude, adibidez, zinemagile hauen filmak: Gabriel Azorín (Tebas konkistatu nuen bart), Ana Cristina Barragán (La hiedra), Jaume Claret Muxart (Estrany riu) eta Irati Gorostidi (Anekumen).
Azken urteetan, Ikusmira Berriak programak nazioartean finkatzea lortu du, eta programa horretako proiektuek mundu osoko zinema-jaialdi askotan parte hartu dute. Joan den maiatzean, Diego Céspedesek Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard saileko film onenaren saria irabazi zuen Flamenkoaren begirada misteriotsua / The Mysterious Gaze of the Flamingo filmarekin. Gainera, programako zenbait proiektu aukeratu dituzte zinema-jaialdi ugaritan: Quinzaine des Cinéastas (El agua / The Water, Elena López Riera; Creatura, Elena Martín), Sundance eta Donostia Zinemaldia (All Dirt Roads Taste of Salt, Raven Jackson) eta Donostia Zinemaldia (O Corno / The Rye Horne, Jaione Camborda, Urrezko Maskorra 2023an). Iaz, Nele Wohlatz-en Dormir de olhos abertos / Sleep With Their Eyes Open aukeratu zuten Berlinaleko Encounters sailean, eta Fipresci saria eman zioten. Gainera, Zabaltegi-Tabakaleraren epaimahaiak aipamen berezia eman zion Jessica Sarah Rinland-en Bakarrizketa kolektiboa / Collective Monologue lanari.
Azkenik, 2024an, Ikusmira Berriak programaren hamargarren urteurrena zela eta, programak proposamen batzuk antolatu zituen. Alde batetik, Ikusmira Berriak programaren webgunearen bidez, film-egunkariaren 14 atal hedatu ziren urtean zehar. Film-egunkari horretan, egonaldietan parte hartu zuten zinemagileek beren esperientzia kontatzen zuten. Bestetik, programarekin lotutako ahots, irudi eta hausnarketak bilduko dituen liburu monografiko bat argitaratzeko lanak asko aurreratu ziren. Liburu hori datorren irailean argitaratuko da Zinemaldiaren esparruan, eta beren filmak egonaldian irudikatzen hasi ziren zinemagileen begiradaren bidez sortuko da; era berean, Ikusmira Berriak programaren historia osatzen duten izenek eta hainbat eremutako profesionalek parte hartuko dute liburu horretan.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: IRAILAK 1