Ehun bat lanek hartuko dute parte gizarte-gaiei buruzko film laburren lehiaketaren –Donostia Zinemaldiak eta SELAE Sociedad Estatal Loterías y Apuestas del Estado sozietateak antolatutakoaren– bigarren edizioan; aurten 10.000 eta 5.000 euroko sari bana entregatuko zaizkie irabazleari eta bigarren sailkatuari, hurrenez hurren.
Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek eta Loterías erakundeko presidente Jesús Huertak prentsaurreko bat eman dute gaur Euskadiko Filmategiaren instalazioetan, non Zinemaldiaren Artxiboaren materialak zaintzen baitira; Loterías erakundeak babestu zuen Zinemaldiaren Artxiboaren abiaraztea. Tabakaleraren (Donostia) etxabeko instalazioetako bisitaldi gidatua artxiboaren arduradun Irati Crespok zuzendu du.
Bisitaldiaren ondoren, jakinarazi dute lehiaketak ehun bat inskripzio izan dituela, lehen edizioren antzera. Ekainaren 17an amaitu zen film laburrak aurkezteko epea mezu positibo eta itxaropentsuak –aberastasun-birbanaketa, desparekotasun-ezabapena eta gizarte-justizia sustatu behar dituztenak– zabaltzeko ikus-entzunezko bitartekoak erabiltzeko jomuga duen deialdi honetan.
Aurkeztutako filmek gutxienez % 51eko ekoizpen espainiarra izan behar dute, gehienez ere 10 minutu iraun behar dute eta gai sozialak jorratu behar dituzte, hala nola hauek: adinekoen ongizatea, horien bakardadearen aurkako borroka eta horien bizi-kalitatea hobetzea; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak babestea; kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei laguntzea; eta minbizidun pazienteei laguntzea.
Inskribatutako film laburretako (100 bat) dozena-erdik osatuko dute Loterías Film Laburrak saila, eta Zinemaldiaren 73. edizioan (2025eko irailaren 19tik 27ra) egingo den saio batean emango dira. Geroago, ikus-entzunezkoen sektoreko edo sektore sozialeko hiru ordezkariz osatutako epaimahai batek hautatuko ditu Loterías sariaren bi lan irabazleak.
“Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin eta seguru gaude Loterías saria finkatuz joango dela urtetik urtera”, adierazi du itxaropentsu José Luis Rebordinosek. Zinemaldiaren zuzendariak azaldu du aurkeztutako film labur gehienak Espainiatik datozela, baina nola Europako beste herrialde batzuetako hala Latinoamerikako koprodukzioak ere badaudela. “Obra batzuk zinemagile hasiberriek inskribatuak badira ere, izen itzaltsuak ere badaude; nolanahi ere, iazko film laburren kasuak bezalaxe, kalitate handikoak dira denak, eta horren adibide gisa, 2024ko bigarren Loterías sariaren irabazleak –Cafunè lanak–, animazio onenaren Goya saria irabazi zuen geroago”, erantsi du Rebordinosek.
Bestalde, Loterías erakundearen presidente Jesús Huertak nabarmendu duenez, “zifra on horiek agerian uzten dute zein garrantzitsua den gure gizartean existitzen diren kausa sozialak ikusaraztea”. “Loterías, enpresa publikoa den aldetik, lerrokatuta dago Zinemaldiak gizartea hobetzeko bere gain hartuta dituen balioekin, eta sari hauek beste urrats bat dira aukera-berdintasunean eta justizia sozialean aurrera egiteko etengabeko ataza horretan”, azaldu du Jesús Huertak. Azkenik, Loterías erakundearen presidenteak eskerrak eman dizkie nola Zinemaldiari hala haren parte-hartzaileei, “kulturak dinamizatu egiten duelako gizarte-aurrerabidea, pertsonek irizpide propioa izan dezaten lortzeko behar den eztabaida sortzeaz gainera”.
2019tik 2022ra Zinemaldia 70: historia posible guztiak garatu zen, Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) Euskadiko Filmategiarekin, Medialab Tabakalerarekin eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan sustatutako proiektua, hain justu ere. Loterías y Apuestas del Estado erakundeak proiektu hori babestu zuen, eta horren maila gorena Artxiboa izan zen, Zinemaldiaren artxibo historikoaren dokumentu digitalizatuak, 4.100 baino gehiago (gutunak, argazkiak, kartelak, egunkariak, etab.), haren webgunean (artxiboa.sansebastianfestival.com) kontsultatu daitezkeenak.
Horrez gain, webguneak 35.000 deskribapen-fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du. Fitxa horietan deskribatutako materialak in situ kontsultatu ahalko dira, irakaskuntza- eta ikerketa-arloko profesionalek eta espezialistek hala eskatuz gero. Hain zuzen ere, egunotan artxiboan ari dira lanean Asier Aranzubia, Zigor Etxebeste eta Paula Arantzazu Ruiz, Donostia Zinemaldiaren eta EQZE Elías Querejeta Zine Eskolaren José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioan hautatutako hiru pertsonak, preseski. Egingo dituzten lanetan, hurrenez hurren, honako hiru gai hauek aztertuko dituzte ikertzaileek: zinema-jaialdiek kanon filmikoa sortzeko orduan duten eragina, arreta berezia jarriz El espíritu de la colmena (1973) lanean; Hollywoodeko zinemagile klasikoek Zinemaldira egindako bisitak eta Donostian euren lanen gainean egindako atzerabegirakoak, zehazki Miguel de Echarri jaialdiko zuzendaria izan zen garaian 1967tik 1977ra; eta Donostian 1965etik aurrera egindako Zinema eta telebista hezigarri, zientifiko eta kulturalaren Nazioarteko Jardunaldiek zine zientifiko-medikoaren garapenean izandako garrantzia.
Gaur goizean egindako bisitaldian, Artxiboaren arduradun Irati Crespok erakutsi egin ditu Euskadiko Filmategiaren instalazioetan zaindutako materialetako zenbaitzuk, hala nola hauek: Luis Buñuelek 1960an erbestetik erantzun gisa igorritako gutuna, Buñuel Carlos Saurarekin berriz elkartu zeneko argazkiak (1977), Zinemaldiaren Sail Ofizialean parte hartu zuen emakumezko lehen zinemagile Yuliya Solntseva sobietarraren irudiak, eta Rafael Ruiz Balerdi margolariak eta Iván Zulueta zinemagileak 1977ko eta 1978ko edizioetarako hurrenez hurren diseinatutako kartelak. Material horiek Zinemaldiaren iraganari buruzko kontaketa eskaintzen dute, haren oraina ulertzeko eta etorkizunari aurre egiteko beharrezkoa.