Somewhere Between Sleep –Jonas Bakena–, Sieben Tage Februar / February, Seven Days –Tatjana Moutchnikena–, Lovers Sleep Alone (behin-behineko izena) –Massih Parsaeirena– eta Veha –Elif Sözenena– dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Industriako jardueren esparruan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko diren film luzeak, postprodukzio-fasean daudenak. Hiru lehen eta bigarren film bat izango dira WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazteko hautagaiak.
Eskozian formakuntza jaso duen Jonas Bak zuzendari alemaniarrak bere bigarren film luzea aurkeztuko du, Somewhere Between Sleep, bi emakumek Oihan Beltzeko herri batean izandako ustekabeko topaketaren ondorioak kontatzen dizkiguna. Baken lehen lana, Wood and Water (2021), Berlinalen estreinatu eta Kompass Perspektive Sariaren aipamen berezia jaso zuen.
Sieben Tage Februar da orain arte film laburrak zuzendu dituen Tatjana Moutchnik zinemagile germanoukrainarraren lehen film luzea, eta errusiarrek bere herrialdean gauzatutako inbasioa baliatzen du, testuinguru gisa, Stuttgarten bi anai ukrainar amaren ehorzketarako elkartzen direneko istorioa kontatzeko.
Massih Parsaei jatorri irandarreko zinemagileak Lovers Sleep Alone (behin-behineko izena) film luzea aurkeztuko du,; Berlinen lan-prekariotasuna dela-eta gaizki bizi den gazte iraniar erbesteratu bati buruzkoa da, eta gizon batekin baino ez du harremana (zehazki, sexu esporadikoa), harik eta egun batean Teherango lehengusina bisitatzera etortzen zaion arte.
Veha ekoizpen turkiarrak osatuko du hautaketa, Elif Sölzen gidoigile eta zuzendari turkiarraren lehen filmak, hain justu. Filmean, protagonista bere semearekin joango da Alemaniatik Turkiako bere jaioterrira, zehazki, aitaren hiletara, baina bat-batean desagertu eta semea han utziko du.
Aurten, bere garaian WIP Europan izan ziren film hauek lehiatuko dira: New Directors sailean, Aldığımız Nefes / As We Breathe, Seyhmus Altunena, 2024an lehiatua WIP Europan Memento non mori izenez; eta Zabaltegi-Tabakaleran, berriz, Sarah Miro Fischerren Schwesterherz / The Good Sister, Berlinaleko Panorama sailean estreinatua eta 2024an WIP Europa Industria Sariaren eta WIP Europa Sariaren irabazlea. Halaber, María Trénorrek, Michael Fetter Nathanskyk, Arantza Santestebanek eta beste hainbat zinemagilek nola Donostia Zinemaldian hala nazioarteko beste hainbat jaialdietan estreinatu dituzte euren obrak. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.
WIP Europa Industria Saria. Honako enpresa hauek ematen dute: A Contracorriente Films, Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim producciones eta No Problem Sonido. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan, ingelesez azpititulaturiko DCP batean, eta filma Espainian banatzean datza.
WIP Europa Sariak 10.000 euro emango dizkio WIP Europa Industria Sariaren film irabazleari.
Imanek (33) aspaldi utzi zuen Iran, eta familiarekiko komunikazioa eten zuen erabat. Berlinen erbesteratuta bizi da, eta hirian zehar ibili ohi da noraezean, nola lagunarte hala bakardade bila. Bi lan ditu, adineko pertsona bat zaintzen eta kamioiak garbitzeko tunel batean, gau eta egun lanpetuta egonik. Alegiazko istorioekin betetzen du hutsunea. Andrérekin bakarrik du harremana, parkeetan noizbehinkako sexu-harremanak izanik gizonarekin. Ia ezagutzen ez duen bere lehengusina Maneliren bisita labur batek Imanen errutina hautsiko du. Kultura- eta sufrimendu-herentzia partekatua izanik, lehengusuak solasean aritzen dira eta elkarrekin joaten dira igerilekura eta basora, non soilgune batean lo geratzen diren. Hirian zehar egiten dituen ibilbide amaigabeetan, Imanek besteen bizitzaren zatiak jasotzen ditu. Gizonaren bilaketa gainerako munduarekin konektatzen hasiko da.
Alemania, 2022. Luzaroan elkarrengandik aldenduta egon ondoren, Arkadi eta Igor, bi haurride ukrainiar, amaren hiletan elkartuko dira berriz. Grishak —protagonisten aitak, patriarka autokonplaziente batek— erritu juduari jarraitu nahi dio kosta ahala kosta, baina familiako inork ez daki zehazki nola gorde shiva. Errusiarrak Ukraina inbaditzen hasten direnean, familia aztoratu eta haurrideek berriz planteatuko dute aberriarekiko harremana. Larrialdi-egoeran eguneroko bizitza deskribatzen duen filma, baita erantzukizun pertsonala ere familiari eta herriari dagokienez.
Oihan Beltzean kokaturiko bere herri alemaniar txikia uztear dago Anke; Lisari, berriz, kosta egiten zaio etxean bezala sentitzea han. Udazkeneko egun hotz eta ilun batean, elkar topatu eta noraezean ibiliko dira biak hango kaleetan. Benetako munduaren eta amatsen erreinuaren arteko mintz fineko arrailei esker, leku berrietarako bidaia bihurtuko dira ibilaldi horiek.
Aitaren bat-bateko heriotzaren berri izan ondoren, Meral bere seme Alirekin joango da Alemaniatik bere ama bizi den Turkiako herrira, denboraldi batez bertan geratzeko asmoz, eta Nilay aspaldiko laguna gonbidatuko du bisita egin diezaien. Nilay konturatuko da Meral asko aldatu dela eta orain emakume isila eta hotz dela. Ali ia hitzik egiten ez duen haur bakartia da. Meralek Nilayri deitu dio Ali bere ardurapean utzi nahi duelako. Gau batean Meral desagertu eta ez da itzuliko. Amonak, bizitza osoa patriarkatuaren zamaren azpian eman duela, aurre egin nahi ez dizkion gauzak zalantzan jarri beharko ditu. Ali bakarrik geratu da, galduta sentitzen da eta gero eta atxikimendu handiagoa dio Nilayri, zeina aurrera ateratzeko bere modu propioa bilatzen saiatzen baita.