Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Zinemagileen arteko elkarrizketak programaren bosgarren edizioa hartuko du Koldo Mitxelena Kulturunean 2026an. Programa hori Donostia Zinemaldiaren Z365 urte osoko jaialdiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean sortua da, eta zortzi topaketa izango ditu urtarriletik ekainera bitartean. Hala, zinemagintzako hogei bat profesional elkartuko ditu Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan. Aurten, gai hauek jorratuko dira: interpretazioa, Ion de Sosa eta Christina Rosenvinge eta Alauda Ruiz de Azúa eta Blanca Soroarekin; ez-fikzioaren formak, José Luis Guerin eta Isaki Lacuesta, eta Elena Molina eta Alba Floresekin; nazioarteko koprodukzioak, Carla Simón Romería filmaren zuzendariarekin eta María Zamora eta Olimpia Pont Cháfer ekoizleekin; muntaketa, Jaume Claret eta Meritxel Colell eta María Castánekin; eta literatura eta idazkera zinematografikoaren arteko lotura, Manuel Gutiérrez Aragón eta Luis López Carrascorekin.
Ikastaro honek film bat produzitu eta egiteko prozesuan ikusten ez diren alderdiak hobeto ulertzeko gakoak ematen dizkie zinemazaleei. Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimenak sorkuntza zinematografikoaren barruko historiaren berri ematen du elkarrizketa-formatu arin batean. Elkarrizketa guztien ideia nagusia da zinema lanbide kolektibo bat dela. Zinemagile bakoitzarekin batera harekin hainbat arlotan (muntaketa, interpretazioa, gidoia, ekoizpena...) lankidetzan aritu ohi den pertsona bat egongo da, edota belaunaldi bereko edo abiapuntu edo kezka formal edo tematiko berberak dituen zinemagile bat.
Urtarrilaren 15ean hasiko da denboraldia, Ion de Sosa zinegile eta argazki-zuzendariarekin eta Christina Rosenvinge konpositore, abeslari eta antzezlearekin, zeinak Balearic lanean aritu baitira elkarrekin (errealizadorearen bigarren film luzea). Locarnoko eta Sitgeseko zinema-jaialdietan aurkeztu dute lan hori.
Urtarrilaren 27an, Asier Urbietak eta Koldo Almandozek Generozko fikzioak izeneko saioan sakonduko dute, fikzioan generoa baliatzeari buruz. Urbietak Goteborgen estreinatu zuen bere lehen film luzea, Faisaien irla / Pheasant Island (Zinemira), eta Koldo Almandozek, berriz, Zeru ahoak / Mouths of Sky (Bocas de cielo) aurkeztu du, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean hautaturiko euskarazko lehen seriea.
José Luis Guerinek eta Isaki Lacuestak Ez-fikzioaren formak izango dituzte hizpide otsailaren 16an. Lehenbizikoak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Historias del buen valle / Good Valley Stories dokumentalarekin, eta bigarrenak, berriz, bitan irabazi du Urrezko Maskorra eta ibilbidearen hasiera-hasieratik landu ditu fikzioaren eta ez-fikzioaren mugak, baita Flores para Antonio (Emanaldi Bereziak) azken proposamenean ere. Azken proiektu horri dagokionez, Elena Molina zuzendarikideak eta Alba Flores protagonista, produktore eta bultzatzaileak Autobiografia eta ez-fikzioa gaia jorratuko dute ekainean (eguna zehaztu gabe).
Zikloan izango da, orobat, filmaren zuzendari eta protagonista, Urrezko Maskorra, Nazioarteko Kritikaren Saria, Espainiako Kritikaren Saria eta Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi dituena. Alauda Ruiz de Azúak eta Blanca Soroak Zinema eta interpretazioa izango dute aztergai martxoaren 5ean, oinarri gisa harturik Los domingos.
Romería, Canneseko Sail Ofizialean lehiatu zen Carla Simonen filma, nazioarteko koprodukzioaren adibide bat da, eta gai horri buruzko ekarpena egingo dute martxoaren 16an zinemagile katalanarekin batera Maria Zamora eta Olimpia Pont Cháfer ekoizleek. Saio hau 18:00etan hasiko da; zikloko gainerako elkarrizketak, berriz, 19:00etan.
Jaume Clareten Estrany Riu / Strange River lehenbiziko film luzearen muntaia zehatz eta delikatua —Venezian eta Donostian hautatua— izango da apirilaren 14an zinemagilearen eta María Castán eta Meritxell Colell muntatzaileen arteko solasaldia (Colell, gainera, zinemagilea era bada, eta Clareten egoitza-kidea Ikusmira Berriak 2022an).
Manuel Gutiérrez Aragón eta Luis López Carrasco zinemagile eta idazleek, bestalde, zinemaren eta literaturaren arteko lotura izango dute gogoetagai maiatzaren 5ean, baita bion arteko bat-etortzeak eta desberdintasunak ere. Biek ala biek, zinemagintzarako bokazioa partekatzeaz gainera, Herralde saria jaso dute La vida antes de marzo eta El desierto blanco eleberriengatik, hurrenez hurren.
Saio guztiak irekiak dira nahi duenarentzat. Alabaina, ikastaroak bere alderdi pedagogikoa azpimarratzen du, eta matrikula doan formalizatzeko aukera eskaintzen die bertaratutakoei. Matrikula horrek, egitarauan parte hartzea bermatzeaz gainera, Zinemaldiaren atzera begirakoaren argitalpena jasotzeko aukera emango du, bai eta pertsonako bi gonbidapen ere Sail Ofizialeko edo Belodromoko proiekzio batzuetarako. Orobat, sarbidea erraztuko du Elías Querejeta Zine Eskolan emandako tailerrez osatutako programazio osagarri baterako, baita Crossover jaialdiko proiekzio eta hitzaldietarako ere. Bihar (abenduak 11), goizeko 10:00etan, inskripzio-formulario bat gaituko da Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean, Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimenean matrikulatzea errazteko. 50 plaza esleituko dira izena emateko eskabideak iristen diren ordenari jarraikiz, eta gainerako lekuak, berriz, zikloko saioetarako sarrera libreetarako utziko dira.
Ekimenaren presentzialtasuna eta topaleku izateko jomuga errazteko, saioak ez dira streaming bidez emango, baina grabazioak Koldo Mitxelenaren eta Donostia Zinemaldiaren webguneetan egongo dira ikusgai denboraldiaren amaieran.