Donostia Zinemaldiak genero-identifikazioari buruz egindako zazpigarren txostenak barnean hartzen ditu Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeak ikusi dituen 3.200 eta gehiago filmak. Hala, urteko zinema-ekoizpenaren gaineko ondorio orokor zenbait atera daitezke, emakumezko zinemagileen presentzia zortzi kategoriatan aztertuta: zuzendaritza, ekoizpena, gidoigintza, argazkia, musika, muntaketa, soinua eta arte-zuzendaritza. Emakumezko profesionalak % 15 eta % 39 dira batez beste, eta arte-zuzendaritzan bakarrik dira gehiengoa. Ekoizpena (% 39), gidoia (% 33), zuzendaritza (% 32) eta muntaketa (% 31), ordena horretan, dira kategoriarik desorekatuenak.
Ikusitako filmak ekoizpen orokorrari badagozkio, hautatutakoen ardura Zinemaldiarena da. Urtean ekoitzitakoetatik programatutako 174 filmen artean, emakumezko gidoilari, zuzendari, musikagile eta muntatzaileen proportzio handiagoa dago ikusitako film guztien multzoan baino. Sailen araberako analisian, New Directors saileko orekaren aurrean (sail horretan jasotzen dira zinemagileen lehen eta bigarren filmak), Sail Ofizialean emakumezko zuzendarien beherakada erregistratu da iazko zifrekin alderatuta (% 43tik % 30era).
Emakumeen presentzia gehien areagotu den sailetako bat Made in Spain da: gidoilarien % 55, zuzendarien % 53 eta muntatzaileen % 52 emakumeak dira. Nolanahi ere, datu horiek ez dute korrelaziorik ikusi diren Espainian ekoitzitako filmen guztizkoarekin. Espainian ekoitzitako filmetan, gizonezko egileak dira gehiengoa lanbide guztietan, arte-zuzendaritzan ezin ezik. Euskal ekoizpenetan, batezbesteko orokorrarenak baino emakumezkoen parte-hartzearen zifra handiagoak daude oraindik ere, baina haien ordezkaritzak behera egin du 2025ean lanbide guztietan, ekoizpenean eta muntaketan izan ezik.
Txosten hau egiten denetik lehen aldiz atzerabegirakoaren protagonista emakume bat izan da; Lillian Hellman gidoilaria, hain zuzen ere. Aldiz, Klasikoak sailean (zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak jasotzen ditu), ez da izan emakumezko zuzendari, ekoizle, argazki-zuzendari, soinu-teknikari edo arte-zuzendari bakar bat ere.
Orainaldi eta etorkizun hurbilean, nolanahi ere, zinema-industrian genero-ikuspegiaren aldetik izango den belaunaldi-aldaketak eta Zinemaldiak ibilbidearen hasieran parekotasuna babesteko hartutako erabakiak Zinemaldiaren proiektuen programen zifrei lagunduko diete. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, hautatutako hamabost proiektuetan, ekoizleen % 52, zuzendarien % 46 eta gidoilarien % 45 emakumeak dira. Ikusmira Berriaken egonaldietan, gidoilarien % 57 eta zuzendarien eta ekoizleen % 50 emakumeak dira. Azkenik, Nest sailean —mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak biltzen ditu—, emakumeak gehiengoa dira; izan ere, ekoizleen % 72, zuzendarien % 64 eta gidoilarien % 60 emakumeak dira.
73. edizioaren inaugurazio-galan, Esther García ekoizleak gogora ekarri zituen lanbidean izandako hastapen konplikatuak: «Emakume oso gaztea gizonen munduan, prestakuntza mugatuarekin eta gogo biziz bilatzen erreferenteak», hala nola Pilar Miró, Josefina Molina, Cristina Huete eta Patricia Ferreira aipatu zituen. “Bakan batzuk ginen, baina borroka egin genuen, eta lanbide maite honetan gure espazioa bilatzen jarraitzen dugu” esan zuen, txosten honen datuek agerian uzten dutena berresteko: “Asko dago oraindik egiteko. Urrats bat ere ez atzera, lagunak”.