Bero itogarria, agian hondamendi klimatikoaren seinale argi gisa, emakumeen gorputzak, familia-egituren esplorazioa, iragan industriala eta unibertso digitala ageri dira Ikusmira Berriaken hamabigarren edizioan aukeratutako proposamenetan. Lanei forma aukera aberatsetik heldu zaie, eta generoak berrinterpretatu dituzte, hala nola beldurrezko gotikoa, road movie-a, drama psikologikoa edo body horror delakoa. Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández López, Kavich Neang eta Valeria Hofmannen proiektuak hautatu dira Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak bultzatutako egonaldietan. Programak izen-emateen marka hautsi du berriro, 488 zinema-proiektu jaso baitira. Aukeratutako sei proiektuen artean, bost opera primak dira, eta bat bigarren filma. Horrek berresten du Ikusmira Berriakek ikus-entzunezko ahots eta begirada berrien alde egiten duela.
Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, EQZEko ikasleek parte hartzen dute. Edizio honetan, The Spirit Healer is Away for the Weekend lana aukeratu dute, Inês Nunesena (Tavira, 1993). Zuzendari portugaldarraren film labur berriena, A solidão dos lagartos / The Loneliness of Lizards (2025), Canneseko zinema jaialdiko Film Laburren Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Donostia Zinemaldiko Nest sailean aukeratua izan zen; hain zuzen, azken horretan film labur onenaren Movistar Plus + saria eskuratu zuen. Lana bi emakumeri buruzkoa da, eta beroak eta turismoak setiatutako Algarven merkataritza-zentro batean babesten dira. “Leku horiek –zinemagilearen hitzetan– kontsolamendua eta kide izatearen sentimena ematen dute, baina, aldi berean, gure antsietate sakonenak kapitalizatzen dituzten tranpen antzerakoak dira”.
Nest kategorian, Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2020-2024) aukeratutako zinemagileek parte hartu dezakete, eta edizio honetan La Canícula lana aukeratu da, Rod Llaverías zinemagilearena (New York, 1989). Llaveríasek Darling film laburra idatzi zuen beste batekin batera, eta Veneziako zinema jaialdiko (2019) film labur onenaren Orizzonti saria eskuratu zuen. Llaveríasen lehenengo film luzeak Tropicalía film laburra garatzen du, 2022an Nest sailean parte hartu zuena, eta, Dominikar hiriburuko familia etxe dekadentean bizi diren lau emakumeren bitartez, zaintza, dolua, traumak eta nortasuna aztertzen ditu.
Euskal kategorian aukeratutako proiektua Akira da, Ekain Albiterena (Zumaia, 1999). Albite Negu hurbilak (2023) film kolektiboaren zuzendarikidea da. Hain zuzen, film horrek aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema jaialdiko Cineasti del Presente sailean. Albite, EQZEko ikasle ohia da, eta bere banakako lehen film luzerako gauean igarotzen den road movie espektral bat proposatzen du. Bi txatar-biltzaile georgiar dira protagonistak, Lemoizeko zentral nuklearretik beren jaioterrira bidaiatzen dutenak.
Espainiako kategorian, Los animales magnéticos proposamenaren alde egin da, Gala Hernández Lópezena (Murtzia, 1993). Artista, zinemagile eta ikertzaile honen La Mécanique des fluides lanari film labur dokumental onenaren César saria eman zioten 2024an. Zinemagileak misteriotsuki lotutako bi emakumeren istorioa kontatzen du: Berlin garaikideko zientzialari bat eta XVIII. mendearen amaierako aristokrata frantziar bat, amatasuna kudeatzen ari direnak; beldurrezko fikzio gotikoa da, eta doble femeninoaren ideia lantzen du.
Nazioarteko kategorian bi proiektu aukeratu dira. Valeria Hofmann zuzendari eta gidoilari txiletarrak (Santiago de Chile, 1988), Daemon lanean, body-techno horror delakoaren bitartez, sistema teknologikoaren ertzetan bizi diren bi pertsonaren istorioa lantzen du: edukien moderatzaile bat eta telefono mugikorrak ekoizten dituen fabrikako langile bat. Hofmannen AliEN0089 film laburrak jada esploratzen zuen habitat teknologikoa, eta nazioarteko zuzendaritza onenaren saria irabazi zuen Sundanceko zinema jaialdian (2023), bai eta Grand Prix Labo saria ere Clermont Ferrandeko zinema jaialdian (2024).
Azkenik, Kavich Neang zuzendari kanbodiarrak (Phnom Penh, 1987), Veneziako zinema jaialdian (2021) Bodeng sar / White Building estreinatu ondoren, non aktore onenaren Orizzonti saria jaso zuen, Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad Man Good Boy bere bigarren film luzearen proiektuan, bi lagunen coming of age delakoa marraztu du, eta familiari eta testuinguru autoritarioari buruzko gogoeta ere egiten du.
Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi alditan banatuta. Sei zinemagilek osatutako taldea martxoaren 9an iritsiko da Tabakalerara, eta apirilaren 19ra arte izango dute bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian beren proiektua garatzeko aukera. Denbora horretan, bakoitzaren premietan oinarrituta, proiektu bakoitzerako exprofeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute. Ekainean, egoiliar bakoitzak bere egitasmoa garatzeko laguntza ekonomiko bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiaren azken bi asteak igarotzeko. Fase horretan, beren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.
EQZE Kategoria

Algarven, herri bateko biztanleak egunsentian elkartzen dira luzaroan itxarondako erritual bat bistaratzeko: luxuzko autoen prozesio batek errepidea zeharkatzen du ziztu bizian, udaren etorrera iragarriz. Sharon bere jaioterrira itzuli da, ama ustekabean hil baitzaio. Atzerrian hogeita hamar urte eman ondoren (han, aktore izan nahi zuen baina ez zuen ibilbiderik finkatzea lortu), harriduraz ohartuko da bere irudia kultu-objektu bihurtu dela.

Nest Kategoria

Dominikar Errepublikan, kale-txakurrek hartutako etxe baten hondakinen artean, Selmok —armairu barruan dagoen gizon batek— bere arreba Doloresekin batera zaintzen ditu familiako emakume zaharrak. Izeba itzultzen zaienean eta kanpotar bat iristen denean, isilean aldatuko da denek zuten oreka hauskor baina beharrezkoa, familiaren, oroimenaren eta desioaren lotura apurkorrak maneiatu bitartean.

Euskal Kategoria

Amaierarik gabeko gau batean, Davidi, euskal kostaldeko ur-biltegietan lan egiten duen georgiarrari, bere egunerokotasuna kolokan jarriko dio ezaguna egiten zaion gazte baten iritsierak. Handik urrun, Georgian, Eterik arropa-denda batean lan egiten du eta herriko bainuetxe abandonatuetan bizi diren txakurrak elikatzen ditu. Biek ala biek, pixkanaka haien ingurua modu misteriotsuan desegiten hasia dela sumatuko dute, bata inguratzen duen iluntasunak bestearen bizitzara iritsiko balitz bezala.

Espainiar Kategoria

Berlin, etorkizun hurbila. Hedda erregimen pronatalistaren presiopean bizi da. Seme-alabak ez izatearen arrazoia azaltzera deituta, bere desioei aurre egitera behartzen duen prozesu mediko eta burokratiko batean murgilduko da. Frantzia, 1786. Berthek magnetismo-tratamenduak jasotzen ditu bere antzutasuna sendatzeko. Madeleine, haurdun dagoen emakume esklabu bat, berarekin bizitzera eramaten dutenean, Bertheren patua harenarekin lotzen da. Zer loturak elkartzen ditu Hedda eta Berthe denboran zehar?

Nazioarteko Kategoria

Suteek suntsitutako hiri batean, Liz, edukien moderatzaile bakartia, konturatu da bere maitale birtuala bere ordenagailuaren barruan harrapatuta dagoen izakia dela. Benetakoaren eta digitalaren arteko mugak lausotzen diren heinean, Liz obsesionatu egin da odolez elikatutako bioinprimagailu baten bidez gorputz fisiko bat ematearekin, eta bere gizatasuna arriskuan jartzen du prozesuan.

Nazioarteko Kategoria

Phnom Penhen, Sinounek bere senarra, Socheat, eta semea, Arun, zaintzen ditu. Senarrak iktusa izan eta partzialki paralizatuta geratzen da, Arunengatik eztabaidatu ostean. Bizilagun batek ospitalera eramaten du; Sinounek fakturei aurre egin behar die. Tola seme nagusia etxera itzultzen da, bai lasaitasuna bai tentsioa ekarriz. Familia aurrera ateratzeko dirua eskatzen duen bitartean, bere etxeko atea desagertzen da: bizilagunak lapurtu du. Bere ama larriki gaixotzen denean, landara itzuliko dira, eta Tolak Koreara joateko asmoa duela adieraziko du.
