Donostia Zinemaldian aurkeztutako 11 film saritu dira Goya sarien film luzeen 25 kategorietako 23tan, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen dituen golardoen 40. edizioaren ekitaldian. Los domingos, 73. edizioko Urrezko Maskorra, film onenaren saria irabazi du.
Donostia Zinemaldian aurkeztutako filmek inoiz baino aintzatespen gehiago jaso dituzte Zinema Akademiaren sarien historian.
Alauda Ruiz de Azúaren Los domingos / Sundaysek, besteak beste, Film Onenaren Urrezko Maskorra eta Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi zituenak, 5 golardo irabazi ditu: film onena, zuzendari onena, jatorrizko gidoi onena (Alauda Ruiz de Azúa), emakumezko aktore protagonista onena (Patricia López Arnaiz), emakumezko antzeztaldeko aktore onena (Nagore Aranburu.

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomasek, Jose Ramon Soroizi Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra eman zionak, gizonezko aktore protagonista onenaren Goya saria jaso du (Soroiz).

Alberto Rodríguezek zuzendutako Los Tigres, Sail Ofizialean lehiatu zena eta argazki onenaren Epaimahaiaren Saria jaso zuena (Pau Esteve), efektu berezi onenen (Paula Gallifa Rubia eta Ana Rubio) golardoarekin aintzatetsi dute.

Elena Molinak eta Isaki Lacuestak zuzendutako Flores para Antonio filmak, Sail Ofizialean Emanaldi Berezi gisa estreinatu zenak, jatorrizko abesti onenaren Goya saria eskuratu du (Alba Flores, Silvia Pérez Cruz).

Tardes de soledad / Afternoons of Solitude, Albert Serrarena, 72. edizioan Urrezko Maskorra irabazi zuena, film dokumental onenaren sariaren irabazle izan da.

Dolores Fonziren Belének, Sail Ofizialean lehiatu zenak eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra erdietsi zuenak (Camila Plaate), film latinoamerikar onenaren saria irabazi du.

Manuel Gómez Pereiraren La cena / The Dinnerfilmak, RTVE Galetan izan zuenak mundu-estreinaldia, gidoi egokitu onenaren (Joaquín Oristrell, Manuel Gómez Pereira eta Yolanda García Serrano) eta jantzien diseinu onenaren (Helena Sanchis) Goya sariak jaso ditu.

Joachim Trierren Affeksjonverdi / Sentimental Value obrak, Perlak sailean egon zenak, Europako film onenaren golardoa eraman du.

Guillermo Galoeren Ciudad sin sueño / Sleepless City filmak, Perlak sailean emandakoak, gizonezko aktore berri onenaren (Antonio "Toni" Fernández Gabarre) Goya saria eraman du.

Oliver Laxe zuzendariaren Sirātek, Cannesen Epaimahaiaren Saria jaso ondoren Made in Spain sailean programatu zenak, bildu ditu sari gehien bart, eta 6 golardo eskuratu ditu: argazki-zuzendaritza onena (Mauro Herce); muntaketa onena (Cristóbal Fernández); soinu onena (Amanda Villavieja, Laia Casanovas eta Yasmina Praderas); jatorrizko musika onena (Kangding Ray); ekoizpen-zuzendaritza onena (Oriol Maymó); eta arte-zuzendaritza onena (Laia Ateca Font).

Eva Libertadek zuzendutako Sorda / Deafek, Berlinen eta Málagan saritua izan ondoren Made in Spain sailean eman zenak, zuzendari berri onenaren, gizonezko antzeztaldeko aktore onenaren (Álvaro Cervantes) eta emakumezko aktore onenaren (Miriam Garlo) Goya sariak eskuratu ditu.

Susan Sarandon aktoreak, 1995eko Donostia Saria jaso zuenak, Nazioarteko Goya saria jaso du.