Joan den martxoaren 9az geroztik, Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández, Kavich Neang eta Valeria Hofmann lanean ari dira Tabakalerako Zinea eta Ikus-entzunezko laborategian (Donostia) eta apirilaren 19ra arte denbora, espazioa, testuingurua eta baliabideak izango dituzte beren proiektuak garatzeko. Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldi-programaren hamabigarren edizioaren lehen fasean, proiektu bakoitzerako ex profeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, beren beharretan oinarrituta: María Alché, Anna Ciennik, Tizza Covi, Desirée de Fez, Santiago Fillol, Alexandre Koberidze eta Juliana Rojas izango dira proiektuen tutoreak eta Harkaitz Cano idazleak, Lucile Hadžihalilović zinemagileak eta Víctor Iriarte zuzendariak idazketa-tailerrak eta irudi-sorkuntzako tailerrak emango dituzte.
Proiektuen aurkezpen publikoa Zinea eta Ikus-entzunezko laborategian egin du gaurkoan Maialen Francok, Donostia Zinemaldiko prestakuntza-programen arduradunak. Ekitaldi horretan egon dira ere Maialen Beloki Zinemaldiaren zuzendariordea; Clara Montero Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko kultura-zuzendaria eta Carlos Muguiro EQZEren zuzendari akademikoa. Edizio honetan hautatutako sei pertsonak aurkezteaz gain, zinemagile bakoitzari, bere eskaerak eta proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, tutoretza pertsonalizatuak (aurrez aurrekoak eta online bidezkoak) emango dizkieten zinema-arloko pertsonen izenak jakinarazi dituzte.

Horrela, beraz, Inês Nunes-i (Tavira, 1993) Tizza Covi zinemagile, gidoilari eta argazkilari italiarrak lagunduko dio The Spirit Healer is Away for the Weekend film luzearekin estreinatzeko aurrera egiten. Film horretan, beroa eta turismoa nagusi diren Algarven, bi emakume merkataritza-gune batean babestu dira. "Bi leku horiek —zinemagilearen hitzetan— kontsolamendua eta kide izatearen sentsazioa ematen dute, baina, aldi berean, gure antsietate handienak kapitalizatzen dituzten tranpak dira". Rod Llaverías-ek (New York, 1989) María Alché zuzendari eta aktore argentinarraren laguntza izango du La Canícula lanaren kreazio-prozesuan. Lan horretan, zaintzak, dolua, traumak eta identitatea aztertzen ditu Dominikar Errepublikaren hiriburuan, familiaren etxe dekadentean bizi diren lau emakumeren bitartez. Bestalde, Ekain Albitek (Zumaia, 1999) Santiago Fillol errealizadore eta gidoilari argentinarra eta Alexandre Koberidze zuzendari eta gidoilari georgiarra izango ditu tutore Akira bere bakarkako lehen film luzea sortzeko. Film hori gaueko road movie espektrala da, Lemoizko zentral nuklearretik beren jaioterrira bidaia egiten duten bi txatar-biltzaile georgiar protagonista dituena. Gala Hernández López artista, zinemagile eta ikertzaileak (Murtzia, 1993) Desirée de Fez idazle, zinema-kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kidea izango du tutore Los animales magnéticos izenburuko film luzearekin estreinatzeko. Film hori beldurrezko fikzio gotiko bat da, non femenino bikoitzaren kutsua nabari den. Valeria Hofmann zuzendari eta gidoilari txiletarraren (Santiago, 1988) tutorea Juliana Rojas zuzendari brasildarra izango da, body-techno horror azpigeneroaren bidez Daemon filma egiteko. Film hori sistema teknologikoak eskaintzen dituen aukerak bizi dituzten bi pertsonen istorioa da; pertsona horietako bat edukien moderatzailea da, eta bestea telefono mugikorrak egiten dituen langilea. Azkenik, Kavich Neang zuzendari kanbodiarrak (Phnom Penh, 1987) jatorri poloniarra duen Anna Ciennik gidoilari eta kontsultaria izango du aholkulari bigarren film luzearen proiektua egiteko. Film horren izenburua Chas Khouch Kmeng Ropus / Bad Man Good Boy da, eta bi lagunei buruzko coming of agea da, baita familiari eta testuinguru autoritarioei buruzko gogoeta ere.
Lehen egun hauetan, egoiliarrek eskura dituzten baliabideak ezagutzeko aukera izan dute: Tabakalerako pantaila partekatuko zinema-saio guztiak, EQZEren programa akademikoa eta ekipamendu teknikoak —kamerak, grabagailuak, errebelatze- eta digitalizazio-laborategiak, irudiaren eta soinuaren postprodukzioa egiteko tokiak eta proiekzioko atelierra—, Euskadiko Filmategiko zinema-aretoa eta Medialab sorkuntza-liburutegiko funtsak. Gainera, datorren larunbatean, hilak 21, aurretik egin dituzten lanak ezagutzera emateko, euren film laburrak aurkeztuko dituzte Tabakalerako zinema-aretoan.

Era berean, martxoaren 24tik 27ra, Víctor Iriarte zinemagilearekin egingo diren lan-saioetan parte hartuko dute. Zinemagile horrek Padgett Powell-en The Interrogative Mood lana hartuko du erreferentzia gisa. Horretaz gain, Harkaitz Cano poeta eta nobelagileak martxoaren 30etik apirilaren 1era dinamika kolektiboen bidez emango duen idazketa-tailerretan parte hartuko dute, eta, azkenik, apirilaren 14tik 18ra Lucile Hadžihalilović zinemagile eta ekoizle frantziarrak emango duen sorkuntza-tailerrean (Pensar el proyecto / Proiektua pentsatzen). Zinemagile horrek bere kreazio-prozesuetan erabiltzen dituen tresnak eta metodologiak partekatuko ditu.
Aste honetan, egoiliarrek aurrez aurreko bilerak izan dituzte sektoreko profesionalekin: Florencia de Múgica aholkulari eta ekoizlearekin, Olimpia Pont Cháfer aholkulariarekin eta Javier Martín aholkulari eta Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kidearekin. Apirilaren amaierara bitarte, euren proiektuak landu eta kontrastatzeko denbora izango dute, baita sareak osatzeko ere, Tabakalerako komunitateko kideekin, EQZEko ikasleekin, Nokako zinemagileekin edo programa sustatzen duten hiru erakundeetako lan-taldeekin.

Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako 5.000 euroko dirulaguntza bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak igarotzeko. Fase horretan, beren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.
ZINE 1 aretoa, Tabakalera, martxoak 21 (larunbata), 19:00etan