2020an, Donostia Zinemaldiak ingurumen-jasangarritasun handiagoko eredu bateranzko bidea hasi zuen. Ez, ordea, keinu sinboliko edo joera iragankor gisa, baizik eta barne-berrikuspeneko benetako prozesu gisa; izan ere, gure iritzian, klima-krisia ez da kulturarekin zerikusirik ez duen zerbait; kultura ekoizteko moduari bete-betean eragiten dio.
Sei urte hauetan, galdera hau egin diogu geure buruari: nola murriztu dezake inpaktua nazioarteko jaialdi batek (zeina, aurrez aurrekoa izateaz gainera, mundu osotik bidaiatzen duten zinemagileen, lantaldeen eta ikus-entzuleen sare orokor baten parte baita), esentzia galdu gabe? Ez genuen erabaki drastikorik hartu nahi, ezta erabaki kosmetikoetan erori nahi ere, eta, beraz, gai konplexu eta ez hain ikusgarriak jorratu behar izan genituen: lan-dinamikak aldatzea, prozesuak berrikustea eta luzaroko erabakiak hartzea. Eta, horrela, sei urte hauetan, murriztean, aldatzean, berrerabiltzean eta konpentsatzean jarri dugu arreta.

Alabaina, prozesu honetan ez gara bakarrik egon: proiektua indartu duten bidelagunak batu zaizkigu. Lehenengo diagnostikoa Naider enpresarekin egin genuen: abiaguneko egoera aztertzen eta hobetzeko eremu nagusiak identifikatzen lagundu zigun. Hortik aurrera, Creast enpresaren laguntza jaso genuen. Harekin, gure karbono-aztarna neurtu genuen, eta analisiaren eta hobekuntzaren fase guzti-guztietan izan dugu ondoan. Renferekin ere lan egin dugu, Zinemaldira bertaratzen direnentzako mugikortasun-aukera jasangarriagoak sustatzeko. Halaber, Mugi sistemaren babesa jaso dugu, hau da, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak abian jarritako tarifa-sistema bateratuarena. Amaitzeko, Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsari esker, zeina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Naturklima fundazioak sustatzen baitute, gure CO₂ emisioak neutralizatu ahal izan ditugu, lurraldea ekologia-arloan leheneratzeko proiektuen bidez.


Prozesu hori ere ikaskuntza etengabea izaten ari da. Denborarekin, trantsizio hau jorratzeko ikuspegi berriak txertatu ditugu. Zinemaldiak ondo asko daki zer toki betetzen duen, bai eta zer-nolako balio sinbolikoa duen Zinemaldia deskarbonizazio-prozesu bete-betean egoteak ere. Halere, garrantzitsua da gogoratzea zerekin egiten dugun lan: istorioak, narratibak eta filmak.
Jaialdi batek ez du eraginik soilik bere operatiboaren bidez sortzen; ideien bidez ere bai. Eta hemen hartzen du konpromisoak beste dimentsio bat. 63. ediziotik aurrera, Greenpeace-ek Lurra Saria ematen du, ingurumenaren eta bakearen aldeko balioak islatu dituzten filmak aitortzeko. Duela hiru urte, berrikiago, European Climate Foundation-ekin elkarlanean hasi ginen, puntu horretan arreta jartzeko: klima-aldaketari buruzko istorioak eta begiradak nola lantzen dituzten. Zinema elkarrizketa zabaltzeko, galdera berriak sortzeko eta askotan abstraktutzat edo urrutitzat dugun erronka bati emozionalki konektatzeko nola lagun dezakeen erakutsi nahi dugu.
Gaur, esan diezazuekegu edizio honetan Zinemaldiak 1.965 tona CO₂ baliokideko karbono-aztarna utzi duela (1.965.000 kg CO₂eq). Zifra horrek, bada, berretsi egiten du 2021etik aurrerako emisioen beheranzko joera. Urte hartan 4.147.646,59 kg CO₂eq erregistratu ziren, eta emisioak 2.182.646,59 kg-tan murriztu ditugu; hau da, karbono-aztarna % 52,64 jaitsi dugu sei urtean.
Bada, testuinguru horretantxe sortu da newsletter hau. Ingurumenarekin daukagun konpromisoaren inguruko informazio guztia bildu eta ordenatzeko gunea izango da, bide honetan egiten dugun urrats bakoitzaren berri emateko topalekua. Era berean, komunitatea eraikitzeko erreminta izatea ere nahi dugu, Zinemaldiaren parte direnek (ikus-entzuleek, profesionalek, kolaboratzaileek) prozesua hurbiletik jarraitu ahal izan dezaten eta, horrela, haren parte sentitu daitezen.

Eta, jakina, kanal irekia dugu hau, entzuteko toki bat. Iradokizun-postontziaren bidez, hobetzen lagunduko diguten ideiak, proposamenak eta iruzkinak jaso ahalko ditugu. Sei urte hauetan, irakaspen hau jaso dugu: jasangarritasuna ez da helmuga itxi bat, urratsez urrats eraikitzen den prozesu kolektibo bat baizik.

Lente klimatikoarekin lotutako iruditeria zabaltzeko asmoz, newsletterraren edizio bakoitzean larrialdi klimatikoari hainbat ikuspuntutik heltzen dioten hiru film proposatuko ditugu. Genero eta ikuspegi ugariren bidez, film horiek orainari buruz hausnartzeaz gain, erronka komun hori kontatzeko eta ulertzeko modu desberdinak ere erakusten dituzte.
