Maialen Beloki (Donostia, 1983) Donostia Zinemaldiko zuzendaria izango da 2027ko urtarriletik aurrera. Hala erabaki du gaur erakundearen Administrazio Kontseiluak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioa).
Gaur arratsaldean Donostian egindako ezohiko bilera batean Kontseiluak aho batez hartutako erabakia martxoaren 4an José Luis Rebordinos ordezkatuko duen pertsona izendatzeko deitutako lehiaketa publikoaren emaitza da. Rebordinos 2011z geroztik da Zinemaldiko zuzendaria eta 2026ko abenduaren 31n utziko du kargua. Beloki Zinemaldiko zuzendariordeetako bat da 2016az geroztik.
Batea hautaketa eta headhuntingean espezializatutako giza baliabideen arloko aholkularitza-enpresak kudeatu du prozesua.

Donostia Zinemaldiko zuzendariordea da 2016tik, eta funtsezko eginkizuna izan du jaialdiaren azken urteotako bilakaeran, bai nazioarteko posizionamenduan, bai urte osoko jardueraren garapenean. Testuinguru horretan, Z365 / Urte osoko Jaialdia eredua bultzatu du, talentu berrien garapenean, prestakuntza zinematografikoan eta zinemaren inguruko pentsamenduaren sorkuntzan oinarritutako ekimen estrategikoa.
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta Zinema Teoria, Analisi eta Dokumentazioan doktorea (Cum Laude) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Bere ibilbideak kultura-kudeaketa, irakaskuntza eta ikerketa uztartzen ditu. Elías Querejeta Zine Eskolako Zuzendaritza Akademikoaren parte da, eta bertan irakasle ere bada; Mondragon Unibertsitatean ere aritu da irakasle bezala.
Bere ibilbidean zehar, proiektu estrategikoetan parte hartu du, hala nola Donostia / San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburuan, eta jarduera nabarmena garatu du hizlari eta egile gisa zinema arloan.Halaber, ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko programa eta ekimen ezberdinetan parte hartu du, ICAA bezalako erakundeekin lankidetzan. Bere izendapenak ikuspegi estrategikoa, sektorearen ezagutza eta kultura garatzeko konpromisoa uztartzen dituen profilaren aldeko apustua indartzen du.