Donostia Zinemaldiak eta Estatuko Loteriak eta Apustuak sozietateak Loterías sariaren hirugarren deialdia egin dute. Gizarte-gaiei buruzko film laburren lehiaketa horrek 10.000 euroko lehen saria eta 5.000 euroko bigarren saria emango ditu. Loterías sarirako izena emateko epea gaur hasiko da, maiatzak 4, eta ekainaren 16an amaitu.
Espainiako Zinemaren Akademian aurkeztu da lehiaketa gaur goizean, Madrilen, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Jesús Huerta Loteríasen zuzendaria bertan zirela. Bi-biek lehiaketaren aurreko bi edizioek erakarri duten interes handia nabarmendu dute, kontuan izanik lehiaketaren xedea dela ikus-entzunezkoak erabiltzea mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko, alegia, aberastasunaren birbanatzea, desparekotasunen ezabatzea eta justizia soziala sustatzeko.

Deialdiaren oinarrien arabera, film laburren gaiak auzi sozial hauekin lotuta egongo dira: adinekoen ongizatea, horien bakardadearen aurkako borroka eta horien bizi-kalitatea hobetzea; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzea; kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei laguntzea; eta minbizidun pazienteei laguntzea.
Film laburrak online inskriba daitezke Donostia Zinemaldiaren web-orrian gaurtik aurrera. Horien produkzioaren gutxienez % 51 espainiarra izango da, eta gehienez 10 minutuko iraupena izango dute. Lanak aurkezteko euskarria bat etorriko da Donostia Zinemaldiaren eskakizun teknikoekin —lehiaketaren oinarrietan daude zehaztuta—.

Gizarte-gaiak jorratzen dituzten film laburren Loterías sariak erabakiko dituen epaimahaia Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak eta Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak aukeratuko dute, eta ikus-entzunezkoen arloko edo gizarte-arloko hiru ordezkarik osatuko dute. Bi lan irabazleak Donostia Zinemaldiaren 74. edizioan emango dira —2026ko irailaren 18tik 26ra egingo da—.
Loteríasek Zinemaldiari emandako laguntza leiala eskertu ondotik, José Luis Rebordinosek gogora ekarri du aurreko edizioetan aurkeztutako lanen kalitatea, eta, aldi berean, azpimarratu du "zinemak zeregin garrantzitsua betetzen duela errealitate konplexuak bistaratu eta ikusleen kontzientziazioa bultzatzean". "Hain zuzen ere, lehiaketa honen bidez, presazko alderdi sozialei erreparatu nahi diegu, ezin baitira utzi gure zinema-jaialdiaren helmenetik aparte", adierazi du Donostia Zinemaldiko zuzendariak.
Bestalde, Loteríasen presidente Jesús Huertak azpimarratu duenez, "hirugarren edizio honen bidez proiektua sendotu dugu, zeinak aukera ematen baitu bizkarra eman ezin diegun eta laguntza eta ikusgarritasuna eman behar diegun errealitate sozialei buruz kontzientziatzeko". Loteríasen presidenteak adierazi duenez, "Loteríasek eta Zinemaldiak gizarte-sentiberatasun bera dugu, eta uste berekoak gara: kulturaren bidez gizarte-kohesioa eta ikuspegi kritikoa sortzen dira, eta horiek aukera ematen digute irizpide propioa izateko eta berdintasunaren eta justizia sozialaren alde apustu egiteko".
Lehiaketa aurkeztu ondoren, Espainiako Zinemaren Akademian Mikel González Beorleguiren Antón eta Álvaro G. Companyren Maruja film laburrak eman dituzte, 2024ko eta 2025eko edizioetako garaileak izan zirenak, hurrenez hurren.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: EKAINAK 16
Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak, kulturarekin duen konpromisoarekin bat, Donostia Zinemaldiarekin batera lan egin du azken urteetan. Lehiaketaren barruan emanaldi bereziak eskaintzeaz gain, Zinemaldia 70. Historia posible guztiak Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren proiektuaren babeslea izan zen 2019aren eta 2022aren artean. Bere laguntzari esker, Donostia Zinemaldiak herritarren eskura jarri ahal izan ditu 4.000 dokumentu digital baino gehiago (argazkiak, kartelak, egunkariak…). Gainera, 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiago dituen katalogo bat dago, espezialistek kontsultatzeko. 2024an, erakunde biek euren arteko aliantza indartu zuten, eta gizarte-gaiak lantzen dituzten film laburren Loterías saria sortu, balio berak dituzte eta. Estatuko Loteriak eta Apustuak enpresa publikoak lotura historikoa izan du kulturarekin, eta kultur elementuak sustatzen eta zabaltzen ditu, gizarte moduan aurrera egiteko; bada, gure arteko lankidetza testuinguru horretan kokatzen da.