Rubén Corral, Elsa Estrella Echevarría eta Beatriz Navas hautatu dituzte Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) José Ángel Herrero-Velarde beken laugarren edizioan. Artxiboan egingo dituzten lanek honako hauek jorratuko dituzte, hurrenez hurren: Estatuko beste zinema-jaialdi batzuekiko erakunde-harremanak, Sonika-Bok 1958tik 1963ra bitartean egindako haurrentzako zinema-programazioa eta Donostia Zinemaldiak zinemaren gaineko politikei buruzko elkarrizketetan egindako ekarpena.
Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osatutako batzorde batek 2026ko maiatzean erabaki zuen hiru ikerketa-bekak nori eman, aintzat hartuta bat Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi den pertsona batentzat izan behar zela (Corral) eta beste biak Estatu osoko ikertzaileentzat irekita zeudela (Echevarría eta Navas). Bada, azkenean, batzordeak proposamenak aukeratu zituen, "pluralak eta gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak direlako, maila teorikoan zinema-jaialdien ikerketan eta Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dutelako, eta Zinemaldiaren artxiboa osotasunean ulertzen dutelako eta haren baliabideak iturri nagusitzat erabili dituztelako".
Laguntzon helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren (Artxiboa) ikerketa sustatzea, zertarako eta ikerketa-artikulu argitaragabeak sortzeko iturri nagusi moduan artxiboa erabilita. Horrela eginda, Zinemaldiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko dialogoa ezarri nahi da.

Rubén Corral (Samianigo, 1977) Bilbon bizi den Huescako ikertzaileak Donostia Zinemaldiak XX. mendean zehar Estatuko beste zinema-jaialdi batzuekin izandako erakunde-harremanak aztertuko ditu. Ikerketak, besteak beste, Valladolid, Xixon eta Sitgesko zinema-jaialdiekiko lotura aztertzeaz gain, xede ere izango du harremanak ulertzea "zinema esparruko botere-dinamikak, proiekzio sinbolikoak eta nortasun-negoziazioak ezagutarazteko gai diren" jardunbide gisa.

Elsa Estrella Echevarríaren (Madril, 1997) ikerketak ardatz izango du Zinemaldiko haurrentzako programazioak 1958tik 1963ra bitartean jasotako zinema esperimentala. Azterketak arreta berezia jarriko dio Sonika-Boren eginkizun aitzindariari. Parisko Cendrillon zineklubaren sortzaileak, urte haietan, Ekialdeko bloketik zetozen lanak ekarri zizkion Haurrentzako Zine Jardunaldiei, bai eta zinegile jakin batzuen lanak ere, zeinen hizkuntza, "pedagogiaren aterkipean", oinarritua baitzegoen "irudiak hitzaren gainean zuen nagusitasunean", eta horrenbestez "zati batez itzuri egiten zioten" kontrol frankistari.

Beatriz Navas (Madril, 1978) ikertzaileak Zinemaldiaren testuinguruan sortutako eztabaidak, iragarkiak eta ekintza politikoak identifikatu asmo ditu, eta, horrez gain, Estatuko zinemaren gaineko politiken eremuan, "dinamika horien eta ondoren erabaki instituzionalak hartzearen arteko lotura" aztertu nahi du. Saiatuko da, orobat, "zehazten Zinemaldiak zer eginkizun duen herrialdeko testuinguru historikoan kultur politikak ikusarazteko, negoziatzeko eta legitimatzeko gune gisa".
Bekaren irabazleek, ikertzeko egonaldiaren barruan, Artxiboaren instalazioetarako sarbidea izango dute bi astez. Instalazioak Tabakalera eraikinean daude, eta bertan zaintzen dira Zinemaldiaren artxibo historikoko material guztiak. Zehazki, uztailaren 13tik 24ra bitartean, hautatutakoek lan eta kontsultarako espazio bat izango dute eskura Euskadiko Filmategian; besteak beste, eraikineko funts eta artxiboetan sartzeko aukera izango dute, bai eta zinema-saioetan, mintegietan eta eskola magistraletan parte hartzekoa ere. Horrez gain, 3.000 euroko dirulaguntza eskuratuko dute, joan-etorriak eta ostatua ordainduta izango dituzte, eta, gainera, egonaldiko egunei dagozkien dietak ere jasoko dituzte.
Bigarren deialdia
Lehen deialdia