Koro Santestebanek (Donostia Zinemaldiaren Espainiako prentsaren arduraduna) 2026ko Alfonso Sánchez Komunikazio Saria jasoko du Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren eskutik. Santesteban 1988tik dago lotuta Zinemaldiarekin, eta Madrilen uztailaren 15ean egingo den ekitaldian eskuratuko du saria.
Espainiako Zinema Akademiak Alfonso Sánchez Komunikazio Sariaren bidez nabarmentzen du hedabideek eta profesionalek Espainiako zinema zabaldu eta sustatzeko egindako lana. Akademiako kideek adierazi bezala, Santestebanek saria jasotzen du “jaialdi donostiarraren komunikazio- eta prentsa-talde bikainaren ordezkari gisa, Espainian egiten den zinema-jaialdirik garrantzitsuenean akreditatutako hedabide, kazetari eta pertsonekiko harremana kudeatuz”.
Koro Santestebanek Zinemaldiko Prentsa departamentuan egin du lan-ibilbidea, bai kudeaketa- eta koordinazio-lanetan, bai harreman publikoetako lanetan. Lehen urteetan atzerriko prentsari arreta ematen aritu ondotik, Espainiako prentsaren arduradun izendatu zuten 1997an, eta eginkizun horretan aritzen da oraindik gaur egun.
Oso pozik eta hunkituta agertu da “ustekabe honengatik” eta, Santestebanek esan duenez, “oso maitatua” sentitzen da, eta “besarkada gisa” hartu du omenaldia. Era berean, bizitzaren oso une berezian iritsi zaiola nabarmendu du, eta Zinemaldiko kide guztiekin partekatu nahi duela.
Heldu den uztailaren 15ean Koro Santestebanek Madrilgo Espainiako Zinema Akademiaren egoitzan eskuratuko duen saria honako hauek eskuratu dute aurreko edizioetan: Diego Galán eta TVEko Versión Española saioa, Antonio Gasset, Oti Rodríguez Marchante, Conxita Casanovas, Cartelera Turia aldizkaria, Yolanda Flores, Nuria Vidal, Carles Francino, Begoña Piña, Anton Merikaetxebarria, Chusa L. Monjas, Elisenda Nadal, Jaume Figueras eta María Guerra.