Donostia Zinemaldiak iragarri du jaialdiaren babesle ofiziala izango dela Make & Mark hurrengo bi urteotan; komunikazioaren, marketinaren eta esperientzia premiumen bidez marka eta instituzioentzat balioa sortzen espezializatutako enpresa-taldea da Make & Mark.
Aliantza hori urrats naturala da bi entitateen arteko harremanean, baita hazkunde esanguratsua ere. Markaren eta zinema-jaialdiaren arteko lankidetza iaz hasi zen arrakastaz, Horizontes Latinos sailaren babesarekin.
Harrera bikaina izan ondoren, eta esperientzia horren emaitza paregabeak ikusirik, Make & Mark Groupek bere inplikazioa zabaltzea eta oso nabarmen indartzea erabaki du; izan ere, jaialdiaren babesletza ofizialaren lehen lerroan kokatzen da oraingoan Make & Mark Group.
Make & Mark taldeko CEO Christian Septienen hitzetan: "Babesletza handitu dugu iaz lortutakoarekin oso pozik gaudelako". Markak etengabe hazten ari den merkatu globalean bere presentzia sendotzeaz gain, konpainiaren fundazio-filosofiarekin bat egiten du mugimendu berriak. "Make & Mark taldeak konpromiso garrantzitsua du kulturarekin eta kirolarekin, eta horren erakusgarri da horren ospe handia duen jaialdi hau babestea", gehitu du Christianek.
Bestalde, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak ongietorria eman dio Make & Mark babesle ofizial berriari, baita eskerrak eman ere inplikazio handiagoa izateagatik: "zalantzarik gabe, onuragarria izango da bi aldeentzat". "Datozen bi urteotan Make & Mark bezalako ospe handiko enpresa baten babesletza izateak aukera emango digu talentuaren, aniztasunaren eta mundu osoko ikus-entzuleekin konektatzen duten istorioen sorkuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzeko. Oso pozik gaude horregatik", adierazi du.
Akordio estrategiko honekin, Make & Markek berretsi egiten du enpresa-plataforma gisa duen posizioa, bete-betean hazten ari baita ekitaldi premiumen eta esperientzia-marketinaren sektorean. Donostia Zinemaldiaren babesle ofizial gisa sendotu izanak bere eredu korporatiboaren kaudimena eta nazioarteko irismen handieneko proiektu kulturalen aldeko konpromiso irmoa egiaztatzen ditu Make & Markek.
Make & Mark agentziak Espainian, Estatu Batuetan eta Mexikon du presentzia, eta espezializatuta dago marketin- eta komunikazio-estrategien sorkuntzan, publizitatean, hedabideen erosketan, ekitaldien ekoizpenean eta luxuzko esperientzietan munduko marka ezagunenetako batzuentzat.