Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian —Madrilen— iragarri dira gaur Donostia Zinemaldiaren 74. edizioan —irailaren 18tik 26ra— ikusi ahalko diren 25 ekoizpen espainiarrak: 23 film luze eta 2 serie, hain justu.
Made in Spain sailetik igaro ondoren bere La banda (2019) eta Llenos de gracia (2022) film luzeekin, Roberto Bueso (Valentzia, 1986) lehendabizikoz ariko da Urrezko Maskorra beretzeko lehian El mal padre obrarekin (bere hirugarren pelikula, Eduard Fernández izanik protagonista). Hainbat urtez elkarrengandik urrun egon ondoren, Santiago Balmes idazle eta akademiko ospetsuak bere hiru seme-alabak bilduko ditu azken desio bat eskatzeko: Gabonak umetako uda-etxean igarotzea.
Mikel Gurrea (Donostia, 1985) lehiara itzuliko da Sants / Saints lanarekin. Irudi erlijiosoen lapurren talde batean sartuta dagoen eta, aldi berean, ama (Ariadna Gil) laster hilko zaion emakume baten rola egiten du Victoria Luengok Gurrearen film berrian. Zinemagile donostiarraren lehen filma Suro (Sail Ofiziala, 2022) izan zen (Ikusmira Berriak sailean garatu zuen Gurreak); Euskal Zinemaren Irizar saria, nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria eta Euskal Gidoigileen Elkartearen Gidoi onenaren saria beretu zituen filmak.
Javier Ruiz Calderak (Viladecans, 1976) 5 minutos más / 5 more minutes filmarekin hartuko du parte lehenengoz lehia ofizialean. Javier Cámara, Berto Romero —filmaren gidoigilea ere badena— eta Belén Cuesta dira filmeko protagonistak. Krisian egonik denbora-begizta batean harrapatuta geratuko diren bi senar-emazteri buruzkoa da istorioa. Zuzendari katalanak Zinema Eskolen Nazioarteko I. Topaketan (gaur egun Nest) parte hartu zuen Treitum (2002) film laburrarekin, eta, zenbait urte geroago Superlópez (Made in Spain, 2019) eta El otro lado (Belodromoa, 2023; Alberto de Tororekin batera zuzendutako seriea) lanekin itzuli zen Donostiara.

El castillo, Espainiako proxeneta-mafiaren gorakadaren benetako historia kontatzen duen sei ataleko polizia-seriea, lehiaz kanpo proiektatuko da. Lana, Mabel Lozanoren ez-fikziozko El proxeneta liburuan oinarritua, Isabel Peñak (Zaragoza, 1983) — Que Dios nos perdone (Sail Ofiziala, 2016), As Bestas (Perlak, 2022) eta El ser querido lanen gidoilarietako bat— eta Eduardo Villanuevak (Madril, 1981) —Antidisturbios (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2020) seriearen ekoizle eta gidoilariak— idatzi eta sortu dute. Zuzendaritza nagusia Elena Martín Gimenoren (Bartzelona, 1992) esku egon da. Besteak beste, Júlia ist (Made in Spain, 2017) film luzea eta Creatura zuzendu ditu —Ikusmira Berriak (2020) programan garatua, Made in Spain (2023) sailean programatu zen, Dunia Ayaso saria jasotzeaz gainera—. Sandra Romerok (Écija, 1993) ere zuzendari lanak egin ditu. Romerok Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Por donde pasa el silencio (New Directors, 2024).
Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan bost lan proiektatuko dira lehiaz kanpo.
Sipo phantasma (Zabaltegi-Tabakalera, 2016) eta Oreina (New Directors, 2018) lanen ostean, Koldo Almandoz zuzendariak (Donostia, 1973) bere hirugarren film luzea estreinatuko du, Azken Agurra / The Last Goodbye (Último Adiós), hain zuzen. Dramedia existentzialista honetan, Iñigo Azpitartek hileta laiko pertsonalizatuen enpresa baten jabea hezurmamitzen du, eta Izaro Nietok, berriz, gizonaren bulegoan praktikak egiten ari den emakume gazte bat. Zinemagile donostiarra beteranoa da Donostia Zinemaldian, 1997az geroztik dozena bat ekoizpenekin parte hartu baitu jaialdian; horri dagokionez, nabarmentzekoak dira bere garaian Kimuak programan jasotako film laburrak eta Zeru ahoak / Mouths of Sky seriea (Sail Ofiziala, Emanaldi Bereziak, 2025).
Daniel Monzónek (Palma, 1968) Ruega por nosotras / Pray for Us aurkeztuko du, 1974an girotutako film luzea, Ana (Zoe Bonafonte) 19 urteko gazte matxinoari jarraituko diona, Madrilgo Emakumearen Babeserako Patronatuan barneratzen dutenean. Monzón epaimahai ofizialaren parte izan zen 2015ean, lehiaz kanpo eman zion amaiera Sail Ofizialari Las leyes de la frontera (2021) filmarekin, eta sari ugari jaso zituen Celda 211 (Made in Spain, 2010) eta El niño (2014) filmekin (zehazki, zortzi eta lau Goya sari, hurrenez hurren); azpimarratzekoak dira, halaber, ospe handiko El corazón del guerrero (Made in Spain, 2000) eta La caja Kovak (2006), besteak beste.
Antonio de la Torre eta Patricia López Arnaiz dira David Pérez Sañudo zinemagilearen (Bilbo, 1987) hirugarren film luzearen protagonistak. Sacamantecas / The Harvester, RTVE-EITB Gala bateratuan emango den Emanaldi Berezia, III. Karlistaldiaren amaieran girotuta dago; Gasteizen norbaitek hainbat emakume itotzen dituenean, biktimetako baten ahizpa justizia bila nola ibiliko den kontatzen digu filmak. Pérez Sañudok Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal Gidoigileen Elkartearen Gidoi Onenaren Saria lortu zituen bere lehen lan Anerekin (New Directors, 2020), baita hiru Goya sari ere. Alardea miniseriea (Gala EITB, 2020) aurkeztu eta 2023an La última noche de un Erasmus en Roma proiektuarekin Ikusmira Berriak programan hautatua izan ondoren, Pérez Sañudo New Directorsera itzuli zen Azken erromantikoak (2024) lanarekin.
Más allá de la sociedad / Beyond Society lanarekin, Carlos Torres (Alicante, 1985) zuzendariak pantailara eraman du komunitate batek 1972ko Andeetako istripuaren ondoren tragediarekin bizitzen nola ikasi zuen kontatzen duen istorioa. J. A. Bayona eta Carlos Torresen artean sortuta, ez-fikziozko serie honek bere La sociedad de la nieve (Perlak, 2023) filmak amaitzen zuen lekutik heltzen dio berriro kontakizunari: erreskatearen ondoren, bizirik atera zirenak etxera itzuli eta itzuli ez zirenen senideekin berriz elkartu ziren unea. Hiru ataleko serieak jarraipena ematen dio Veneziako zinema-jaialdian estreinatu zen, hamabi Goya irabazi zituen, bi Oscar saritarako izendapen lortu zituen —horietako bat nazioarteko film onenarena— eta Donostia Zinemaldian Ikusleen Saria eskuratu zuen filmari.
Fernando Truebak (Madril, 1955) Bajañí aurkeztuko digu, Niño Joseleren gitarraren medioz hiru herrialdetan eta unibertso musikaletan zehar soinu-ibilbidea egiten duen lana da. Belle époque (1993) filmagatik ingelesaz besteko film onenaren Oscar saria irabazi zuen zinemagile madrildarrak honako lan hauek aurkeztu ditu Donostia Zinemaldian: En legítima defensa (Sail Ofiziala, 1978) bere lehen film laburra; Mientras el cuerpo aguante (Sail Ofiziala, 1982); El milagro de Candeal (Belodromoa, 2004); El baile de la victoria (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2009); El artista y la modelo (Sail Ofiziala, 2012), Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra; El olvido que seremos, 2020an lehiaz kanpo eman ziona amaiera Sail Ofizialari, eta Dispararon al pianista (Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak, 2023).

Yo, adicto serieren (Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak, 2024) zuzendarietako bat izan ondoren, Javier Ginerrek (Barakaldo) bere lehen film luzea aurkeztuko digu zuzendari gisa: Esta soledad / This Solitude. Bere lehen filmak —Bilbon kokatuak— hutsune existentziala eta lotura hauskorrak jorratzen ditu, Oriol Pla eta Marina Salas nahasmen eta bakardade egoeran bizirauten saiatzen diren bi gazte izanik.
Jaime Lorente aktoreak (Murtzia, 1991) zuzendutako bere lehen film luzea erakutsiko digu, El mal hijo / The Bad Son, Salvador S. Molinaren izen bereko eleberrian oinarritua. Susi Sánchez, Miguel Angel Puro eta Hugo Arbues dira aitak abandonatu ondoren amonarekin bizitzera behartuko duten haur bati buruzko drama familiar honen protagonista nagusiak.
Sieben Tage Februar / February, Seven Days, iaz Donostiako WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa 2025 Saria irabazi zituen proiektua, Tatjana Moutchniken (Kiev, 1988) lehen film luzea da. Zuzendari alemaniar-ukrainarrak bere herrialdearen Errusiako inbasioa testuinguru gisa baliatu du Stuttgarten ama lurperatzeko berriz elkartzen diren bi anaia ukrainarren istorioa kontatzeko. 2014an Nest sailean parte hartu zuen Moutchnikek Der letzte kuss / The Last Kiss film laburrarekin.

Fernando Eimbcke (Mexiko Hiria, 1970), 2025ean Horizontes Latinosen parte hartu zuena Olmorekin, sailean izango da aurten ere, Moscas / Flies lanarekin (WIP Latam Industria Saria 2025ean). Aurten Berlinalen lehiaketara aurkeztutako filmean, 55 urteko emakume batek aurre egin beharko dio bakardadeari, prekarietateari eta ordaindu ezin duen ebakuntza kirurgiko bati. 2008an, zinemagileak No todo es permanente film laburra (Nest) eta Lake Tahoe film luzea (Perlak) aurkeztu zituen Donostian; 2011n 4+1: Mexikoko zinema garaikidea zikloan programatu zen berriro bigarren hau. Atzerabegirako hark, gainera, Revolución film kolektiboa ere erakutsi zuen (Eimbckek haren zati bat zuzendu zuen). Club Sándwich pelikularekin (Sail Ofiziala, 2013), geroago, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra beretu zuen.
Ceniza en la boca / Ashes, Cannesko zinema-jaialdiaren Emanaldi Berezietan estreinatua, Diego Luna aktoreak (Mexiko Hiria, 1979) zuzendutako seigarren filma da. Zuzendari, aktore eta ekoizlea Zinemaldira itzuliko da bi anaiak Mexikotik Madrilera emigratzean bizitako errealitate gordina erakusteko. Abel (2010) izan zen Lunaren lehen filma zuzendari gisa. Sundancen estreinatu ondoren, Cannesko Emanaldi Berezietatik (Séances Spéciales) igaro zen, eta Horizontes Saria eta Gazteriaren Saria irabazi zituen Donostian. 2011n, 4+1: Mexikoko zinema garaikidea atzerabegirakoan eman zen berriz ere, Revolución, film kolektiboarekin batera (Luna izan zen haren zuzendarietako bat). Perlak sailean, halaber, César Chávez (2014) eman zen, Berlinale Special atalean aurkeztu ondoren.
Manuela Martelli (Santiago, 1983) Horizontes Latinos saileko epaimahaikide izan zen 2022an; urtebete lehenago, bere lehen lan 1976 proiektatu zuten sail berean. Aurten, zinemagile txiletarra berriz izango dugu Zinemaldian, El deshielo / The Meltdown (Proyecta, 2022) —Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatutako lana— aurkeztera. Txileko mendi-hotel batean elkar ezagutuko duten bi neskato dira thriller honen protagonistak; horietako bat desagertzen denean, ikerketak ezkutuko sekretuak utziko ditu agerian.
Marcelo Martinessik (Asunción, 1973) Narciso aurkeztuko digu, 2026ko Berlinalen FIPRESCI Saria irabazi zuen lana, Panorama atalean izan ondoren mundu-estreinaldia. 2020an, proiektuak —orduan ¿Quién mató a Narciso?— DALE! Saria (Europa-Latinoamerika Garapena) erdietsi zuen Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Foroan. Las herederas (2018) izan zen zinemagile paraguaitarraren lehen lana, eta Sebastiane Latino VI. saria irabazi zuen hari esker; geroago, Horizontes Latinosen parte hartu zuen, Berlinalen Alfred Bauer saria, Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Hartza, FIPRESCI Saria eta Teddy Award saria beretu ondoren.
Chicas tristes / Sad Girlz (Proyecta, 2022 eta WIP Latam, 2025) Fernanda Tovar (Mexiko Hiria, 1991) zinemagile mexikar-espainiarraren lehen lana da, Berlinaleko Generation 14plus atalean Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Kristalezko Hartza irabazi zituena. Emakumezko talde bati buruzkoa da filma, adiskideak berauek; alabaina, emakumeen laguntasuna kolokan egongo da gertaera batek isilik egoteko edo justizia egiteko erabakia hartzera behartzen dituenean. Aurretik, Cannesko Semaine de la critique atalean emandako Mi edad, la tuya y la edad del mundo (2022) eta Tribecan estreinatutako Quiero estrellarme en seco contra el parabrisas del amor (2024) film laburrak zuzendu zituen.

Hamalau gau bata bestearen atzetik igaro eta friso bat osatuko dute elkarrekin HAMALAU gau pelikulan. Oskar Alegria Suescun zuzendari nafarraren (Iruñea, 1973) azken filmak Ramón Andrés, Julia Otxoa, Josebe Blanco, Josu Venero, Iban Urizar (Amorante), Bertha Bermúdez, Mixel Etxekopar eta Jean-Christophe Galtxetaburu eta abarren ahotsak biltzen ditu, Oteizaren unibertsoa birsortzeko. Alegriak Zinemaldian erakutsi zuen bere lehen lana, Emak Bakia baita / The Search for Emak Bakia (Zabaltegi-Bereziak, 2012).
Meritxell Colell Aparicio (Bartzelona, 1983) Zabaltegi-Tabakalera sailera iritsiko da Locarnoko zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiatuko den Lejos de los árboles / Far From the Trees bere film luze berriarekin (Ikusmira Berriak, 2022 eta Proyecta, 2021). Filmean, Adela artista mexikarrak Perura bidaiatuko du, eta erbesteratu errepublikarren biloba gisa, bere aitonaren ondarearekin jarraituko du: desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen soinu-mapa bat sortzea. Colellek Berlinaleko Forum atalean estreinatu zuen bere lehen lana, Con el viento (Made in Spain, 2018), eta, geroago, Málagako zinema-jaialdiko Zonazine atalean film onenaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zuen. Gainera, Dúo Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatu zuten 2018an. Programa eta egonaldi artistiko ugaritan parte hartu izan du, hala nola L'Atelier de la Cinéfondation delakoan (Cannes) eta Berlinale Talents izenekoan.
Bruno Dumont (Bailleul, 1958) zinegile frantsesaren Les Roches rouges / Red Rocks koprodukzioa Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatu zen; maitasunari, bizitzari eta heriotzari aurre egin beharko dieten haur txikien bi talderen arteko lehiari buruzkoa da obra. Dumont Sail Ofizialean lehiatu zen Hadewijch (2009) filmarekin eta Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena atzerabegirakoan egon zen L'humanité (2009) pelikularekin. Geroago, Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen, P'tit Quinquin / Li'l Quinquin (2014) telesailarekin eta haren jarraipen Coincoin et les z'inhumains / Coincoin and the Extra-Humansekin.
Isaki Lacuestak (Girona, 1975) Jaleos / Flamenco Sketches ez-fikzioa aurkeztuko du, flamenkoaren historiaren ibilbide bat, C. Tanganak kontatua, artea, politika eta kultura herrikoia lotzen dituena. Kataluniako zuzendari, gidoigile eta ekoizleak bi aldiz irabazi du Urrezko Maskorra: lehena Los pasos doblesekin (2011) eta bigarrena Entre dos aguasekin (2018); gainera, Los condenados (FIPRESCI Saria, 2009), Murieron por encima de sus posibilidades (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2014) eta Apagón (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2022) obrekin Sail Ofizialean parte hartu zuen. La noche que no acaba (2010) eta El cuaderno de barro (2011) lanekin, bestalde, Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen. Azkenik, hauekin ere egon da Zinemaldian: Un año, una noche (Perlak, 2022); Segundo Premio (Made in Spain, 2024) eta Flores para Antonio (Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak, 2025; Elena Molinarekin batera zuzendua).
Sailak Dust lanaren estreinaldia ere hartuko du; Tsai Ming-Liang (Kuching, 1957) zinemagile malaysiarrak zuzendutako filma da Dust. El caminante seriearen atal berria da, oraingoan bere meditazio-ibilaldia egiteko Donostia eta Gipuzkoa aukeratu dituen monje budistari jarraitzen diona haren munduan zeharreko bidaian. Tsai Ming Liangek Zabaltegi-New Directors sailean parte hartu zuen Rebels of the Neon God (1993) lanarekin, eta Rizi / Days (2020) obrarekin, berriz, Zabaltegi-Tabakaleran. Besteak beste, Urrezko Lehoia (Veneziako Mostran) eta Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso ditu egileak.

Javier Ambrossi (Madril, 1984) eta Javier Calvo (Madril, 1991) Donostian izango dira berriz ere, oraingoan La bola negra filmarekin; zuzendari onenaren saria eskuratu zuen pelikulak Cannesko zinema-jaialdiaren 79. edizioan, ex aequo, Pawel Pawlikowski zuzendari poloniarrarekin batera (Vaterland / Fatherland). Federico García Lorcaren amaitu gabeko lan batean oinarritua, filmak hiru gizonen bizitza interkonektatuak islatzen ditu; hiru garaitan girotua (1932, 1937 eta 2017), sexualitateak eta desioak, minak eta herentziak estuki lotutako hiru existentzia irudikatzen dira bertan. Bikoteak RTVE Galan aurkeztu zuen beren lehen lana zuzendari gisa, La llamada (2017), eta geroago La Mesías (2023) seriea estreinatu zuen lehiaz kanpoko Sail Ofizialean. Zuzendariak, gidoilariak eta ekoizleak, halaber, Paquita Salas (2016) eta Veneno (2020) serieen sortzaileak ere badira.

Belodromoko programazioan Muguruza FM 40 Tour emango da, Ander Merino Etxebestek (Donostia, 1995) eta Fermin Muguruzak (Irun, 1963) zuzendutako dokumentala, Muguruzaren azken bira musikalaren testuinguruan egina eta artistaren 40 urteko konpromisoa, erresistentzia kulturala eta nortasun kolektibo bihurtutako abestiak erretratatzen dituena. Musikari gipuzkoarrak Zinemaldiko hainbat saletan erakutsi izan ditu bere lanak. Hala, Zinemiran aurkeztu zituen Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina (2009), Next Music Station: Lebanon (2011), NOLA? (2016), Black is Beltza (2018) eta Bidasoa 2018-2023 (2023); Zabaltegi-Bereziak sailean eman zen Zuloak (2012), eta Belodromoan, azkenik, Black is Beltza II: Ainhoa (2022).
Ventajas de viajar en tren (2019) eta Moscas (2023) zuzendu ondoren, Aritz Morenok (Donostia, 1980) bere hirugarren film luzea aurkeztuko du Donostian, Karateka izenekoa, Andrea Ros, Patrick Criado eta Ernesto Alterio dituena protagonista. Zuzendari donostiarrak Sandra Sánchezen istorioa kontatzen digu; konbentzio guztiak desafiatu zituen Sánchezek, 39 urterekin karateko urre olinpikoa (kata modalitatean) irabazi zuen arte. Morenok Zinemira-Kimuaken parte hartu zuen Bucle (2011) eta Cólera (2013) proiektuekin.
Lan horietaz guztiez gainera, ekoizpen espainiarreko beste obra batzuk ere emango dira Zinemaldian, eta sailen programazioak argitaratu ahala iragarriko dira.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketan
5 minutos más filmak krisian dauden senar-emazteen istorioa kontatzen du. Bikoteak landa-turismoko asteburu bat igarotzea erabakiko du landa-eremu isolatu bateko etxe batean. Han, etxea erakutsi eta giltzak emango dizkien agentziako arduradunarekin elkartuko dira. Baina bakarrik utzi aurretik, ezohiko zerbait gertatuko da: denbora bost minutu atzera egingo du.
Hainbat urtez elkarrengandik urrun egon ondoren, Santiago Balmes idazle eta akademiko ospetsuak bere hiru seme-alabak bilduko ditu azken desio bat eskatzeko: Gabonak umetako uda-etxean igarotzea.
Ama laster hilko zaio Laliri, eta horri aurre egin bitartean, irudi erlijiosoen lapurren talde batean sartuko da.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo
Gerardo Liesa, legez kanpoko immigrazio-sareen eta dokumentu-faltsutzeen aurkako UCRIF Unitate Zentralera iritsi berri den polizia-inspektore gazteak, eta haren lankide Carmen Osések susmatzen dute Espainia osoko putetxeetan zerbait aldatzen ari dela. Suizok eta haren bazkideek errepide bazterreko hainbat klub kudeatzen dituzte, eta mundu osotik iritsitako emakumeak sexu-esplotaziora behartzen dituzte. Horietako bat da Claudia: 18 urte ditu, Kolonbian seme txiki bat utzia du, eta etorkizun hobe baten bila iritsi berri da Espainiara.
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak
Hileta laikoen enpresa baten jabea zarenean. Mozkor gidatzeagatik gidabaimena kendu dizutenean. Zu baino 25 urte gazteagoa den praktiketako ikasle batez maitemintzen zarenean. Zure alaba uste zuen aita ez zarela ohartzen hasten denean. Dirua eskatu zenion boxeolari erretiratua zure atzetik dabilenean. Heriotza bizitza baino gehiago interesatzen zaizunean... Zer atera liteke gaizki?
Bajañí deitzen zaio gitarra espainiarrari kalo hizkeran. Musika-tresna horretatik —eta zehazki, Niño Joseleren gitarratik eta artetik— abiatuta, Fernando Truebak musika inoiz ez bezala entzutea proposatzen die ikus-entzuleei. Bidaia musikal berri bat da egilearen zinematografian, hiru planeta musikalen bidez: flamenkoa, jazza eta musika brasildarra. Bertan, Niño Josele eta haren gitarra solasean aritzen dira musikalki Caetano Veloso, Ron Carter, Rubén Blades, Kenny Barron eta Marisa Monte musikariekin.
Andeetako istripua ez zen erreskatearekin amaitu. Bizirik atera zirenak itzuli ez zirenen familiak zain zituzten auzora bueltatu zirenean hasi zen beste istorio bat. Munduak haien tragedia kontakizun unibertsal bilakatzen zuen bitartean, haiek egindakoaren pisuarekin bizitzen ikasi behar izan zuten. Bizien eta hildakoen arteko arrakalak markatutako komunitate baten mende-erdia aztertzen du serie honek, eta istorio bat berriz kontatzeak hari aurre egiteko modua alda dezakeela erakusten du.
1974. Ana 19 urteko neska errebeldea da. Gaueko ihesaldi baten ondoren, aitak Emakumearen Babeserako Patronatuaren eskuetan jartzea erabakiko du. Bartzelonatik Madrilera eramango dute, mojek zuzendutako erreformatorio batean sartzeko eta diziplina-erregimen basati baten mende jartzeko. Bertan, Soleren —bizitasun kutsakorra duen herriko neska baten— eta egoera berean dauden beste neska batzuen lagun egin eta kontsolamendua eta babesa bilatzen saiatuko dira elkarrekin.
Araba, XIX. mendea. III. Karlistaldia hilzorian dagoen bitartean, emakume batzuk itota agertzen dira Gasteizko kanpoaldean. Ángela Berrosteguieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila dator, frogatzera Juan Díaz de Garayo nekazari analfabetoa dela kriminala, hain justu. Haatik, Pío Pinedok —aguazilen buruak— aurre egin beharko die gerra-garaiko baliabide faltari, batetik, eta agintarien presioari, bestetik; izan ere, hilketen bolada gero eta handiagoa ezkutatzea nahiago dute agintariek.
NEW DIRECTORS
Bere aita misteriotsuki desagertzen denean, 11 urteko Rubén ia ezagutzen ez duen amonarekin bizitzera joatea behartuta ikusten da. Denbora gelditu dela dirudien landa-ingurune batean, belaunaldiz belaunaldi familiako zauriak nola transmititzen diren ikasiko du haurrak, eta hazi ahala, horiek sendatzen saiatuko da.
Leok eta Loreak elkar maite izan dute. Agian elkar maite dute oraindik. Baina zerbait hautsi zaie. Harremana, bost urteren ondoren, amaitu egin da. Aita gaixoarekin kargatzen du Leok, erantzukizunaren eta pisatu egiten dion deskonexio emozionalaren artean harrapatuta. Lorea, gaizki ordaindutako lanen eta krisi pertsonalen artean nahastuta, berrosatzen saiatuko da nondik hasi oso ondo jakin gabe. Bi gorputz nekatu eta bakar dira, prekarietateak, konpondu gabeko arazoek, agidanez edozertara —maitasunera, egonkortasunera, heldutasunera, lasaitasunera, norberaren gogobetetasunera...— beti berandu iristen den belaunaldi baten herentzia emozionalak zeharkatzen dituztenak.
Familia identitatearen bi ikuskera ezberdinen arteko gatazka sortuko da Odesako gizon batek eta haren semeak amaren hiletarako Alemanian bizi den anaia bisitatzera joaten direnean, Ukrainako gerra piztu bezperan.
HORIZONTES LATINOS
Bizitza hobe baten bila, Lucillak bere anaia Diegorekin bidaiatzen du Mexikotik, amarekin topo egiteko Madrilen. Amak zortzi urte eman ditu Madrilen legez kanpo lanean, seme-alabak mantentzeko. Iristen direnean, bizitza uste zutena baino gogorragoa izango da anai-arrebentzat.
La Maestra eta Paula euren taldeko igerilari onenak eta lagunik onenak dira, baina festa batean jazotako gertakari batek dena nahasiko du. La Maestra bizia eta geldiezina da, eta lagunik onenarengan zerbait aldatu egin dela nabarituko du: orain triste dago. Egia argitara ateratzen denean, biek ezinezko erabaki bati egin behar diote aurre: Paulak isilik egon nahi du, baina La Maestrak justizia nahi du. Lehen garaiezina zen adiskidetasuna, inoiz ez bezala egongo da kolokan.
Txile, 1992. Aitona-amonek mendietan duten hotelean dagoela, Hanna eskiatzaile alemaniarraren lagun egin da Inés. Hanna arrastorik utzi gabe desagertzen denean, haren bilaketak ezkutuko egiak erakutsiko ditu.
Galera handi bat izan zuenetik, Olgak bakardadeari eutsi dio, baina oineko behatz lodian ebakuntza kirurgikoa egiteko dirurik ez duenez, Tuliori —Olga bizi den familia anitzeko eraikinaren pareko zentro medikoan ospitaleratutako paziente baten senarrari—, gela bat alokatu behar dio. Alabaina, gizonak egun batzuetarako alde egin beharko du eta haren seme Cristian geratuko da han aitaren ordez.
Paraguai, 1959. Erregimen militar itogarri batean, Narciso Buenos Airesetik itzuli da, rock-and-rollak liluratuta. Karismatikoa, enigmatikoa eta nola gizonek hala emakumeek desiratua, irratiko izar eta askatasunaren sinbolo bihurtuko da laster. Baina ikuskizun baten ondoren, hilik agertuko da. Isiltasunak eta beldurrak egia itotzen duten herrialde batean, nork hil du Narciso?
ZABALTEGI-TABAKALERA
El Caminante Donostiara iritsi da, edertasun argitsuko paisaia batera. Kolore gorri okreko zerrenda bat astiro mugitzen da basoetan zehar eta haizearen eta itsasoaren ertzetan zehar, gauaren zarataren eta egunaren lasaitasunaren artean. Pausoka, askoren begien aurrean dabil: munduaren handitasunean irudi lasaia, pertsona ezezagunen oroimenean arrasto iheskorra utziz. Iragana eta oraina elkarrekin fusionatzen dira. Hala sorkuntza nola natura hauts bihurtuko dira.
“Film honetan hamalau aldiz eroriko da gaua. Zenbatuko ditugu”. Horrela abiatzen da gaueko bidaia musikal hau, Jorge Oteiza euskal artistaren unibertsoan barna doan ibilbidea, non, oroz gain, barnealdeko gau bat nagusituko den: Arantzazuko santutegiko organoaren ondoan gertatzen dena. Han giltzapetuko da Oskar Alegria zinemagilea, hamalau gau horiek Iñar Sastre pianistari kontatu eta kantatzeko, azken honek filmaren irudiak ikusi gabe ere, teklen bidez irudikatzeko helburuarekin. Desafio horretatik sortuko da 14 ilargik, 14 iluntasunek eta 14 misteriok osatuko duten frisoa. Hamalau, Oteizak Arantzazuko fatxadan jartzea lortu zuen apostoluen kopurua delako; eta hamalau, hark berak zioen bezala: “gehiago kabitzen ez zirelako”.
Artxiboko materialetatik eta egitura zatikatu eta polifonikotik abiatuta, filmak flamenkoaren istorio bat proposatzen digu, modernitatearekin, herrikoiarekin eta politikoarekin lotzen duena. Kontakizunen, ustekabeko elkarteen eta hainbat garai eta testuingurutako figuren bidez, filmak flamenko ezpuru bat arakatzen du, munduarekin etengabeko elkarrizketan, non tradizioa, masa-kultura eta iruditeria garaikidea elkarrekin bizi diren.
Adela, Mexikoko soinu-artista, oihanetik Peruko Andeetara joango da Lucho gidari eta itzultzailearekin batera. Bere aitonaren —Mexikon erbesteratutako errepublikar katalan baten— legatuari jarraituz, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen soinu-mapa bat ehunduko du. Heriotzarekiko beldurra agertzen denean, errealitatea hautsi egingo da. Adelaren zeharkaldia haurtzaroko etxerako bidaia intimo bihurtuko da. Lejos de los árboles bizitzaren hauskortasunari eta gogoratzeko, entzuteko eta maitatzeko beharrari buruzko istorioz beteta dago.
Kosta Urdinean, bi haur-talde aurrez aurre, beren joko kuttunean: Mediterraneoko labar gorrietatik salto egitea. Géok bost urte besterik ez ditu, eta, uda batean, adiskidetasuna eta lehia nahasten diren eta bihotzaren lehen bulkadak tentsio-iturri bihurtzen diren mundu bat aurkituko du.
PERLAK
Hiru gizonen bizitza interkonektatuen narrazioa, hiru garaitan. Sexualitateak eta desioak, minak eta herentziak estuki lotutako hiru existentzia. Federico García Lorcaren azken lanetako bat, amaitu gabea.
BELODROMOA
Hau Sandra Sánchezen istorioa da; konbentzio guztiak desafiatu zituen Sánchezek, garai guztietako karateka onena bihurtu zen arte. Sandrak, Jesús del Moral entrenatzaile eta bizikideak gidatuta, ezinezko bidaia bati ekin zion: 39 urterekin urre olinpikoa konkistatzea, kirol batean non japoniarrak nagusi diren eta beteranoenak 30 urterekin erretiratzen baitira. Maitasun-, handitasun- eta borroka-kontakizun bat, karateaz haraindi doana eta legenda bihurtzen dena.
Lehen aldiz eszenatoki batera igo eta lau hamarkada geroago, Fermin Muguruzak eskala handiko bere azken birari ekin dio: 40 urteko musika, konpromiso eta erresistentzia kulturala ospatzeko bidaia kolektiboa. Dokumental musikal honek ibilbide horren pultsua jasotzen du; kontzertu jendetsuak, kilometroak errepidean, bidean zehar egindako topaketak eta belaunaldiak zeharkatu dituen energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi, gaur egungo bakarlari ibilbideraino.
RTVE-EITB GALA
Araba, XIX. mendea. III. Karlistaldia hilzorian dagoen bitartean, emakume batzuk itota agertzen dira Gasteizko kanpoaldean. Ángela Berrosteguieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila dator, frogatzera Juan Díaz de Garayo nekazari analfabetoa dela kriminala, hain justu. Haatik, Pío Pinedok —aguazilen buruak— aurre egin beharko die gerra-garaiko baliabide faltari, batetik, eta agintarien presioari, bestetik; izan ere, hilketen bolada gero eta handiagoa ezkutatzea nahiago dute agintariek.