XIV. Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak bost film Latinoamerikar aukeratu ditu XIV. Sebastiane Latino sarien finalista gisa. Hauek dira aukeratutako filmen izenburuak: La virgen silenciosa, Nem Toda Historia de Amor Acaba em Morte, Bowels of Hell, A Paixão Segundo G.H.B. eta Seis meses en el edificio rosa con azul.
LGBTIAQ+ komunitatearen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luzeari emango zaio saria. 2026an bost zuzendarik (lau gizonek eta emakume batek) islatzen dituzte queer errealitate latinoamerikarrak, Brasileko eta Mexikoko ekoizpenen bidez.
Epaimahaia GEHITUko aktibistek osatzen dute; alegia, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak. Horrez gain, aurten, QueerCineMad Madrileko jaialdiaren ordezkariak eta Maguey Sari mexikarra (Festival Internacional de Cine de Guadalajara) ere egongo dira. Edizio honetan epaimahaiak 45 film ikuskatu ditu, Mexikotik, Argentinatik, Brasildik, Perutik, Txiletik, Ekuadorretik, Dominikar Errepublikatik, Paraguaitik, Urugaitik, Kolonbiatik eta Puerto Ricotik etorri berri direnak. Film horiek askotariko gaiak dituzte; izan ere, iraultza identitariotik hasi eta chemsexaren errealitateraino iristen dira. Irabazlea datorren abuztuan argitaratuko da.
Aurreko edizioan, Diego Céspedes zinemagile txiletarrak irabazi zuen Sebastiane Latino saria, La misteriosa mirada del flamenco/The Mysterious Gaze of the Flamingo filmarekin, zeinak amaiera eman zion Horizontes Latinos sailari eta Gazteriaren DAMA Saria irabazi zuen aurreko Donostia Zinemaldian. Filma «Txileko mendeku eta fantasiazko road trip bat da, maitatzeak ez lukeela inoiz zigorrik ekarri beharko gogorarazten diguna: ez zigor sozialik, ez Jainkoaren zigorrik». Aurten, filma Zumarragan (irailaren 16an), Errenterian (irailaren 17an) eta Deban (irailaren 20an) proiektatuko da, eskualdetako zineklubekin lankidetzan. Aurten Sebastiane Latino saria Gipuzkoatik hedatuko da, GEHITUK Gipuzkoako Foru-aldundiko Kultura Sailarekin duen lankidetzari esker.
Beste urte batez Latinoamerikako LGBTIAQ+ zinema babestuko da, honako hauen lankidetzari esker: GEHITU; Donostia Zinemaldia; Kultura Ministerioa; Gipuzkoako Foru-aldundiko Kultura, Lankidetza, Giza Eskubideak eta Kultura Demokratikoaren arloak eta Donostiako Udaleko Kultura, Kultura Aniztasuna eta Inklusioaren Arloak. Lankidetza hori Donostia Zinemaldiako 74. edizioan amaituko da, zeina aurten irailaren 18tik 26ra bitartean egingo den. Bertan emango da 27. Sebastiane saria, eta XII. Iberoamerikako LGBTIAQ+ Zinema-jaialdien Topaketa egingo da, urtero Espainiako eta Latinoamerikako 25 lehiaketa biltzen dituena.

Valeria harrapatuta dago bere amaren kontrolaren eta Mexiko Hiriko auzitegi batean duen lanaren errutinaren artean. Bizitza erabat aldatuko zaio Tania ezagutzean, zeinaren eraginez aurre egingo dien amaren autoritateari eta inguratzen dioten bidegabekeriei.

Sol Lolaz, aktore mutu gazte batez, maitemintzen da, eta harreman bat izaten hasten dira. Dena korapilatzen da Lola Miguelen, Solen senargai ohiaren, etxe berean bizitzen hasten denean. Triangelu bitxi horretan, deskubrituko dute maitasun baten heriotzak beste baten jaiotza ekar dezakeela.

Mexiko Hiria, 90eko hamarkadaren hasiera. Brunok 11 urte betetzen dituen egunean bere lagunik hoberenaz, Vladimirez, maitemintzen da. Gau horretan bere aitak GIB positiboaren diagnostikoa jasotzen du, eta familiako bizitza eraldatzen da. Saltsako abestietan egiten den modura, Brunoren familia abesten eta dantzatzen saiatzen da mina urruntzeko. Hogeita hamar urte ondoren, Brunok filmatu eta berrirudikatu egiten du dena ulertzea lortu ez zuen ume horren memoria.

Iraganeko traumek eta alaba bihurri batek kokoteraino dute Malú. Madarikazio bitxi batek komunak munstro hilgarri bilakatzean, Malú amesgaizto surrealista batean murgiltzen da, zeinetan amatasuna, dolua eta beldur existentziala ezin diren komun-zulotik bota.

Amodio-kontu bat hirukote batean bilakatzen da, eta hirukotea orgia batean. Logela batean girotutako errealismo magikoko odisea gay honetan, Matías Brasilgo literaturako fikzio-pertsonaia batekin mintzatzen da, iraganean izandako amodio-istorioak gogoratu eta bere etorkizunaren gogoeta egiten duen bitartean.