Alemania, Bulgaria, Txile, Hego Korea, Espainia, Iran, Japonia, Kazakhstan, Mexiko, Norvegia, Erresuma Batua, Ukraina eta Taiwango hainbat zinemagilek euren lehen eta bigarren film luzeak aurkeztuko dituzte New Directors sailean. El mal hijo / The Bad Son Jaime Lorenteren lehen film luzeak, sailari hasiera emango dio, eta Billy Lumbyren FLORID lehen film luzeak itxiko du. Hamalau obrak Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 74. edizioan (irailaren 18tik 26ra).

Billy Lumbyk (Londres) bere lehen film luzea aurkeztuko du, FLORID; filmeko protagonista, gizon gazte bat, saiatu egingo da bere buru-arazoak, medikazioa eta drogak bere asmo musikalekin orekatzen. Zinemagile eta gidoigile britainiarrak lehendabizikoz zuzendu du film luze bat Suspended Animation (2009), God View (2012) eta Samuel-613 (2015; BAFTA sari baterako izendatua) film laburren ondoren.
Naëmi Ada (Tübingen, 1994) zinemagileak bere lehen lan Body of Glass estreinatuko du. Filmak dantzari gazte baten istorioa kontatzen digu: harreman toxiko batez lotutako mutil-lagunarekin liskar bat izan ondoren, bizitza paralelo bat izaten hasiko da protagonista. Zinema ikasi eta film laburrak eta obra esperimentalak zuzendu aurretik, dantza garaikidearen arloan trebatu zen Alemaniako errealizadorea.
Bere lehen lan Lluvia (2023) hainbat zinema-jaialditan erakutsi ondoren (hala nola Málaga, Miami, Morelia, La Habana eta Los Angeles), Rodrigo García Saizek (Mexiko Hiria) Donostian estreinatuko du Morro. Mexikarraren bigarren filma Mexikoko herri batean girotuta dago: albaitari batek, semea galdu ondoren, mafiaburu lokal baten txakurra sendatu beharko du, eta doluak zeharkatutako lotura bat sortuko da bi izakien artean.

Marlene Emilie Lyngstad (Oslo, 1997) zinemagile norvegiarrak —Danimarkan kokatuak— bere lehen film luze Cute zuzendu berri du; bere sentimendu debekatuez kezkatuta, neska-lagun eta alabarekin bizi nahi ez duen gizon bat da protagonista. Lyngstadek zuzendutako film laburrei dagokienez, nabarmentzekoa da Norwegian Offspring (2023), Cannesko zinema-jaialdiaren barneko La Cinef atalaren —zinema-eskolek aurkeztutako lanak hartzen dituenaren— lehen saria.
The Ballet Lesson da Kazuya Murayama (Ishikawa, 1982) zuzendari japoniarraren bigarren obra, Torao (2021) pelikularen ondoren. Filmak soldadu ohi errusiar baten istorioa kontatzen digu: Japoniara itzuliko da seme-alaben bila (seme-alabek bi nazionalitate dituzte), horien amarengana —ballet-dantzari japoniarra— eramateko.
Zuzendari laguntzaile eta ekoizpen-diseinatzaile gisa aldez aurretik aritua, Ayana Nurdinova (Almatý, 1995) errealizadore kazakhstandarrak bere lehen lana aurkeztuko digu. Mugalimeko protagonista Balkhash izeneko herrixkatik alde egiteko ametsa duen musika-irakasle bat da; bidean dela, alabaina, ulertuko du musika leku guztietan dela ezin garrantzitsuagoa.
Massih Parsaei (Teheran, 1992) zinemagile irandarra Lovers Sleep Alone filmarekin hasi berri da film luzeen zuzendaritzan; iaz WIP Europan hautatua izan zen proiektua. Berlinen lan-prekariotasuna dela-eta gaizki bizi den gizon gazte irandar erbesteratu bati buruzkoa da obra; gizon batekin baino ez du harremana protagonistak (sexu esporadikoa izateko baino ez, gainera), harik eta egun batean Teherango lehengusina bisitatzera etortzen zaion arte.

Ri Guang / Will You Still Be My Friend Lu Po-Shunen (Taiwan, 1992) lehen film luzea da. Taiwango landa-herrixka batean —gatazka hazkor batean murgildutakoan— girotua, gazte baten borroka islatzen du filmak: lagun onenarekin —Singapurren hazitakoarekin— adiskidetasuna mantentzeko zailtasunak izango ditu protagonistak.
Hristo Simeonovek (Bulgaria, 1985) bere lehen film Obuvkite na bashta mi / My Father's Shoes aurkeztuko digu Zinemaldian. Filmak neska gazte baten eta haren amaren istorioa kontatzen digu. Senide baten —lehenaren aitaren eta bigarrenaren senarraren— gorpua identifikatzera joan behar dute ama-alabek; aspalditik zeuden emakumeak gizonarengandik urrunduta.
Thomas Woodroffe zuzendariak (Santiago, 1995; gaur egun Elías Querejeta Zine Eskolan Artxiboko masterraren ikaslea berau) Bloques erráticos / Erratics estreinatuko du. Txiletarraren lehen film luzeak Lucien Castelnau zinemagilearen mamuaren istorioa kontatzen digu; izan ere, ehun urte gatibu egon ondoren glaziar batean, askatu eta Patagonia futurista batetik igaroko da; han, aurrerapen teknologikoak ahantzitako istorioekin egingo du talka. Woodrofferen Fiebre austral / Austral Fever (2019) film laburrak Nest Sariaren aipamen berezia jaso zuen, eta Veneziako eta Torontoko jaialdietan ere erakutsi zen.
Busanen eta Rotterdamen hainbat sari beretu ondoren Nam-mae wui Yeo-reum-bam / Moving On (Perlak, 2020) bere lehen film luzearekin, Yoon Dan-bi zuzendari hegokorearrak (Gwangju, 1990) Donostian estreinatuko du bere bigarren film luze The World Before. Jinen istorioa kontatzen digu ekoizpen hegokorearrak: amonarekin uharte urrun batean bizi da emakume gaztea, lasaitasunean murgilduta. Alabaina, amona hiltzen denean, beste norbait iritsiko da uhartera: Doojae. Ustekabeko intimitatea sortuko da haren era Jinen artean.

Arestian aipatutako film guztiek, jada iragarritako ekoizpen espainiarrez gain (hala nola Esta soledad / This Solitude, Javier Ginerrena; Jaime Lorenteren El mal hijo / The Bad Son —sailari hasiera emango diona—; eta Sieben Tage Februar / February, Seven Days, Tatjana Moutchnikena) Kutxabank-New Directors saria lortu ahalko dute: 50.000 euro, zuzendariarentzat eta filma Espainian banatzen duenarenarentzat, erdi bana. Saria Kutxabankek —Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak– babesten du. Orobat, New Directors saileko filmak Gazteriaren DAMA saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18-25 urteko 150 ikaslez osatutako epaimahai batek erabakitzen du.
Donostia Zinemaldiak zinemagileen lehen eta bigarren film luzeei eskainitako sail bat du duela bost hamarkadaz baino gehiagoz geroztik, eta horrek agerian uzten du zenbateraino egiten duen talentu berrien alde. Eta horren froga da, izan ere, Zinemaldiak hasiera-hasieratik babestu dituela Olivier Assayas, Nicolas Winding Refn, Jonathan Glazer, Luicile Hadzihalilovic, Bong Joon-ho, Isabel Coixet, Walter Salles eta Kevin Smith zinemagileak, besteak beste. Zehazkiago, iazko edizioan, adibidez, New Directors sailean hautatutako filmek 50 sari eta izendapen inguru bildu zituzten Donostiatik igaro ondoren.
Bere aita misteriotsuki desagertzen denean, hamaika urteko Rubén ia ezagutzen ez duen amonarekin bizitzera joatea behartuta egongo da. Denbora gelditu dela dirudien landa-ingurune batean, belaunaldiz belaunaldi familiako zauriak nola transmititzen diren ikasiko du haurrak, eta hazi ahala, horiek sendatzen saiatuko da.
Jamalek eskizofrenia du diagnostikatuta eta osasun mentaleko arazoak dituzten beste pertsona batzuekin bizi da egoitza batean. Medikazioaren albo-efektuek frustrazioa sortzen diotenez, hartzeari utziko dio; horren ondorioz, entzuten dituen ahotsak geroz eta ohiko eta biziagoak izango dira. Jamalen aldartea gero eta ezegonkorragoa izango da. Kyla ezagutuko du egun batean, beste egoiliar bat. Haatik, ahotsak biziagotu ahala, Jamalek aurre egin beharko dio errealitatearen eta familiarekin bizitako jazokizunen arteko lerro lausoari, ahots horiekin adiskidetu nahi badu.
Lucien Castelnau zinemagilearen mamua noraezean dabil, glaziar batean ehun urte gatibu egon ondoren, Patagonia futurista batetik; han, aurrerapen teknologikoak ahantzitako istorioekin egingo du talka. Ez da atseden hartzeko gai, bere ondare zinematografikoak ikusezin jarraitzen baitu, eta bitartean, ahaztu duen mundu bat zeharkatuko du, historian leku baten eta ikus-entzuleen bila, bere obra galduari bizia itzuliko dietelako itxaropenez.
Tian dantzariak ihes egingo dio Felix bere bikotekide kontrolatzailearekin Marseillan zeraman bizitzari, harekin gorabehera bortitz bat izan ondoren. Isolatuta eta norbaitekin konektatzeko premia larria duela, gizon gazte baten dolu-talde batean infiltratuko da, gizona ezagutzen ez bazuen ere. Talde horren min eta afektuan nahasita, egia arriskutsu bat ezkutatzen du etxean. Gezurrak, atsekabeak eta errealitateak talka egiten dutenean, Tianek zikloa hautsiko ote duen erabaki beharko du.
Zazpi urteko alabaordeagatik dituen sentimendu debekatuengatik oinazetua, Richardek neska-laguna abandonatzea eta haurtzaroko etxean babestea erabakiko du, etxea berritu eta saldu aurretik. Baina bere buruari inposatutako erretiroa nahasi egingo da Rocharden ama zaintzen duen ume-itxurako Stellaren presentziagatik. Richardek laster deskubrituko du emakumeak bizitza bikoitza daramala camgirl gisa, eta erlazio transgresibo bati ekingo diote, aita-alabak izango balira bezala; alabaina, erlazioa birrindu egingo da abandonatutako alabaorde hark harremana berrartzen duenean.
Leok eta Loreak elkar maite izan dute. Agian elkar maite dute oraindik. Baina zerbait hautsi zaie. Harremana, bost urteren ondoren, amaitu egin da. Aita gaixoarekin kargatzen du Leok, erantzukizunaren eta pisatu egiten dion deskonexio emozionalaren artean harrapatuta. Lorea, gaizki ordaindutako lanen eta krisi pertsonalen artean nahastuta, berrosatzen saiatuko da nondik hasi oso ondo jakin gabe. Bi gorputz nekatu eta bakar dira, prekarietateak, konpondu gabeko arazoek, agidanez edozertara —maitasunera, egonkortasunera, heldutasunera, lasaitasunera, norberaren gogobetetasunera...— beti berandu iristen den belaunaldi baten herentzia emozionalak zeharkatzen dituztenak.
Imanek hainbat absentziaren inguruan eraiki du bere bizitza Berlinen: familiarena, Iranena eta besteengandik ezagutua izatearena. Lanarekin, asmatutako istorioekin eta parkean sexua izateko ikusi ohi duen gizon batekin emandako gauekin betetzen du isiltasuna. Lehengusina —Imanek ia ezagutzen ez duena— Teheranetik bisita labur baterako iristean, atzean utzitako hura isil-isilik itzuliko da protagonistaren bizitzara.
Mateo albaitaria da herri txiki batean. Semea hil zitzaionetik, errutina isilen eta izenik gabe dirauen erru baten artean igarotzen zaio bizitza. Tokiko indarkeria ez da bat-batean sartzen: ezkutuan mantentzen da, etengabeko oihartzun gisa. Oreka hauskor hori aldatu egingo da Mateok mafiaburu lokal baten txakur zauritua —Morro— sendatu behar duenean. Animaliaren eguneroko zaintzan ustekabeko lotura bat sortuko da: epairik eta hitzik gabeko harreman bat, Mateori bizitzeko zentzua itzuliko diona.
Zhandos, Balkhash hiri txikian bizi den musika-irakasle maitatu batek, amets bat du: hiri handi batera joatea bizitzera. Aparteko lanak egiten dituela jakinik ere, eskolak ezikusiarena egiten du, baina jaio zeneko hiriari nostalgia dion mezenas bat iritsi eta Zhandosek handik alde egiteko aukera izango du. Orduan, garrantzitsuena zer den erabaki beharko du: barnean daraman artea ala artean izan dezakeen eginkizuna.
Mima aitaren absentziarekin eta ama zorrotz batekin (Boyka) hazi da. Aita hil delako albistea iritsi eta gorpua herrira itzultzen denean, hura identifikatzea eginbeharra eta, aldi berean, dilema bihurtuko da. Boykak ez du kondizio horretan ikusi nahi bere garaian maite zuen gizona, eta ama-alabak ezinbestean egin beharko diote aurre isilarazitako iragan hari; Minak, bestalde, deskubritu egin beharko du zer dakarren berekin aukeratu gabeko bizitza bat eramatea.
Taiwango herri batean, gatazka gero eta gogorrago baten erdian, mutil bat bere lagun onenarekin —Singapurren hazitakoaren— duen adiskidetasun sekretua babesteko borrokan dabil; bi mutikoak banantzeko arriskua ekarriko dute helduen arteko liskarrek. Gainera, bere adiskidearenganako sentimenduen benetako izaera zalantzan jartzen hasiko da protagonista isilean.
Familia-identitatearen bi ikuskera ezberdinen arteko gatazka sortuko da Odesako gizon batek eta haren semeak amaren hiletarako Alemanian bizi den anaia bisitatzera joaten direnean, Ukrainako gerra piztu bezperan.
Japoniako probintzietako hiri batean, jatorri japoniar eta errusiarreko Nikita eta Nina anai-arrebek bizitza isolatua daramate euren aitona-amona errusiarrekin. Entzundako kontakizunen bidez bakarrik ezagutzen dituzte gurasoak, kanpoan baitaude horiek. Aita, Nikolai, ustekabean itzultzean, seme-alabekin bidaia bat hasiko du gizonak haurren ama Yukiren bila; ballet-dantzari japoniarra da Yuki. Bidean, haurrek paisaia berriak, topaketa labur-laburrak eta familia baten lotura hauskorrak deskubrituko dituzte.
Jinek 17 urte ditu baina ez da sekula jaio zeneko uhartetik irten: leku isolatu bat, kontinentearekin konektatzeko errepiderik gabea; itsasoak bizi-erritmoa markatzen du hor, baketsu. Dujae Jinen amonaren hiletara joateko iristen denean, atzean utzitako etxean geratuko da gizona bakar-bakarrik. Jinek aitzakia txikiak bilatuko ditu Dujaeri bisita egiteko eta, apurka-apurka, bere egunerokoaren parte bihurtuko dira bisita horiek. Udak aurrera egin ahala, betidanik ezagutzen duen uhartea arrotz egiten hasiko zaio; inguruko bideak, itsasoa eta aurpegiak, agidanez, eraldatu egin dira apur bat. Jinek inguruari —eta bere buruari— behatuko dio lehendabizikoz. Alabaina, udak —uharteko gainerako denak bezala— ez du betirako iraungo.