Donostia Zinemaldiak, San Telmo Museoak, ICAAk (Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak), Red Balloon Alliance elkarteak eta CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkarteak berriz ere bultzatuko dute Puxika Gorria –Zinemaldiaren egunetan (irailaren 18tik 25era) martxan egongo den sormen-jardueren ludoteka-zerbitzua–, Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldearekin elkarlanean.
Puxika Gorriaren zortzigarren edizio honetan ere, San Telmo Museoan egingo dira zerbitzuaren jarduerak, 120 metro karratuko gune batean, eta terraza estalia izango duen barneko espazio bat egokituko da bertan. Zerbitzua, Zinemaldian familia-kontziliazioa errazteko helburua duena, hala pertsona akreditaziodunen eta Zinemaldiaren antolakuntzako langileen seme-alabei nola bertaratutako ikus-entzuleei zuzenduta egongo da. Aurten, Puxika Gorriak bere ordutegia luzatuko du, eta zinemarako sarrera duten pertsonek zerbitzua aipatutako ordutegi guztietan erabili ahal izango dute.
Red Balloon Alliance ekimenaren parte, Puxika Gorria Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien kontziliaziorako guneekin (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten, hurrenez hurren) bateratutako jarduera da. Annecy (Frantzia), Punto de Vista (Nafarroa) eta Seminci (Valladolid) dira ekimenera batu berri diren zinema-jaialdiak.
Hainbat enpresa eta erakunderen babesa du Puxika Gorriak, besteak beste, honako hauena: Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, Buena Pinta Media, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea, ICAA Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua, Elástica, German Films, Morena Films eta San Telmo Museoa. Gainera, DonostiKidSSen, Itsas Museoaren eta Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldearen laguntza du.

Ludotekak irailaren 18tik 24ra 10:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak eta 25ean, aldiz, 10.00etatik 13:00era. Akreditaziodun batek inskribatutako haur bakoitzak gehienez ere segidako sei ordu igaro ahalko ditu bertan. Ikus-entzuleen kasuan, aldiz, gehienez ere hiru orduz egon daitezke ludotekan, tutoreek ikusiko duten filmarekin bat egiten duen ordutegian.
Bai akreditaziodunek zein publikoak gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin erreserbatu behar dute plaza. Lekua eskatzeko, formulario hau bete beharko da, zehaztuta zer egunetarako nahi den erreserbatu zerbitzua eta zein den haurraren adina, eta Zinemaldiko akreditazioaren egiaztagiria edo zinemarako sarrera erantsi behar da. Lekuak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Zinemaldiko akreditaziodunek.
Ludotekan inskribatzen diren familiek doako haurrentzako jarduerak egiteko aukera izango dute. Zinemaldiaren zortzi egunetarako tarifa 65 euro da; 40 euro hiru egunetarako; eta 20 euro egun baterako. Ikusleek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta sarrera aurkeztu.
Kids and Party Multiespacios de Ocio Educativo taldeko zaintzaileek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dute arreta, eta halako guneetan jarduteko beharrezko aseguru guztiak dituzte. 2019an jaio zenetik, enpresa Puxika Gorriaren arduraduna da, eta Red Balloon Alliance elkartearen eskutik hainbat proiektutan haurren zaintzan aitzindaria da.
Beste kontsulta edo eskaera batzuetarako, Kidsandparty1@gmail.com eta redballoonalliance@gmail.com helbideetara idatzi behar da.

