RTVEk, Donostia Nazioarteko Zinemaldiaren babesle ofizialak, lau gala egingo ditu aurtengo Zinemaldian, RTVEren partaidetza duten filmetako zenbaitzuk jendaurrean aurkezteko. Askotariko filmak izango dira (komedia, thriller historikoa, dokumentala, etab.): José Motak bere lehen lana aurkeztuko digu zuzendari gisa, eta Jose Corbachok, Manuel Menchónek eta David Pérez Sañudok euren lan berriak erakutsiko dituzte. Irailaren 18tik 26ra egingo da Donostia Zinemaldiaren 74. edizioa.

José Motak zuzendutako fikziozko lehen lana barreak eta maitasunak eraldatzeko duten ahalmenari buruzko komedia zirraragarria da, José Motaz gain honako hauek ere badituena protagonista: Pablo Cabello gaztea, Karra Elejalde, Olivia Molina, Diego Anido, Mila Borrás, Luciano Scarpa eta Eugenio Barona. Zinema-aretoetan urriaren 9an estreinatuko dela dago aurreikusita.
Istorioa XX. mendearen hasieran dago kokatuta, eta protagonista soldadu bat da, izan zen haurra berreskuratu beharko duena, bere aitaren —munduari umorez behatzen erakutsi zion komiko ibiltari baten— legatuaz gainera. Bidaia horretan deskubrituko du, hain zuzen, zoritxarrari aurre egiteko modurik onena izan daitekeela barrea.
Izen bereko antzezlan arrakastatsuaren egokitzapen zinematografikoa, Jose Corbachok zuzendua, komedia erromantiko bat da, baina horrez gain, galtzaileen istorio bat ere bai: penagarriak izanik hasiera-hasieratik maitagarriak ere badiren pertsonaiak. Plot twist baten ondoren, egoera bizkor-bizkor aldatu eta aurrekoa baino eroagoa izango da, umorez eta barrez beteta betiere. Azken batean, generoaren osagai klasiko guztiak izango ditu istorioak, kosta ahala kosta maitasunaren alde borrokatuko den bikote bati buruzkoak.
Adriana Torrebejano, Marcel Borràs, Carol Rovira, Francesc Ferrer, Jordi Sánchez, Sílvia Abril eta Santi Millán daude aktore-zerrendan.
La voz quebrada / Lorca: Broken Voices Manuel Menchónen film dokumentala da, eta Juan Ramírez de Lucasek —Federico García Lorcaren benetako maitasunak— ezkutuan gordetako memoriak, material pertsonalak eta oroitzapenak hartzen dituena abiapuntutzat. Gerra zibilaren hasierak eta Lorcaren erailketak maitasun-istorio hura suntsitu zutenetik 90 urtera, poeta eta antzerkigilearen alderdi intimoa erakusten da, harrez geroztik isilduta egon den istorio baten bihotzera egindako bidaia emozional batean. Urriaren 16an estreinatuko da zinema-aretoetan.
Hilabete haiek bizi izan zituztenei ahotsa itzultzeko, Álvaro Morte da aktore-zerrendaren burua (Federico García Lorcaren rolean), eta Francesco Carril, Joaquín Notario, Pedro Casablanc, Verónica Sánchez, Víctor Clavijo, María Galiana eta Alberto San Juan aktoreek osatzen dute casta.
Sacamantecas / The Haverster David Pérez Sañudoren hirugarren film luzea RTVEren eta EITBren baterako gala batean aurkeztuko da. Egiazko gertakarietan oinarritutako thriller erakargarria hau III. Karlistaldiaren amaieran girotuta dago, hainbat emakume Gasteizen itota agertu eta biktimetako baten ahizpa justizia bila hasten denean.
Patricia López Arnaiz eta Antonio de la Torre dira Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak sailean parte hartuko duen film honen protagonistak.
RTVE Galetako lau filmez gain, Korporazioaren babesa izan duten beste bost film ere egongo dira Donostia Zinemaldiaren 2026ko edizioan.

Mikel Gurrearen Sants / Saints lehian ariko da Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra lortzeko; Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan, halaber, Daniel Monzónen Ruega por nosotras / Pray for Us eta Koldo Almandozen Azken agurra / The Last Goodbye ikusiko dira; New Directors sailean, bestalde, Esta soledad / This Solitude, Javier Ginerren lehen film luzea aurkeztuko da; eta Zabaltegi-Tabakaleran, azkenik, Meritxel Collelen Lejos de los árboles / Far From the Trees.
RTVE GALAK
1905. Komiko ibiltari batek bizitzako bazter orotan magia eta umorea ikusten erakutsi dio bere seme txiki Michiri. Urte batzuk geroago, gerra-garaian, Michi gorrotoak hartutako gizon mingotsu bihurtu da. Ezusteko jazokizun baten ondorioz, Conchita topatuko du berriz, haurtzaroko maitea, eta aitak munduari buruz muinetaratu zion ikuspegi liluragarri hura berreskuratzen lagunduko dio horrek Michiri.
Haurdun dagoela jakingo du Bertak. Ez daki zer egin, ez baitago seguru Manelek —bere mutil-lagunak— maite ote duen. Bere adiskide Sílviak gomendatuta, Maneli burundanga —egiaren droga— ematea erabakiko du. Alabaina, droga efektua egiten hasten zaionean, askoz ere harrigarriagoa izango da Manelek aitortutakoa: ETAren komando baten parte dela, hain zuzen.
Federico García Lorcaren erailketak (1936an) mito bihurtu zuen poeta. 90 urte egon dira ezkutatuta izen bat, debekatutako harreman bat eta Mexikora ihes egiteko plan bat. Film hau faxismoak zapuztutako azken maitasun-istorio baten —Lorcaren eta Juan Ramírez de Lucas izeneko gazte baten artekoaren— tragedia da. Dokumentu argitaragabeekin eratutako lana: gutunak, poemak eta oroitzapenak. Juanek idatzita utzi zuen: hil ondoren, dena jakin beharko zen.
RTVE-EITB GALA / SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak
Araba, XIX. mendea. III. Karlistaldia hilzorian dagoen bitartean, emakume batzuk itota agertzen dira Gasteizko kanpoaldean. Ángela Berrosteguieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila dator, frogatzera Juan Díaz de Garayo nekazari analfabetoa dela kriminala, hain justu. Haatik, Pío Pinedok —aguazilen buruak— aurre egin beharko die gerra-garaiko baliabide faltari, batetik, eta agintarien presioari, bestetik; izan ere, hilketen bolada gero eta handiagoa ezkutatzea nahiago dute agintariek.