Donostia Zinemaldiaren 74. edizioan, Zabaltegi-Tabakaleraren programazioan 22 pelikula izango dira guztira (zehazki, 13 film luze, zazpi film labur, film ertain bat eta ikus-entzunezko performance bat). Hautaketak, Cannes, Berlin, Venezia, Rotterdam, Toronto, Locarno eta Cinéma du Réel zinema-jaialdietako (besteak beste) lanak biltzen ditu, eta Lee Chang-dongen, Radu Juderen, Tsai Ming-Liangen, Tizza Coviren, Rainer Frimmelen eta ibilbide ezaguneko beste zinemagile batzuen obra berriak biltzen ditu, gorabidean diren egileekin eta egile hasiberriekin batera. Sailak Zinemaldiarekin lotura berezia duten zinemagileak ere barne hartuko ditu, hala nola María Alché eta Benjamín Naishtat (izan ere, sailari hasiera emango diote) eta Isaki Lacuesta (amaiera emango dio), baita Donostiara itzuliko diren beste batzuk ere, hala nola Federico Luis, Jane Schoenbrun edo Bojina Panayotova. Programazioa Albertina Carrik lehiaz kanpo eskainiko duen ikus-entzunezko performance batekin osatuko da.
Pedro en el país / Pedro in the Land izango da sailari hasiera emango dion obra, ez-fikziozko film luze bat; pelikulan, Pedro Catellak, Latinoamerikako jazokizun historiko nagusien lekuko izan zenak, bere bizitzaren errepasoa egiten du. Film luzea María Alchék (Buenos Aires, 1983) eta Benjamín Naishtatek (Buenos Aires, 1986) zuzendu dute, Donostia Zinemaldiarekin lotura estua duen bikote argentinarrak, hain justu. Biak Sail Ofizialean lehiatu ziren Puan (2023) filmarekin, Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria eta Interpretazio Protagonista Onenaren Zilarrezko Maskorra (Marcelo Subiottorentzat, ex aequo Tatsuya Fujirekin) eskuratu zituena. Aurretik, Alchék Horizontes Saria irabazi zuen Familia sumergida / A Family Submerged filmarekin (2018), eta Naishtatek, berriz, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen Rojo (2018) pelikulagatik, Horizontes Latinos sailean Historia del miedo / History of Fear (2014) obrarekin parte hartu ondoren.
María Aparicio (Córdoba, 1992) Zabaltegi-Tabakalera sarirako lehiatuko da A veces me entra tristeza, otras veces rebelión / Sometimes Sadness, Sometimes Rebellion filmarekin, Veneziako zinema-jaialdiko Giornate degli Autori atalean estreinatu ondoren. Filmeko protagonista Eva da, emakume argentinar bat, Madrilen dagoela Juan Bialet Masséren irudia eta Argentinako langile-borrokak ikertzen dituen historialari bat ezagutuko duena. Argentinako gidoigile eta zuzendariak zuzendutako lehen filma Las calles (2016) izan zen, eta, horri esker, zuzendari onenaren saria jaso zuen BAFICIn, Latinoamerikako filmetarako lehia ofizialean. Sobre las nubes (2022) obrarekin film onenaren saria lortu zuen FICValdivian eta Argentinako film onenarena, berriz, Mar del Platako zinema-jaialdian.
Tanmay Chowdhary (Kalkuta, 1990) eta Tanvi Chowdhary (Kalkuta, 1995) anai-arrebek Abhinetri / Actress aurkeztuko digute, mundu-estreinaldi gisa. Aktore izan nahi duen emakume gazte bat da film labur honen protagonista, eta errealitatearen eta interpretazioaren arteko lerroa lausotzen hasi dela ikusiko du. Aurretik, Madhu / Honey (2022) filmean —nazioarteko hainbat jaialditan hautatutakoan— parte hartu zuten biek. Lan horren ondoren, Tanmayk Leela (2024) zuzendu zuen, Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztutako lana, Rotterdamen estreinatu ondoren.

The Loneliest Man in Town lanean, Tizza Covik (Bolzano, 1971) eta Rainer Frimmelek (Viena, 1971) aktore ez-profesionalen eta jokaleku naturalen aldeko apustua egin dute oraingoan ere, eta blues-musikari adindun baten bizitza hauskorra kontatzen digute euren lan berrian. Protagonistaren bizitzak bira handia izango du higiezin-sustatzaile batzuek gizonaren etxeari erreparatzen diotenean (eraitsi nahi dutelako). 2002az geroztik, bikote italiar-austriarrak film ugari zuzendu ditu Vento Film ekoiztetxearekin batera. 2009an, La Pivellina / Little Girl hautatua izan zen Cannesko zinema-jaialdiko Quinzaine des Cinéastes atalean, eta Austriaren ordezkari izatera iritsi zen Oscar sarietan. 2020an, Aufzeichnungen aus der Unterwelt / Notes from the Underworld filmak aipamen berezia jaso zuen Berlinaleko Panorama sailean, eta Verak (2022) zuzendaritza onenaren saria beretu zuen Veneziako Mostrako Orizzonti sailean. The Loneliest Man in Town obra Donostiara iritsiko zaigu aipamen berezia jaso ondoren aurtengo Berlinaleko lehia ofizialean.
Rotterdamgo zinema-jaialdian estreinatu ondoren, Mo Harawek (Muqdisho, 1992) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Whispers of a Burning Scent film laburrarekin. Filmak ezkontza-musikari bat du protagonista, funtzio garrantzitsu baten eta bista judizial erabakigarri baten egun berean, bere bizitza pribatua azterketa publikoaren pean nola geratuko den ikusiko duena. Haraweren film labur sarituetako bi Life on the Horn (2020) —Locarnoko Pardi di Domani atalean aipamen berezia jaso zuena— eta Will My Parents Come to See Me (2022) dira. Bere lehen film luzeak —The Village Next to Paradise (2024) izenekoak— Cannesko Un Certain Regard atalean parte hartu eta golardo ugari eskuratu zituen.
Radu Jude (Bukarest, 1977) eta Adrian Cioflâncă (Piatra Neamț, 1974) Zabaltegi-Tabakalera saria beretzeko lehian ariko dira, besteak beste Berlinalen eta Cinéma du Réelen proiektatutako Plan contraplan / Shot Reverse Shot film laburrarekin. Istorioaren alde komikoa erakusten digute bi zuzendari errumaniarrek, Edward Serotta kazetariak Errumania komunistara egindako bisitaldian ateratako argazkiak eta polizia sekretuak Serottari berari ateratakoak kontrajarriz. Jude egungo zinemagile europar ospetsuenetako bat da, Toata lumea din familia noastra / Everybody in Our Family (2012), Aferim! (2015), Inimi cicatrizate / Scarred Hearts (2016), Îmi este indiferent dacă în istorie vom intra ca barbari / I Do Not Care If We Go Down in History as Barbarians (2018) eta Tipografic majuscul / Uppercase Print (2020) lanen egile izanik. Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn (2021) ere Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu zen, Urrezko Hartza beretzeaz gain Berlinalen. Cioflâncă, berriz, historialaria da trebakuntzari dagokionez, eta aholkulari gisa lan egin du hainbat film eta antzerki-muntaketatan, Judekin batera Iesirea trenurilor din gara / The Exit of the Trains (2020) eta Memories from the Eastern Front (2022) zuzentzeaz gainera (biek Berlinalen izan zuten mundu-estreinaldia).

Veneziako Giornate degli Autorin estreinatu ondoren, David Lamelas (Buenos Aires, 1946) eta Ignacio Masllorens (Buenos Aires, 1973) zuzendariek El fantasma / The Phantom, aurkeztuko digute. Argentinarren filmeko protagonistak bi ekoizle gazte dira, enkargu bat jasoko dutenak: 60ko hamarkadako abangoardia argentinarreko pertsona zaputz bati buruzko dokumental bat zuzentzea; ikerketak David Lamelasen beraren partaidetza eskatzen du. Lamelas, mugimendu haren protagonistetako bat, askotariko lanen egile da: zinema, eskultura, performancea eta instalazioa; halaber, Veneziako Biurtekoan parte hartu du, bere obrak MoMAn erakusteaz gain, eta hainbat aintzatespen beretu ditu, hala nola Guggenheim beka eta DAAD Stipendium. El fantasma bere lehen film luzea da. Masllorensek zuzendutako film eta bideoak, bestalde, hainbat zinema-jaialditan eta zentrotan erakutsi dira, hala nola Anthology Film Archivesen, Cinémathèque françaisen eta ARCOmadriden, hainbat erakundek (Fundación Fortabat, Fundación ArtHaus, Fondo Nacional de las Artes eta Salón Nacional de Artes Visuales) antolatutako arte bisualetako sariak erdiesteaz gain.
Lee Chang-dong hegokorearrak (Daegu, 1954) Ga-neung-han Sa-rang / Possible Love, aurkeztuko digu, Venezian lehiatu eta Torontotik igaro ondoren. Pelikulako protagonistak bi bikote dira, eta kontrako bizimoduak dituztela badirudi ere, gurutzatu egingo dira azkenean eta duten errutinaren oreka aldatu egingo da. Eleberrigilea, gidoigilea eta egungo zinema hegokorearreko zinemagile itzaltsuenetako bat, Leek Bakha satang / Peppermint Candy (1999), Oasiseu / Oasis (2002), Milyang / Secret Sunshine (2007), Shi / Poetry (Perlak, 2010) eta Burning (2018) filmak zuzendu ditu, Cannesen, Venezian eta halako jaialdietan sarituak. Orobat Heartbeat (2022) film laburrarekin Zabaltegi-Tabakalera Saria beretzeko aritu zen lehian.
Cannesko Zinemaldian film labur onenaren Urrezko Palma irabazi ondoren, Federico Luisek (Buenos Aires, 1990) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Para los contrincantes / For the Opponents filmarekin, boxeo-txapeldun bihurtzeko ametsa duen gazte mexikar bati buruzkoarekin, hain justu. Zinemagilearen lehen lanak —La siesta izenekoak— Cannesko film laburren lehiaketa ofizialean hartu zuen parte 2019an, eta BAFICIn ere film labur onenaren saria eraman zuen. Geroago, La hija (2022) estreinatu zuen jaialdi horretan bertan, eta En el misísimo momento (2023) pelikulak film labur onenaren saria lortu zuen IDFAn. 2024an Cómo ser Pehuén Pedre film laburra aurkeztu zuen Visions du Réelen eta Zabaltegi-Tabakaleran, eta urte horretan bere lehen film luze Simón de la Montaña, Cannesko Semaine de la Critiqueko Grand Prix saria lortu zuen Horizontes Latinosen parte izan aurretik.

Berlinaleko Panorama Dokumente sailean estreinatu ondoren, Tobias Nölle (Zürich, 1976) eta Loran Bonnardot (Paris, 1973) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko dira Tristan Forever dokufikzioarekin; bertan, Bonnardot medikua Tristan da Cunhara itzuliko da, biztanleak dituen uharterik urrunena eta gizonaren erretiro espirituala azken hiru hamarkadotan. Bidaia horren ondoren, medikuak ez du handik irteteko inolako asmorik. Nöllek Urrezko Pardinoa eskuratu zuen, Locarnon, René (2007) film laburrarekin, eta bere lehen film luzeak —Aloys izenekoak (2016)— FIPRESCI Saria jaso zuen Berlinaleko Panorama sailean. Bestalde, Bonnardotek 37º4 S (Adriano Valerio, 2013) film laburra ekoitzi zuen, Cannesen Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuena eta Tristan da Cunhan girotua. Tristan Forever bere lehen filma da zuzendari gisa.
Marie-Rose Osta libanoarrak (Zahlé, 1987) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Yawman ma walad / Someday a Child film laburrarekin. Filmean —aurtengo Berlinalen film labur onenaren Urrezko Hartza irabazi duenean—, osabarekin bizi den haur batek bere botere apartak ezkutatu behar ditu Libanoko herrixka batean, gerra-hegazkinen zaratak entzuten dituela etengabe. Gidoigile eta zuzendari libanoarrak film labur ugari zuzendu ditu, hala nola Gangbang (2016), Status Quo (2017), Ana Beirut, Ep. 2 (2021) eta Then Came Dark (2021), Epaimahaiaren Sari Berezia Kairoko zinema-jaialdian. Aurten The Lead Ritual segmentuarekin parte hartu du Home Bitter Home film luze kolektiboan, Rotterdameko jaialdian estreinatua. Gaur egun bere lehen film luze Mina garatzen ari da.
Bojina Panayotovak (Sofia, 1982) 1980an kokatzen du With Love and Rage film ertaina; Ronald Reagan AEBko presidente hautatua izan da, eta 2.000 emakumek Pentagonoa inguratu dute gerra-makineriaren aurka protestatzeko. Panayotova Nesten parte izan zen 2009an, A domicile filmarekin, eta I See Red People (2019) filma izan zen bere lehen film luzea, Berlinaleko Panorama Dokumente atalean estreinatua. Urte berean, Locarnon Publikoaren Saria jaso zuen Boris Lojkinerekin batera idatzitako Camille filmarekin. The Building of the Brave (2021) film laburrak sariak jaso zituen Ganteko eta Cinéma du Réel jaialdietan; aurten Cinéma du Réelen izan da berriz With Love and Rage filmarekin.
La belle année, luzaroan aldenduta egon ondoren duela gutxi hildako aitaren asuntoetaz arduratzen zen bitartean filmatutako autofikzio honetan, Angelica Ruffier (Luleå, 1988) zuzendari suediarrak bere burua interpretatzen du. Film labur ugari zuzendu, editatu eta ekoitzi ondoren, Ruffierrek film luze hau zuzendu du, lehena bere ibilbidean, eta Rotterdameko zinema-jaialdiaren azken edizioan Tiger Competition Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.

We're All Going to the World's Fair (2021) lanaren ondoren, Jane Schoenbrunek (New York, 1987) I Saw the TV Glow (Zabaltegi-Tabakalera, 2024) zuzendu zuen, Sundance jaialdiko Midnight sailean estreinatua eta Berlinaleko Panoraman programatua, besteak beste. Oraingoan Teenage Sex and Death at Camp Miasma aurkeztuko digu, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard atalean hautatua eta Queer Palm sariaren irabazlea. Zuzendari gazte bat slasher frankizia dekadente bat berpizten saiatuko da, eta, azkenean, jatorrizko filmeko protagonistarekin batera, desio, beldur eta eldarnio odoltsuko unibertso batean barneratuko.
Dorothea Sing Zhang (1999) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da As a Cure film laburrarekin; ‘Mommy trilogy’ delakoaren azken zati hau Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu ondoren iritsiko da Donostiara. Bertan, emakume gazte bat bere nortasun-agiriaren bila dabil dunen artean, Pekingo Opera Akademian matrikulatzeko behar baitu. Zuzendariaren aurreko lanak, Masterpiece Mommy (2024) eta A Small Fiction of My Mother in Beijing (2025), Torontoko zinema-jaialdian parte hartu zuten. Gaur egun, bere lehen film luzea ari da garatzen.
Salka Tizianak (Munich, 1992) Gluey Feathers fikziozko film laburra aurkeztuko digu, mundu-estreinaldi gisa; bertan, sasoi-langileen talde batek zalantzaz egiten dio aurre Alemaniako iparraldeko baratze-ustiategi batean uztaren amaierari. Bere lehen film luzea, Tal día hizo un año / For the Time Being (2020), Rotterdamgo Nazioarteko Zinema-jaialdian eta Woche der Kritik atalean hautatu zuten. Era berean, Todos los sonidos entran adentro / All Sounds Within (2022) film laburra zuzendu du; Tizianaren hurrengo film luzea Marcela izango da, eta Casa de Velázquez–Impulso ECAM saria jaso zuen FIDLaben 2025eko edizioan.
Azkenik, Albertina Carri (Buenos Aires, 1973) zinemagile eta idazleak Cine vivo: un artefacto aurkeztuko du lehiaz kanpo, Cine vivo liburuko testuen irakurketa konbinatzen duen ikus-entzunezko performance bat, hain zuzen ere, zinemari, memoriari, artxiboari eta irudiak eta soinuak sortu eta begiratzeko moduei buruz hausnartzeko. Tabakalerak antolatuta, Espainian egingo den lehen emanaldia izango da, eta Paloma Peñarrubiak soinuzko esku-hartzeak egingo ditu bertan, landareen soinutik abiatuta. Proposamena osatzeko, Cine puro film laburra emango da, onddoek degradatutako film-materialarekin egina, jatorrizko irudiak desagerrarazi arte.

Obra horiez guztiez gain, Zabaltegi-Tabakaleran duela aste batzuk iragarritako bost ekoizpen espainiarrak ere baditugu, hala nola Isaki Lacuestaren (Girona, 1975) Jaleos / Flamenco Sketches, Zabaltegi-Tabakalera sailari amaiera emango diona, mundu-estreinaldi gisa. Beste lau filmak honako hauek dira: HAMALAU gau, Oskar Alegria Suescunen (Iruñea, 1973) mundu-estreinaldia; Lejos de los árboles / Far From the Trees, Meritxell Colell Apariciori (Bartzelona, 1983) berriki FIPRESCI saria eta film onenaren Boccalino d'Oro golardoa eman dizkiona Locarnon; Les Roches rouges / Red Rocks, Bruno Dumont zinemagile frantsesaren (Bailleul, 1958) filma, Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatua; eta Weichen (Dust), Tsai Ming-Liang zinemagile malaysiarrak (Kuching, 1957) zuzendua, Venezian emango dena.

Albertina Carrik aurkeztutako performancearen kasuan izan ezik, Zabaltegi-Tabakaleraren —Donostia Zinemaldiak Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin elkarlanean antolatutako sailaren— obra guztiak Zabaltegi-Tabakalera saria irabazteko hautagai dira: Ad hoc eratutako epaimahai batek ematen du saria, 20.000 eurokoa zuzendariarentzat (6.000 euro) eta filma Espainian banatzen duenarentzat (14.000 euro).
Alicia Egurenen semea eta John William Cookek adoptatua, Pedro Catellaren bizitza berezi da benetan eta XX. mendearen bigarren erdian Latinoamerikako gertakari historiko handi oro zeharkatzen du. Erresistentzia peronistaren agente 9 urte zituenetik eta eliteko tiratzailea Escambrayko mendilerroan 17 urte zituela, gizonaren bizitzak patu iraultzaile eta tragikoa izan zuen, bere herrialdearena bezalakoxea.
Artxiboko materialetatik eta egitura zatikatu eta polifonikotik abiatuta, filmak flamenkoaren istorio bat proposatzen digu, modernitatearekin, herrikoiarekin eta politikoarekin lotzen duena. Kontakizunen, ustekabeko elkarteen eta hainbat garai eta testuingurutako figuren bidez, filmak flamenko ezpuru bat arakatzen du, munduarekin etengabeko elkarrizketan, non tradizioa, masa-kultura eta iruditeria garaikidea elkarrekin bizi diren.
Eva Madrilen dago. Han bakarrik ematen ditu egunak: ez du inor ezagutzen, eta ez dirudi arrotzekin lotzea gustatzen zaionik. Hiria, orduan, leku ezezaguna da, eta noraezean eta jakin-mina lokartuta duela ibiltzen da Eva handik. Arratsalde batean, ordea, Reina Sofía Museoko areto batean, gizon bat hurbilduko zaio. Dante du izena, argentinarra da eta Juan Bialet Masséri eta Argentinako langile-borrokei buruzko ikerketa bat ari da egiten.
Mumbain, neska gazte bat entzunaldiz entzunaldi doa, bere buruaren bertsioak antzeztuz casting-zuzendarientzat. Eskola atzean utzi du, ez daki janaria prestatzen, eta inoiz ezagutu gabeko amona baten oroitzapenaren karga darama; familiaren hitzetan, protagonistak amonaren antza du, eta emakume hura ere aktore izan zitekeen. Antzeztearen eta bizitzearen arteko lerroa finduz doan heinean, film baten barruan dagoela sentituko du gazteak, eta bere bizitza kanpotik behatzen hasiko da.
Emakume gazte bat dunen artean dabil bere nortasun-agiriaren bila, Pekingo Opera Akademian matrikulatzeko behar baitu.
Cine vivo film labur bat da, performance hau, liburu bat. Dituen narrazio- eta espazio-premien arabera aldatzen den tresna. Bere burua hainbat diziplinatatik mailegatutako elementuak hartuz taxutzen du, baina beste organismo bati eusten jarraitzeko bizitzak materiarekin egiten duen deskonposizio-prozesua ere ezagutzen du bere izenean. Heriotzaren kondizioa bizitzaren parte ezinbestekotzat. Idazketaren ezpurutasuna zinemaren ezpurutasunarekin nahastuz bizi-ziberorganismo berri hau osatzeko. Iraganetik datorren tresna bat, etorkizunera jaurtia izateko, posibilitate-kapsula gisa. Historiaz, praktikaz, heriotzaz, ahanzturaz, prozesuez, hutsalkeriaren nobleziaz berrelikatzen den filosofia, etika eta erotika, esango luke Marguerite Durasek, kimikaz eta denboraz. Harribitxi saihetsezin hori, nola zinema hala bizitza elikatzen dituen egoera hondogabe hori.
Bi ekoizle gaztek hirurogeiko hamarkadako abangoardia argentinarreko pertsona zaputz eta enigmatiko bati buruzko dokumental bat egiteko enkargua jaso dute. Proiektuak, gainera, David Lamelasen —arte kontzeptualaren erreferente arrakastatsu eta artistaren bidelagun ohiaren— partaidetza eskatzen du. Elkarrizketaren eta artxiboen inguruko lan argi eta mugatu gisa hasitako zerbait galdera kezkagarri bihurtzen hasiko da: Nola ikusarazi desagertzea erabaki zuen norbait?
Bi bikote ezkonduren istorioa —langile kaleratu bat eta haren emaztea, eta dokumental-egile bat eta haren senarra—: horien bideak gurutzatu egingo dira dokumental bat filmatzeko, eta dituzten bizitzei eta desio ezkutuei aurre egin beharko diete.
Udan uzta biltzeko garaia da Alemania iparraldeko baratze-ustiategi batean. Fridak eta nazioarteko sasoi-langileen talde batek errutina finkoen eta keinu errepikakorren erritmoan lan egiten dute. Sasoiaren amaiera hurbilduz doan heinean, ziurgabetasuna handitzen hasiko da: zer etorriko ote da gero? Alabaina, txori bat negutegietan harrapatuta geratu eta une batez denbora eten egiten dela emango du.
“Film honetan hamalau aldiz eroriko da gaua. Zenbatuko ditugu”. Horrela abiatzen da gaueko bidaia musikal hau, Jorge Oteiza euskal artistaren unibertsoan barna doan ibilbidea, non, oroz gain, barnealdeko gau bat nagusituko den: Arantzazuko santutegiko organoaren ondoan gertatzen dena. Han giltzapetuko da Oskar Alegria zinemagilea, hamalau gau horiek Iñar Sastre pianistari kontatu eta kantatzeko, azken honek filmaren irudiak ikusi gabe ere, teklen bidez irudikatzeko helburuarekin. Desafio horretatik sortuko da 14 ilargik, 14 iluntasunek eta 14 misteriok osatuko duten frisoa. Hamalau, Oteizak Arantzazuko fatxadan jartzea lortu zuen apostoluen kopurua delako; eta hamalau, hark berak zioen bezala: “gehiago kabitzen ez zirelako”.
Angelicak eta bere anaiak haurtzaroko etxera itzuli behar izan dute aita —seme-alabengandik aldenduta zegoena— hil ondoren: etxetzar bat Frantziako landazabalean, ezin narrasagoa eta oraindik ere aita despotikoaren figurak markatua. Angelicak etxea husteko ataza ikaragarriari aurre egin beharko dio, baina nerabezaroan idatzitako egunkariak topatzean, berpiztu egingo du bere garaian bere historia-irakasleak (Mademoiselle B.) sentiarazten zion maitasun sakon hori.
Adela, Mexikoko soinu-artista, oihanetik Peruko Andeetara joango da Lucho gidari eta itzultzailearekin batera. Bere aitonaren —Mexikon erbesteratutako errepublikar katalan baten— legatuari jarraituz, desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen soinu-mapa bat ehunduko du. Heriotzarekiko beldurra agertzen denean, errealitatea hautsi egingo da. Adelaren zeharkaldia haurtzaroko etxerako bidaia intimo bihurtuko da. Lejos de los árboles bizitzaren hauskortasunari eta gogoratzeko, entzuteko eta maitatzeko beharrari buruzko istorioz beteta dago.
Kosta Urdinean, bi haur-talde aurrez aurre, beren joko kuttunean: Mediterraneoko labar gorrietatik salto egitea. Géok bost urte besterik ez ditu, eta, uda batean, adiskidetasuna eta lehia nahasten diren eta bihotzaren lehen bulkadak tentsio-iturri bihurtzen diren mundu bat aurkituko du.
Tepito auzo bortitzean, gazte batek amets mexikarra lortu nahi du: boxeo-txapeldun bihurtzea.
1985etik 1987ra, Edward Serotta kazetari estatubatuarra Errumania komunistara joan eta herrialdearen errealitate gogorra jaso zuen argazkien medioz. Polizia sekretuak (Securitate) jarraitu eta argazkiak atera zizkion ezkutuan gizonari hark bere argazkiak atera bitartean. Berrogei urte geroago, argazkien bi multzo horiek biltzen ditugu plano eta kontraplanoen joko batean, historiaren alde komikoa erakutsita.
Hala-moduan egindako hainbat sekuelaren ondoren, eta jarraitzaile-komunitate geroz eta urriago bat izanik, Camp Miasma izeneko slasher-frankizia zuzendari gazte baten eskuetara igaroko da, frankizia berpizteko erabakia hartuta. Alabaina, jatorrizko filmeko protagonista —orain isolatuta eta misterioz inguratuta bizi den aktore bat— bisitatzen duenean, desiozko, beldurrezko eta odolez bustitako eldarniozko mundu batean harrapatuta geratuko dira biak.
Al Cook oroigarriz inguratuta bizi da. Bere apartamentua liburuz, bideokasetez eta binilozko diskoz beteta dago: bere garaian bete-betean izandako bizitzaren hondarrak. Hemen, denbora gelditu egin dela dirudi, lau horma hauetatik haratago munduak aurrera jarraitzen badu ere. Higiezin-enpresa gupidagabe batek bere etxea eraistea erabakitzen duenean, aterpea kenduko diote gizonari. Alek bere altxorrak banan-banan askatzen dituen bitartean, galdera mingarria egiten dio bere buruari: nola jarraitu aurrera geratzen zaizun guztia oroitzapenak direnean? Erabateko galeraren aurrean, hasiera erradikal berria aukeratuko du.
Loran Bonnardot mediku paristarrak maiz bisitatu izan du, azken hogeita hamar urteotan, Tristan da Cunha —munduko uharte biztanledun urrunena—, Hego Atlantikoaren erdian. Planetako espezie berezienetako batzuen bizileku, sei-zortzi itsasontzi baino ez ditu onartzen urtean. Uharte bolkaniko hau Loranen erretiro espiritual bihurtu da; bertako biztanleak, medikuak aukeratutako familia; eta Martin arrantzalea, bere lagunik hoberen. Orain, 50 urterekin, Loran bere uharte utopikora itzuliko da berriz, baina oraingoan handik irteteko asmorik gabe.
El Caminante Donostiara iritsi da, edertasun argitsuko paisaia batera. Kolore gorri okreko zerrenda bat astiro mugitzen da basoetan zehar eta haizearen eta itsasoaren ertzetan zehar, gauaren zarataren eta egunaren lasaitasunaren artean. Pausoka, askoren begien aurrean dabil: munduaren handitasunean irudi lasaia, pertsona ezezagunen oroimenean arrasto iheskorra utziz. Iragana eta oraina elkarrekin fusionatzen dira. Hala sorkuntza nola natura hauts bihurtuko dira.
Bista judizial erabakigarri baten eta ezkontza bateko funtzio garrantzitsu baten egun berean, musikari isilkor batek bere bizitza pribatua jendaurrean nola geratuko den ikusiko du. Bere ezkontzaz aprobetxatzea leporatzen zaio, eta epaitegiaren, hiriko kaleen eta eszenatokiaren artean mugituko da, epaiketaren zama, leialtasuna eta adierazi gabeko errua bere gain hartuz. Atzera bueltarik gabeko erabaki bat hartzera beharturik, filmak gizon baten egoera deskribatzen du: haren barne-egiak lausoa izaten jarraitzen du, debozioaren, duintasunaren eta galeraren artean harrapatuta egonik.
1980. Milaka emakumek Pentagonoa inguratu dute. Protestatu, negar, ehundu, sortu egiten dute. Bestelako botere bat aktibatu eta ekintza-modu berri bat asmatu dute. With Love and Rage laguntza-eske politiko eta musikala da, altxamendu horri bizia itzultzen diona. Filmak artxiboak, kontakizunak, ahotsak eta abestiak elkartzen ditu, ahots politiko kolektiboa eta osatzen duten istorio pertsonalak sortzea ahalbidetuz.
Botere apartak dituen 11 urteko mutiko bat bere osabarekin bizi da Libanoko herrixka batean; gerra-hegazkinen zarata eguneroko bizitzaren parte da. Besteen begietan haurrak itxura "normala" izan dezan saiatuko da osaba, baina ilobak ia ulertzen ez duen trebetasun bat isilpean probatzen du. Alabaina, nahi gabe bi hegazkin eraitsarazten dituenean, ezkutuan zegoen hori ezingo du kontrolatu.