Geister / Ghost Song filmaren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofizialaren lehiaketari. Fatih Akinek (Hanburgo, 1973) zuzendutako filma irailaren 18an emango da, Kursaalen, inaugurazio-ekitaldiaren ondoren.
Akin lehendabizikoz ariko da lehian Urrezko Maskorra eskuratzeko Mariam Dawoud eta Eren M. Güvercin protagonista dituen film luze batekin. Farasha eta Faris dira bi aktore gazteak, graduazio-festa baten ondoren lehen begi-kolpean maiteminduko diren bi neska-mutil. Gau horretan bertan, Farasha hil egingo da bat-batean, baina bi munduren arteko maitasun-istorio zoragarri bat hasiko da bien artean, Farisekin ametsen bidez elkartzeko modua aurkituko baitu emakumeak.
Fatih Akin nazioartean ezagunenak diren zinemagile alemanetako bat dugu. Oihartzun handia lortu zuen munduan, izan ere, Head-On (2004) pelikularekin (Urrezko Hartza Berlingo zinema-jaialdian). Geroago, gidoi onenaren saria erdietsi zuen, Cannesko jaialdian, The Edge of Heaven (2007) filmarekin eta Epaimahaiaren Sari Berezia, geroago, Veneziako Mostran Soul Kitchen (2009) obrarekin.
Gidoigile, ekoizle eta aktore gisa ibilbide sendoa egiteaz gainera, Akinek hainbat film zuzendu ditu, hala nola The Cut (2014), Veneziako jaialdian lehian estreinatua; Aus dem Nichts / In the Fade (2017), Diane Krugerri emakumezko aktore onenaren saria eman ziona Cannesen eta ingelesez besteko film onenaren Golden Globe saria lortu zuena; The Golden Glove (2019), Berlinen estreinatua; Rheingold (2022), Alemanian milioi bat ikus-entzuletik gora izan zituena; eta Amrum (2025), hura ere Cannesen estreinatua.
Hala, errealizadore alemaniarrak osatuko du Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko Urrezko Maskorra eta palmares ofizialeko gainerako sariak eskuratzeko lehian ariko diren 17 film luzeen zerrenda. Sail Ofizialeko lehia hauek osatuko dute: Fatih Akin, Roberto Bueso, Fred Cavayé, Jesse Eisenberg, Nicole Garcia, Mikel Gurrea, Amanda Kernell, Pablo Larraín, Mike Leigh, Gabriel Martins, Hans Petter Moland, Benjamín Naishtat, Javier Ruiz Caldera eta Yeşim Ustaoğlu zinemagileen film berriak; eta Ah Biao, Maha Harada eta Tony Vahlen lehen lanak.
Farashak eta Farisek 20 urte dituzte graduazio-festan elkar ezagutzen dutenean: begirada bat nahikoa izango da guztia aldatzeko. Alabaina, Farasha hil egingo da gau horretan, eta Farisengandik bereizi nahi ez duenez, munduen arteko muga zeharkatzeko modua deskubrituko du: 40 gau eta 40 egunez, Farisekin elkartu ahalko da ametsetan. Hala, maitasuna haziz joango da, azken gauera arte.