Michaël R. Roskam zinemagile belgikarra (Sint-Truiden, 1972) Zinemaldian izango dugu berriz 74. edizio honetan, Sail Ofizialari lehiaz kanpo amaiera emateko, Le Faux Soir pelikularekin, Europako estreinaldi gisa, Torontotik igaro ondoren. Roskamek Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria jaso zuen The Drop (2014) pelikularekin, eta oraingoan II. Mundu Gerran belgikarren erresistentziarekin lotutako jazokizun bitxienetako bat berritzen du, prentsa nazien okupazioaren kontrako arma bihurtu zuen eragiketa klandestino bat, hain zuzen.
Marie Istasen Le "faux" Soir, 9 novembre 1943 liburuan oinarritua, filmak hauek ditu bere aktore-zerrendan: Arieh Worthalter, Mélanie Thierry, Karim Leklou, Mara Taquin, Bouli Lanners, Julien Frison eta François Damiens. Istorioa 1943an dago kokatuta, Belgika okupatuan naziek Le Soir egunkari nazionala propagandarako erreminta bihurtu zutenean. Biztanleriaren morala goratzeko, Erresistentziako kide batzuek ideia burugabe bat izan zuten: egunkariaren edizio faltsu bat sortzea okupatzaileei iseka eginez; zenbait historialariren ustez, komunikabide bat hackeatzen zen lehen aldia izan zen hura.
Michaël R. Roskamek kazetari gisa egin zuen lan De Morgen nederlanderazko egunkarian. Carlo (2004) eta The One Thing to Do (2005) film laburrak idatzi eta zuzendu zituen. Rundskop / Bullhead (2011) izan zen bere lehen film luzea, eta Berlingo Panorama sailean estreinatu ondoren, nazioarteko film onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen, Variety aldizkariko Jarraitu beharreko hamar zuzendariak zerrendan biltzeaz gainera.
2014an, The Drop —Tom Hardy, Noomi Rapace eta James Gandolfini dituena protagonista— Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu eta Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria lortu zuen, eta Le Fidèle / Racer and the Jailbird (2017) lehiaz kanpo eman zen Venezian, Belgika ordezteko hautatua izateaz gain Oscar sarietarako. 2021ean Black Bird sailaren hiru atal zuzendu zituen; sailak Taron Egerton du protagonista, eta Emmy eta Golden Globe sarietarako izendapenak izan zituen.
1943. Naziek Belgika okupatu eta Le Soir egunkari nazionala propaganda-tresna bihurtuko dute. 1918ko Armistizioaren Eguneko oroitzapen debekatuak direla-eta, Erresistentziako kideen talde batek ideia zentzugabe bat izango du: belgikarren kemena igotzeko Le Soir egunkariaren edizio faltsu bat inprimatzea. Paper bera, goiburua bera, formatu bera, baina okupatzaileari iseka egiteko artikuluz betea. Benetako jazokizuna. Egunkari faltsu bat. Komunikabide bati egindako lehen hackeatzea historian.