Guztira euskal ekoizpena duten 31 tituluk −26 film luze, film ertain bat, film labur bat, bi serie eta ekoizpen fasean dagoen proiektu bat− hartuko dute parte Zinemaldiaren 74. edizioan. Aurten Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Klasikoak, EITB Gala, RTVE Galak, Jatorria: Euskadi eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa sailetan proiektatuko dira ekoizpen hauek. Film horietatik, Zinemaldian mundu mailako estreinaldia dutenek Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko aukera izango dute. Saria 20.000 eurokoa izango da, film irabazlearen ekoizle eta ekoizleentzat.
Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamahiru proposamen jasoko ditu, eta horietako hamar mundu mailako estreinaldiak izango dira. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako saila da Zinemira, Irizarrek eta EITBk babestua, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetza du.
Igor Legarreta (Leioa, 1973) arduratuko da saila irekitzeaz Inurri itsuak / The Blind Antsekin. Bere hirugarren film luze honetan, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santos protagonista dituen eta Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberrian oinarritzen dena, ekaitz batek kostaldean hondoa jotako ontzi ingeles bateko ikatza berreskuratzera itsasoratuko den familia baten afera kontatzen du. Legarretak hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu, eta 2017an estreinatu zuen bere lehen film luzea, Cuando dejes de quererme. Ondoren, Ilargi guztiak. Todas las lunas (Zinemira, 2021) zuzendu zuen, Montrealgo Fantasia International Film Festival jaialdian zuzendaritza onenaren saria eta nazioarteko film onenaren ikusleen saria irabazi zituena.
Sailaren itxieraren protagonista, aldiz, Karlos Arguiñano izango da, sukaldari eta telebista aurkezlearen bizitzaren errepasoa egiten baitu Arantxa Aguirrek (Madril, 1965) Un tal Karlos filmaren bitartez. Aguirrek Mario Camus, Pedro Almodóvar, Carlos Saura eta Luis García Berlangaren gisako zinemagileekin lan egin zuen zuzendari-laguntzaile gisa, dokumentalgintzan bere ibilbidea hasi aurretik. Bere lanen artean Hécuba, un sueño de pasión (Zabaltegi-Bereziak, 2006), Dancing Beethoven (2016) —Goya sarietarako izendatuak biak— eta Eduardo Chillidari eskainitako Ciento volando (Zinemira, 2024) nabarmentzen dira.
Irailak / Septembers filmean Izaskun Arandia Galarragak (Tolosa, 1972) bere birraitonaren arrastoa jarraitzen du: 1935ean Tolosa utzi eta Burgosko jaioterrira itzuli zen, eta handik gutxira gerran hil zela jakinarazi zioten familiari. 2018an, Gogora Institutuaren lanari esker, haren gorpuzkiak identifikatu zituzten. Arandiak Izar Films ekoiztetxea sortu zuen 2010ean, eta, haren bitartez, Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga, Zinemira, 2018) eta Non dago Mikel? (Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas, Zinemira, 2021) bezalako ez-fikzioak ekoitzi ditu. Zuzendari gisa, hainbat film laburren ondoren, 2022an Zinemiran estreinatu zuen bere lehen film luzea, My Way Out.
300 haritz / 300 Oaks filmak Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari eta hainbat artista biltzen ditu jatorria begietatik galdu gabe aurrera egiteari buruz hausnartzeko. Aitor Aranguren Ordóñezen (Errenteria, 1997) lehen film luzea den arren, zuzendariak eskarmentua du aurretik ez-fikzioaren alorrean, Hot Spot eta Escena Norte serieei esker. Gainera, Erik Susorekin batera sortutako Muga ekoiztetxearen buru, bideoklipak zuzendu ditu Süne, Zetak eta ETS taldeentzat, besteak beste.
Álex Angulo aktorearen heriotzaren hamargarren urteurrenean, Dodó bere adopziozko alaba Taiwanetik itzultzen da bere aita nor zen ezagutzeko Alejandro Cortés Calahorrak (Zaragoza, 1983) ondutako La maleta de Álex / My Father Alex (Nire aitaren maleta) road moviean. Bere lehen film luze Refugiosekin (2015) mundu osoko zinema-jaialdietara bidaiatu zuen Cortések, eta bigarrena, Carrasca (2019), SEMINCIn, DocMontevideon, Bogotán eta Atlantidocsen proiektatu zen, besteak beste.
Gatibu rock taldearen azken biraren jarraipena eta 25 urteko ibilbidearen errepasoa egiten du Gatibu, agur esan barik / Gatibu, Without Saying Goodbye ez-fikzioak. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) fikziozko film luzeak, ez-fikzioak eta serieak zuzendu ditu; haren lanen artean Zorion perfektua (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 2009), El vasco (Zinemira, 2022), Galerna. The Unknown Storm (2012) eta 1983. Euskadi inundada (2013) daude. Telebistan ere ibilbide luzea egin du, Goenkale, Go!azen, Aitaren etxea (EITB Gala, 2015) Ihesaldia eta Desagertuta bezalako serieetan zuzendari gisa arituta.

Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica / Pedro Arrupe. I survived the Atomic Bomb (Pedro Arrupe. Nik bonba atomikoa bizi izan nuen) filmean, Maite Ibáñezek (Bilbo, 1962) Pedro Arrupe misiolari bilbotarraren testigantza biltzen du; 1945eko abuztuaren 6an Hiroshiman zen Enola Gay bonba-hegazkinak lehen bonba atomikoa jaurti zuenean. Historialaria eta arkeologoa, Ibáñezek hamaika ez-fikziotan lan egin du zuzendari eta idazle moduan, besteak beste, Mujeres en construcción (2009), Reconciliación (Fermin Aio, 2015), Buscando a Agirre (Francesc Escribano, 2018), Caso Brouard. Bajando a las cloacas del estado (2018) edo 11M. Cuatro días de marzo (2024) dokumental seriea, Ondas Saria irabazi zuena.
Nitya López Saitua (Ibarrangelu, 1996) zuzendariak Iraia Elias eta Miguel Garcés aktoreekin birsortu du bere gurasoen haustura eragin zuen eztabaida Simulacro / Family Drill (Simulazioa) bere lehen film luzean. 2018an egin zuen debuta Jesus is B(l)ack film laburrarekin, eta ondoren Infraganti (2019), Txoriak Txori (2021) eta Deadly Draw (2023) zuzendu ditu; azken hori Kimuak programarako hautatua izan zen. Zuzendaritza taldeetan ere aritu da, besteak beste, Ane, El buen patrón eta Maixabel filmetan, eta iaz 2deo Serieak programan aritu zen Sukar seriearen proiektuarekin. Duela gutxi Alba Lozanorekin batera Aloka(h)iru telesaila sortu, idatzi eta zuzendu du; urte amaierarako espero da estreinaldia.
Zortzi urtetan zehar grabatutako Txakun txakür ez-fikzioan Elise neskatoak onartua izateko duen borroka kontatzen du Elsa Oliarj-Inèsek (Atharratze, 1988). Bere lehen film luzearekin lehiatuko da Irizar Saria eskuratzeko Oliarj-Inès, eta aurretik Dans leur jeunesse il y a du passé (2014) eta Les airs sauvages / Wild Melodies (Basahaideak) (2017) film ertainak zuzendu ditu. Azken hori FIPA, Escales Documentaires edo Dock of the Bay bezalako zinema-jaialdietan hautatua izan zen.
David Taberna (Errenteria, 1978) eta Iñigo Puerta (Donostia, 1974) El Diario Vasco egunkariko kazetariek Izarrak aurkeztuko dute, euskal gastronomia eta Donostiako ingurunea munduan erreferente bakar bihurtzera eraman dituen ibilbidea aztertzen duen ez-fikzioa. Tabernak Gregorio Ordóñez, el asesinato que despertó la rebelión contra ETA (2025) aurkeztu zuen iaz Zinemiran Arantxa Aldazekin eta Javier Roldánekin batera. Puertarentzat, aldiz, Izarrak bere debuta da.

Haien mundu-estreinaldia Zinemaldian izanagatik, Zinemiratik kanpoko sailetan hautatuak izan diren beste film batzuk ere lehiatuko dira Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko. Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan Koldo Almandozen (Donostia, 1973) Azken agurra / The Last Goodbye, Daniel Monzónen (Palma, 1968) Ruega por nosotras / Pray for Us eta David Pérez Sañudoren (Bilbo, 1987) Sacamantecas / The Harvester ariko dira. New Directors, Zabaltegi-Tabakalera eta Culinary Zinema sailetan, ordea, film bana izango ditugu: Javier Gineren (Barakaldo) lehen film luze Esta soledad / This Solitude, Oskar Alegria Suescun (Iruñea, 1973) zuzendariaren HAMALAU gau eta Jorge Fernández Mayoralek (Logroño, 1982) eta Jesús Javier Ruiz Aquerretak (Iruñea, 1975) zuzendutako Subijana más allá de un bigote, hurrenez hurren. Belodromo sailean, aldiz, bi filmek izango dute Irizar saria lortzeko parada: Muguruza FM 40 Tour, Ander Merino Etxebesteren (Donostia, 1995) eta Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) eskutik, eta Karateka, Aritz Morenok (Donostia, 1980) zuzendua. RTVE Galak sailean parte hartuko duen Burundanga filma ere, José Corbachorena (L'Hospitalet de Llobregat, 1966), lehia honetan arituko da.
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak ez diren beste hiru ekoizpenek hartuko dute parte Zinemira sailean: Koldo Almandozen (Donostia, 1973) eta Gorka Bilbaoren (Gernika, 1974) Itzalak argitzen / Bringing Shadows to Light, laurogeiko hamarkadan ekoitzitako euskarazko lau film ertainen zaharberritze prozesua dokumentatzen duena eta Euskadiko Filmategiaren Euskal Zinema zikloan estreinatu zena; Beñat Beitiak (Iruñea, 1976) eta Elio Quirogak (Las Palmas, 1965) zuzendutako animaziozko Winnipeg, el barco de la esperanza / Winnipeg, Seeds of Hope (Winnipeg, itxaropenaren ontzia), Annecyko eta Shanghaiko zinema-jaialdietan parte hartu duena; eta Las hijas del mar / Daughters of the Sea (Itsasoaren alabak), irailean egingo den GNaturaldian estreinatuko dena, Gemma Gonzalez Martinezek (Donostia, 1980) zuzendua.

Arestian aipatutako Irizar Sarirako hautagaiez eta Zinemirako filmez gain, Euskal Herriko ekoiztetxeen partehartzea duten beste hainbat film aurkeztuko dira Zinemaldian. Zabaltegi-Tabakalera eta Perlak sailetan Donostian grabatutako bi nazioarteko ekoizpen ikusi ahal izango dira: Tsai Ming-Liang (Kuching, 1957) malaisiarraren Weichen (Dust) eta Venezian estreinatutako Nanni Morrettiren (Brunico, 1953) Succederà questa notte / It Will Happen Tonight, hurrenez hurren. Ikasleei zuzendutako Nest sailean Elías Querejeta Zine Eskolako Maria Vaughanen (Miami, 1999) Bingo Night film laburra proiektatuko da, eta Made in Spainen, aldiz, Víctor García Leónek (Madril, 1976) zuzendutako Altas capacidades / Better Class, Málagako zinema-jaialdian aurkeztu zena.
Belodromoak, bere partetik, ETBko serie arrakastatsuenetako baten denboraldi berri baten lehen atala hartuko du beste behin: Itziar Gomez Sarasolaren (Errenteria, 1964) eta Aitor Osa Eigurenen (Mutriku, 1972) Go!azen 13. Klasikoak atalak, ordea, euskal ekoizpen baten zaharberritzea proiektatuko du aurten ere, Ana Díezen (Tutera, 1957) Ander eta Yul filmarena, hain zuzen. EITB Galek aurrez aipatutako Sacamantecas film luzea eta Odol ilargia seriea, David R. Losadarena (Irun, xxxx), hartuko dituzte, eta Jatorria: Euskadi sailan Ainhoa Alzibarrek (Durango, 1977) eta Beatriz Nietok (Bilbo, 1980) zuzendutako Ondarea. Euskal sukaldaritza berriak, 50 urte / Ondarea. 50 Years of New Basque Cuisine film ertaina proiektatuko da. Azkenik, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroak euskal partehartzea duen proiektu bat hartuko du, Ernesto Martínez Bucioren (Uriapan, 1983) Éste es el recuerdo que me gustaría tener de mamá / This Is the Memory I Would Like To Have of Mom (Amari buruz izan nahiko nukeen oroitzapena). Zinemagile mexikarrak Berlinaleko lehen lan onenaren saria irabazi zuen Elías Querejeta Zine Eskolan ikasle zen bitartean garatutako El diablo fuma (y guarda las cabezas de las cerillas quemadas en la misma caja) / The Devil Smokes (and Saves the Burnt Matches in the Same Box) lanarekin.

Zinemira saria Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteak ematen duten ohorezko saria da eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Orain arte, Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), José María Txepe Larak (2019), Sara Bilbatuak (2020), Kimuak programak (2021), Txema Areizagak (2022), Paco Sagarzazuk (2023), Elena Iruretak (2024) eta Telmo Esnalek eta Asier Altunak (2025) jaso dute. Aurten, Zinemaldiak eta EPE-IBAIAk Jose Ramon Soroiz aktorea omenduko dute Victoria Eugenia antzokian irailaren 22an egingo den Euskal Zinemaren Gala Handian.
Jose Ramon Soroiz (Legorreta, 1951) euskal antzezpenaren aurpegi ezagunenetakoa eta errespetatuenetakoa da. Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Euskal Herriko zinemaren, antzerkiaren eta ikus-entzunezkoen bilakaeraren lekuko eta protagonista izan da.
Bere aurpegia zinemako pantailari eta telebistari estuki lotuta dagoen arren, Soroiz oholtzaren gainean sentitu da beti erosoen. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, Euskal Herriko arte eszenikoen profesionalizazioan aitzindari izan ziren hainbat antzerki-konpainiatan jardun zuen, eta gaur egun ere antzerkian dihardu, bere ibilbide artistikoaren ardatzetako bat izaten jarraitzen duen diziplina batean.
Telebistak egin zuen, ordea, ezagun herritar askorentzat, bere ibilbideak harreman estua izan baitu ETBren sorrerarekin eta garapenarekin. Euskal kate publikoaren ekoizpen esanguratsuenetako batzuetan parte hartu zuen, hala nola Bi eta Bat, Joselontxo interpretatuz; Jaun ta Jabe, Joxean Arizkorreta lehendakariaren rolean; eta Martin, Martin Manterola pertsonaiari bizia emanez. Hainbat belaunaldiren ikus-entzunezko iruditeria osatzen lagundu duten serie horiez gain, Azken urteotan ere ETBko fikzioan jarraitu du, Irabazi arte! eta Altsasu bezalako sailetan parte hartuz. Horrez gain, Patria (2020) seriean Txato Lertxundi enpresaburuaren rola interpretatu zuen, eta lan horrek Euskal Herritik kanpo ere ikusgarritasun handiagoa eman zion.
Zineman, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran euskarazko zinemagintzak bizi izan zuen loraldiaren parte izan zen, Offeko maitasuna (Koldo Izagirre, 1992) eta Maité (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala, Made in Spain, 1994) filmetan parte hartuz. Julio Medemen Vacas (1992) filmak, ordea, proiekzio handiagoa eman zion, euskal zinema berriaren mugarrietako batean parte hartuz. Azken urteotako euskarazko zinemaren berpizkundearen protagonista ere izan da, besteak beste, Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Sail Ofiziala, 2014), Amama (Asier Altuna, Sail Ofizala, 2015) eta Maspalomas (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, Sail Ofiziala, 2025) filmetan egindako lanari esker.
Euskal Herrian aspalditik erreferentziazko aktorea bazen ere, Maspalomas filmak bere ibilbideari nazioarteko oihartzuna eta mugez gaindiko aitortza ekarri dizkio. Lan horri esker Donostia Zinemaldiko Aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta Goya saria eskuratu zituen, azken hori irabazi duen lehen euskal aktorea bihurtuz.
ZINEMIRA
Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatutako saila, euskal zinemari eskainia, Irizarrek eta EITBk babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetzarekin.
Bizkaia, 1930. Ekaitz gogor baten ondorioz, barnean tonaka ikatz dituen itsasontzi ingeles bat hondartu egin da. Gauean, Algortako herritarrak kostaldean bildu dira urre beltza erreskatatzeko. Sabas Jaureguik zorte-kolpetzat jotzen du jazoera; Josefak —Sabasen emazteak—, berriz, seinale txartzat. Josefaren erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitzera eramango ditu semeak. Familiak pentsaezina egingo du negu gorritik salbatuko dituen ikatza babesteko... edo betiko kondenatzeko.
Mundu guztiak ezagutzen du Karlos Arguiñano. Izan ere, ia berrogei urte daramatza gure bizitzan, telebistaren bitartez kozinatzen irakasten, ikus-entzuleak bereganatu bitartean. Halere, mundu guztiak ezagutzen al du ala mundu guztiak uste du ezagutzen duela? Film honek bere eremu intimoenetan erakusten du Karlos, baita bere errutinatik oso urruneko egoeretan ere, nola Karlosi berari hala oso gertu dituenei entzunez, pertsonaiaren atzeko pertsonaren bila.
300 haritz behar izan zituzten lehenengo baserriak egiteko. Basoa agortu zenean, zura harriarekin ordeztu zen, eta agerian geratu zen identitatea irauteko eraldatzen dela. Arantzazuko kriptan, Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari esperientzia sakon batean murgildutako artistekin bildu dira galdera funtsezko bati heltzeko: nola eutsi identitate propioari gaur egun? Erantzun itxietatik urrun, 300 Haritzek kide izateak eta aurrera egiteak zer esan nahi duen hausnartzen du, jatorria galdu gabe betiere.
25 urteko ibilbidearen ondoren, Gatibu rock-taldeak agur esango die agertokiei belaunaldi oso baten soinu-banda bihurtu ondoren. Dokumentalak taldekideei jarraitzen die azken bira honetan, une erabakigarriak eta emozioz beteriko pasarte intimoak atzemanez. Bira baten kronikatik haratago, filmak denboraren joanaz, eraldaketa pertsonal eta kolektiboaz, heldutasunaz eta agur esaten jakitearen garrantziaz hausnartzen du.
"1935eko amaieran, Miguel Bargak —nire birraitonak— familia Tolosan utzi eta jaioterrira itzuli zen, Burgosera. Familiari jakinarazi zioten Miguel gerran hil zela. Miguelen gorpua ez zen inoiz itzuli. Birraitonaren heriotza tabu familiarra izan zen hainbat hamarkadatan; alabaina, 2018an Gogora Institutuaren DNA programak haren gorpuzkiak identifikatu eta datu asko ezagutu genituen, bi galdera garrantzitsu erantzun gabe geratu baziren ere: zergatik joan zen hara eta zergatik hil zuten?" (Izaskun Arandia)
2025ean, Eusko Jaurlaritzak, EITBk eta Euskadiko Filmategiak 80ko hamarkadaren erdialdean erabat euskaraz zuzendutako lau film ertain berreskuratu eta zaharberritu zituzten. Prozesu luze eta labaina izan zen, Bolognako L'Immagine Ritrovata laborategietarako bidaia bat barne hartuta. Dokumentala EITBren ekoizpen propio da, eta lau zuzendarien bidaia eta Italian egindako lehengoratze-prozesua jasotzen ditu. Izan ere, garrantzitsua da horrelako istorioak ere kontatzea.
Izarrak filmaren jomuga euskal gastronomia eta Donostia ingurua mundu-erreferente berdingabe bihurtzera eraman duen ibilbidea aztertzea da. Pasaiatik duela bost mende dirutza eta ongailuen bila abiatutako itsas espedizioetatik Euskal Sukaldaritza Berriaren iraultzaraino, dokumentalak identitatea eta lurraldea uztartzen ditu gaur egunean Gipuzkoara etorkizun oparo baten bila datozenen eta itsasoari eta lurrari begirako tradizioa bizirik mantentzeko ahalegintzen direnen istorioekin.
Álex Angulo hil eta hamar urtera, Dodó —aktoreak Txinan adoptatutako alaba— Taiwandik itzuli da aita benetan nor izan zen jakiteko. Haren maleta sekretuarekin, Bilbon eta Madrilen zehar dabil, senideekin, adiskideekin eta zinema, antzerki eta telebistako profesionalekin topo egiteko. Testigantzek eta obren zatiek Álexen memoria artistikoa eta gizatiarra berritzen dute, Dodók galdutako lotura berreskuratu eta bere burua aurkitzen duen bitartean.
Munduaren bi muturretan, milaka kilometroko distantziara bizi diren bi komunitatek itsasoarekin bizitzeko modu bera partekatzen dute. Haenyeoak —Jeju uharteko emakume urpekari ospetsuak— batetik, eta euskal kostaldeko saregile, batelari edo arraunlariak bestetik; dokumentalak zubi soziokultural bat eraikitzen du itxuraz oso desberdinak diren baina balio partekatuengatik, bizi-erritmoengatik eta ingurune naturalarekiko harremanagatik sakonki lotuta dauden bi lurralderen artean.
1945eko abuztuaren 6an, Enola Gay bonbaketariak gizakiak inoiz asmatutako zamarik hilgarriena zeraman. Goizeko 8:15:17an, lehen bonba atomikoa jaurti zuten Hiroshimara. Oroimen kolektiboan geratu den irudia onddo nuklearrarena da, zerutik ikusita, baina ez erretzen ari ziren gorputzena, ezta horiek salbatu nahian zebiltzan eskuena ere. Ikuspegi hori jesuita euskaldun batek izan zuen, Bilbon jaiotako misiolari batek: Pedro Arrupek.
Zuzendari bat haurtzaroko etxera itzuliko da, lau urte zituenean gurasoen haustura eragin zuen eztabaida aktoreekin birsortzeko. Inprobisazioaren eta artifizio propioa agerian uzten duen filmaketaren bidez, inoiz usatu gabeko oroitzapenak eraikiko ditu. Alabaina, eszena errepikatu ahala, jarraibideak ezegonkortu eta berritzearen eta desiraren arteko muga lausotzen hasiko da.
Inork ez du gogoratzen bere lehen jolasaldia eskolan. Egun hartan ez zegoen heldurik. Ni jolastokian nintzen. Zortzi urtean haur talde bera filmatu nuen, neure buruari galdezka: nola hazten gara besteen begiradapean? Urteak igaro ahala, jolastokiko jokoak rol-joko bihurtu ziren; "jada ez zara nire laguna" jokoak "zu ez zara jolastuko" joko bihurtu ziren. Egun batean berandu iritsi nintzen. Oihuen ondoren, Élise nola jotzen zuten ikusi nuen. Nola ez nintzen lehango konturatu?
Víctor alargunak eta haren alaba txiki Juliak Espainiatik ihes egin behar izan dute, 1939ko urtarrilean frankistek Bartzelona hartu baitute. Frantzian kontzentrazio-esparruei eta laztasunei aurre egin beharko diete. Haatik, ihes egiteko aukera bat dute: Winnipegen —Nerudak eta Parisko kuakeroek pleitatutako zamaontzi batean— ontziratzea, beste helmuga batera salbu iristeko, Valparaísora (Txile), non bizitza berri bati ekin ahalko dioten.
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak
Hileta laikoen enpresa baten jabea zarenean. Mozkor gidatzeagatik gidabaimena kendu dizutenean. Zu baino 25 urte gazteagoa den praktiketako ikasle batez maitemintzen zarenean. Zure alaba uste zuen aita ez zarela ohartzen hasten denean. Dirua eskatu zenion boxeolari erretiratua zure atzetik dabilenean. Heriotza bizitza baino gehiago interesatzen zaizunean... Zer atera liteke gaizki?
1974. Ana 19 urteko neska errebeldea da. Gaueko ihesaldi baten ondoren, aitak Emakumearen Babeserako Patronatuaren eskuetan jartzea erabakiko du. Bartzelonatik Madrilera eramango dute, mojek zuzendutako erreformatorio batean sartzeko eta diziplina-erregimen basati baten mende jartzeko. Bertan, Soleren —bizitasun kutsakorra duen herriko neska baten— eta egoera berean dauden beste neska batzuen lagun egin eta kontsolamendua eta babesa bilatzen saiatuko dira elkarrekin.
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak | RTVE-EITB GALA
Araba, XIX. mendea. III. Karlistaldia hilzorian dagoen bitartean, emakume batzuk itota agertzen dira Gasteizko kanpoaldean. Ángela Berrosteguieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila dator, frogatzera Juan Díaz de Garayo nekazari analfabetoa dela kriminala, hain justu. Haatik, Pío Pinedok —aguazilen buruak— aurre egin beharko die gerra-garaiko baliabide faltari, batetik, eta agintarien presioari, bestetik; izan ere, hilketen bolada gero eta handiagoa ezkutatzea nahiago dute agintariek.
NEW DIRECTORS
Leok eta Loreak elkar maite izan dute. Agian elkar maite dute oraindik. Baina zerbait hautsi zaie. Harremana, bost urteren ondoren, amaitu egin da. Aita gaixoarekin kargatzen du Leok, erantzukizunaren eta pisatu egiten dion deskonexio emozionalaren artean harrapatuta. Lorea, gaizki ordaindutako lanen eta krisi pertsonalen artean nahastuta, berrosatzen saiatuko da nondik hasi oso ondo jakin gabe. Bi gorputz nekatu eta bakar dira, prekarietateak, konpondu gabeko arazoek, agidanez edozertara —maitasunera, egonkortasunera, heldutasunera, lasaitasunera, norberaren gogobetetasunera...— beti berandu iristen den belaunaldi baten herentzia emozionalak zeharkatzen dituztenak.
ZABALTEGI-TABAKALERA
“Film honetan hamalau aldiz eroriko da gaua. Zenbatuko ditugu”. Horrela abiatzen da gaueko bidaia musikal hau, Jorge Oteiza euskal artistaren unibertsoan barna doan ibilbidea, non, oroz gain, barnealdeko gau bat nagusituko den: Arantzazuko santutegiko organoaren ondoan gertatzen dena. Han giltzapetuko da Oskar Alegria zinemagilea, hamalau gau horiek Iñar Sastre pianistari kontatu eta kantatzeko, azken honek filmaren irudiak ikusi gabe ere, teklen bidez irudikatzeko helburuarekin. Desafio horretatik sortuko da 14 ilargik, 14 iluntasunek eta 14 misteriok osatuko duten frisoa. Hamalau, Oteizak Arantzazuko fatxadan jartzea lortu zuen apostoluen kopurua delako; eta hamalau, hark berak zioen bezala: “gehiago kabitzen ez zirelako”.
El Caminante Donostiara iritsi da, edertasun argitsuko paisaia batera. Kolore gorri okreko zerrenda bat astiro mugitzen da basoetan zehar eta haizearen eta itsasoaren ertzetan zehar, gauaren zarataren eta egunaren lasaitasunaren artean. Pausoka, askoren begien aurrean dabil: munduaren handitasunean irudi lasaia, pertsona ezezagunen oroimenean arrasto iheskorra utziz. Iragana eta oraina elkarrekin fusionatzen dira. Hala sorkuntza nola natura hauts bihurtuko dira.
PERLAK
Matteo tenis-partida bat jokatzen ari da emaztegaiz jantzitako emakume bat pistan sartzen denean. Greta da. Zapatak erantzi, erraketa bat hartzen du eta jokatzea proposatzen dio. Zazpi urtez, Matteok emakume hori izango du gogoan. Biek beren bide eta bizitza paraleloak egiten dituzten bitartean, badirudi patuak ez dituela berriro elkartu nahi. Baina egun batean berriz elkartzen dira eta agian, orain bai, haien unea iritsi da. Gaur gauean gertatuko al da?
NEST
Bi gizon-emakumek kostaldeko hiri batera egindako bidaia gogoratzen dute. Euren ahotsak garai zehaztugabe batetik iristen dira, non iragana eta oraina nahastu egiten baitira. Oroitzapenak ordenarik gabe gainjartzen dira: begiratoki bat, kafe bat, hondartza ilunabarrean, parke bat, eta, bereziki, bingo-areto bat. Zoriozko joko honen partida batek eta gizonak irabaziko duelako susmoa izango dira oroimenaren erdigune. Hiria postal gisa hedatzen da eta postal horren gainean kontatzen da iristear den banantzea.
CULINARY ZINEMA
Zer dago Pedro Subijanaren bibotearen atzean? Euskal Sukaldaritza Berriaren bultzatzaileetako baten erretratu pertsonal eta profesionala: 50 urte baino gehiago bizitzari eta sukaldaritzari eskainita, eta gaur egun belaunaldi berriei transmititzen zaien ondarea.
MADE IN SPAIN
Aliciak eta Gonzalok —erdi-klaseko bikote batek— Fer semea eliteko ikastetxe sekular batean matrikulatzeko aukera izango dute. Gurasoentzat, goi-klasean hanka sartzea esan nahi du horrek: adiskide berriak, diru gehiago, abantaila ugari. Semearengatik egiten dutela esaten dute. Izuen eta printzipio moralen arteko kontraesan zoragarri honetan, senar-emazteen asmo handiek agerian utziko dute noraino iristeko prest dauden klase sozialez aldatzeko.
BELODROMOA
Telebistarako film gisa sortua bazen ere , Go!azenek hamahirugarren denboraldia izango du aurten. Euskal Herrian ekoitzitako lehen telesail musikala Basakabi udako kanpamendura itzuliko da berriz beste uda bat kontatzeko, euskal abesti nola berri hala klasikoen bertsioez lagunduta. Denboraldi berria umorez eta abenturaz beteta egongo da.
Hau Sandra Sánchezen istorioa da; konbentzio guztiak desafiatu zituen Sánchezek, garai guztietako karateka onena bihurtu zen arte. Sandrak, Jesús del Moral entrenatzaile eta bizikideak gidatuta, ezinezko bidaia bati ekin zion: 39 urterekin urre olinpikoa konkistatzea, kirol batean non japoniarrak nagusi diren eta beteranoenak 30 urterekin erretiratzen baitira. Maitasun-, handitasun- eta borroka-kontakizun bat, karateaz haraindi doana eta legenda bihurtzen dena.
Lehen aldiz eszenatoki batera igo eta lau hamarkada geroago, Fermin Muguruzak eskala handiko bere azken birari ekin dio: 40 urteko musika, konpromiso eta erresistentzia kulturala ospatzeko bidaia kolektiboa. Dokumental musikal honek ibilbide horren pultsua jasotzen du; kontzertu jendetsuak, kilometroak errepidean, bidean zehar egindako topaketak eta belaunaldiak zeharkatu dituen energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi, gaur egungo bakarlari ibilbideraino.
KLASIKOAK
Ander kartzelatik atera berri da kondena burutu ondoren eta aitaren etxera itzuli da. Familiarekiko harremanak hautsita bazituen ere, itzultzean nostalgia sentituko du Anderrek, eta ukitzea lortuko duen maitasun baten aurrean kokatuko du hiri-paisaiak. Itzultzean, bere lagun onen Yulekin egingo du topo berriz; litekeena da Yulek Ander ordeztu izana Anderrek etxetik alde egin zuenean. Alabaina, ezingo dute euren patu bortitz baina saihetsezinetik ihes egin, gizartea den bezalakoa delako.
EITB GALA
Institutuko ikasle ohien festa bat dela-eta, Julenek ikaskide ohi batzuekin egingo du topo berriz 10 urte geroago. Ez du gogorik joateko, baina Melyssarekin —garai hartatik lagun izaten jarraitzen duen bakarrarekin— batera bertaratuko da. Alabaina, ikaskide guztien artean, Ibai da aurkitzea espero ez zuen bakarra, haurtzaroko lagun handia izan zena eta gaur bertan espetxetik atera berri dena. Hain zuzen ere, Ibaik norbait hil zuen duela hamar urte, inori azalpenik eman gabe.
RTVE GALAK
Haurdun dagoela jakingo du Bertak. Ez daki zer egin, ez baitago seguru Manelek —bere mutil-lagunak— maite ote duen. Bere adiskide Sílviak gomendatuta, Maneli burundanga —egiaren droga— ematea erabakiko du. Alabaina, droga efektua egiten hasten zaionean, askoz ere harrigarriagoa izango da Manelek aitortutakoa: ETAren komando baten parte dela, hain zuzen.
JATORRIA: EUSKADI
Afari-solasaldi haiei ohorez, mahai berean elkartzen ditugu Pedro Subijana, Tatus Fombellida eta Ramón Roteta eta garai hartako beste kide batzuk, eta Elena Arzak, Hilario Arbelaitz eta Martín Berasategi, geroago egin zutenak bat bilerarekin, bizipen haiek partekatzeko eta kontakizuna lehen pertsonan eraikitzeko, Andoni Luis Adurizen gisako testigantzekin batera. Bitartean, sukaldari belaunaldi berri batek Euskal Sukaldaritza Berriaren mugimendu hartako platerik ikonikoenetako batzuk berrinterpretatzen ditu.
KOPRODUKZIO FOROA
Hil-beila batean inurriak hilkutxan sartzen dira. Desio ere baden papertxo bat. Kaseteak hildako amaren ahotsarekin. Etxe bat amona batekin, zuloak egin eta horietan sartzen dena. Urtebetetze-txapela duen kutxa bat eta kandelei putz egin ezin dien begiak.
Marinak frutak ernamuintzen ditu, mutil-lagunarekin borrokatzen da, pizza jaten du eliza batean. Amaren gezurrezko audioak sortzen ditu. Kaseteak birbobinatzeko eta berridazteko erabiltzen ditu. Oroitzapenak asmatzea. Familia orok gordetzen du legoaia bat gorputzean memorian baino lehen.
Erabat edo hein batean Euskarazkoak diren filmak |
Euskarara bikoiztutako haurrentzako filmak |
Zinema Euskaraz programaren barruan Zineuskadik egindako lankidetzari esker, haurrentzat pentsatutako eta euskarara bikoiztutako sei filmen hautaketa bat eskainiko du Haurrentzako Zinema Sailak.
Gainera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia erakundeekin elkarlanean, Zinemaldiak Benjamin Renner eta Guylo Homsyren Migrazioa, bidaia ahaztezina / Migration (Migración: un viaje patas arriba) filma emango du goizero Belodromoan, euskarara bikoiztuta, Gipuzkoako ikastetxeentzat.
Euskarazko azpitituluak dituzten Beste sail batzuetako filmak |
Zinemira Kimuak (Soilik profesionalentzako emanaldia) |
Zinemira sailean Kimuak 2026 programaren film laburren hautaketa bilduko da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren ekimenaren xedea urteko euskal film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak hautaketak zazpi film labur bilduko ditu aurten: