Donostia Zinemaldiak Lo dejamos acá / Therapy Done Right emango du, Hernán Goldfrid zuzendari argentinarraren (Buenos Aires, 1979) pelikula berria, hain justu, Ricardo Darín —Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko kartelaren irudia—eta Diego Peretti dituena protagonista. Filma Bestelako Jarduerak sailean emango da aktore argentinarraren (Donostia Saria 2017) omenaldi gisa.
Film luzea urriaren 16an iritsiko da Netflixera, eta psikoanalista pragmatiko baten (Darin) istorioa kontatuko digu. Protagonistak, psikologiaren ohiko metodoekiko fedea galtzen du eta pazienteekin mugak apurka-apurka gainditzeko erabakia hartuko du. Jardun berriak funtzionatzen duela dirudi, baina halako batean, sormen-blokeoa duen idazle bat (Peretti) kontsultan sartzen da.
Ricardo Darín (Buenos Aires, 1957) aktore, ekoizle eta zuzendaria azken hamarkadotako zinema-zuzendari ospetsuenetako bat da nola Latinoamerikan hala munduan. Duela 20 urtez geroztik hona, argentinarra maiz izan da Zinemaldian; izan ere, 2017an Donostia Saria jaso zuen, ohorezko sari garrantzitsuena.
Mende-erdiko bere ibilbide luzean, Darínek ehun bat rol egin ditu nola egile-zineman hala ikus-entzule orotarako ekoizpenetan eta, horiei esker, 40 sari baino gehiago irabazi ditu. Adolfo Aristarain, Juan José Campanella, Fabian Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitre zuzendarien obretan parte hartu du.
Bestalde, Hernán Goldfridek 2009an zuzendu zuen bere lehen film luzea, Música en espera komedia erromantikoa, Diego Peretti eta Natalia Oreiro aktoreak izanik protagonistak. Geroago, Tesis sobre un homicidio (2013) thrillerra —Ricardo Darín protagonista zuena— zuzendu zuen, Argentinan milioi bat ikus-entzuletik gora izanik. 2016tik 2023ra, El jardín de bronce telesailaren hiru denboraldiak zuzendu zituen zuzendari argentinarrak. Telesail dramatiko onenaren Nazioarteko Emmy sarirako izendatu zuten 2020an. 2025ean, orobat, Atrapados sailaren —Harlan Cobenen Caught eleberriaren egokitzapenaren— zenbait atal zuzendu zituen.
Netflix munduko entretenimendu zerbitzu nagusietako bat da. Serieak, filmak, jokoak eta zuzeneko programazioa eskaintzen ditu, genero eta hizkuntza askotarikoak. Harpidedunek edukia nahi adina aldiz erreproduzitu, pausatu edo ikusten jarraitu dezakete, nahi duten lekuan eta unean, eta plana ere edozein unetan alda dezakete.
Psikoanalista pragmatiko bat, psikologiaren ohiko metodoetan fedea galdu ondoren, mugak gainditzen hasiko da bere pazienteekin. Bere jardunbide berriak funtzionatzen duela dirudi baina, halako batean, sormen-blokeoa duen idazle bat iritsiko zaio kontsultara.