Seis meses en el edificio rosa con azul / Six Months In a Pink & Blue Building film luzeak irabazi du Sebastiane Latino saria, Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual eta Intersexualen elkarteak LGBTIAQ+ aldarrikapenen eta balioen defentsa hobekien irudikatzen duen Latinoamerikako film luzeari ematen diona. Hala, epaimahaiak arestian aipaturiko filmari eman dio golardoa, Bruno Santamaria Razo gidoigile eta zuzendariak “oroitzapen nola dokumentalen hala fikzionatuen dantza baten medioz, bere comig-of-age autobiografikora gonbidatzen gaituelako, GIBaren estigmak —iraganeko kontutzat jotzen ditugunak— gure orainaldiaren orbainak direla gogoraraziz horrela”. Ildo horretan, epaimahaiaren —aurten QueerCineMad eta Guadalajarako Maguey Saria zinema-jaialdietako ordezkariak izango dituena— erabakiak hau azpimarratzen du: “heriotzari, errefusari eta epaiketari beldurra izateak ez luke izan beharko gure armairuak ixteko iltzeak”.
Santamaria Razoren filma, beste lau finalistei gailendu zaiena (La virgen silenciosa, Xavi Salarena; Nem Toda Historia de Amor Acaba em Morte, Bruno Costarena; Bowels of Hell, Gustavo Vinagre eta Gurcius Gewdnerena; eta A Paixão Segundo G.H.B., Gustavo Vinagre eta Vinicius Coutorena), 90eko hamarkadan girotuta dago Mexikon, eta 11 urteko haur bat du protagonista nagusi; bere lagun onenak desioa pizten diola deskubrituko du, aitak GIBa duela jakitean egoera horri aurre egin beharko dio. Filma Canneseko Semaine de la critique atalean estreinatu zen eta 2022an, proiektu-fasean zegoela, Koprodukzio Foroan parte hartu eta Proiektu Onenaren Saria eta Dale! (Latinoamerika-Europa Garapena) saria beretu zituen.
Gainera, iazko Sebastiane Latino sariaren film irabazlea Gipuzkoako hainbat herritan emango da Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan, irailean. Paula Dinamarca aktorea La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo filmaren emanaldian izango da Zumarragan 16an; Errenterian 17an; Irunen 18an; eta Deban 20an.

Bestalde, LGBTIQA+ zinema latinoamerikarra babesten jarraitze aldera, Gehituk eta Zinemaldiak LGBTIQA+ Zinema-jaialdi Iberoamerikarren Topaketaren 12. edizioa antolatuko dute Berdintasun Ministerioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako, Lankidetzako eta Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko arloen eta Donostiako Udalaren Kulturako, Kultura Aniztasuneko eta Inklusioko arloen laguntzarekin. Edizio honetan, zortzi herrialdetako 20 zinema-jaialdi baino gehiago izango dira: Argentina, Brasil, Espainia, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Mexiko eta Uruguai.
Gehituk eta Donostia Zinemaldiak topaketaren inguruan antolatzen duten ohiko egitarauaren barruan, nabarmengarria da gorputza tresna narratibo gisa baliatzeari eta ertzetatik identitateak eraikitzeari buruzko elkarrizketa.

Topaketaren esparruan antolatutako beste jarduera batzuk honako hauek izango dira: Zinema eta hezkuntza: zinema mundua interpretatzeko tresna gisa, Fernando Vera Moreno IKERTZEko zinema-arloko arduradunak emango duena; eta Kultur zentroak eta Europaren eta Latinoamerikaren arteko sinergia kulturalerako beste baliabide batzuk, AECIDekin lankidetzan antolatua eta Eloísa Vaello Marco AECIDeko Garapen Jasangarrirako Lankidetza eta Ekintza Kulturaleko zuzendariordeak gidatuko duena.
Halaber, Identitate periferikoak. Zineman identitate intersex, trans eta asexualek duten irudikapena mahai-ingurua ere egingo da. Bertan, bazterretan identitateak nola ikusezin bihurtzen diren eta nola eratzen diren jorratuko da. Hauek izango dira bertan: Ian de la Rosa, Iván & Hadoumen zuzendaria; Asmi Ananda Molina, GEHITU eta Kaleidos Aniztasunaren Aldeko INTERSEX Erakundearen zuzendaria; eta Ibai Velasco, Asexual Community España taldeko kidea.
Jardunaldiari amaiera emateko, ohiko Aniztasunaren Topaketa egingo da, Gipuzkoako Argazkilarien Elkartean egingo den meeting bat, hil berri den Álvaro Ledesma artista multidiziplinarraren lanaren ingurukoa.
Ohi bezala, Gehituren iraileko aldizkaria LGBTIQA+ zinemari eskainiko zaio. Aurten, Sonia Figueirido artista pasaitarrak egingo du Sebastiane Sariaren kartelerako irudia. Artistaren hitzetan: “Kartelak queer pertsonek —zehazki, genero bitarraren ideia klasikoarekin bat ez datorren pertsona orok—, mundua esperimentatzeko erabiltzen dituzten begirada desberdinak irudikatzen ditu. Begiak zuri uztea erabaki nuen, kolektiboaren letra batzuk zein ikusezin utzi ohi diren agerian uzteko, eta kristal-zatien —queer esperientziak irudikatzen dituztenen— barruan begi-niniak mantendu ditut, ordea. Erretratatutako pertsonaia, niretzat, bere burua erabat onartu duen norbait da. Gizarteak ‘pertsona oso arraro’ bihurtu duen arren, duintasuna, konfiantza, boterea eta harrotasuna transmititzen ditu”.

Ohi bezala, Donostia Zinemaldiak XXVII. Sebastiane Saria ere emango du. Epaimahaia Leire Apellaniz zuzendari eta ekoizleaz eta Abril Zamora aktore, gidoigile eta zuzendariaz osatuta dago. Aintzatespen horrek —Gehituk Zinemaldiko sail guztien artean LGBTIQA+ pertsonen balioak edo errealitateak hobekien islatzen dituen filmari ematen dionak— 24 hautagaitza izango ditu Zinemaldiaren aurtengo edizioan:

SAIL OFIZIALA
NEW DIRECTORS
HORIZONTES LATINOS
ZABALTEGI-TABAKALERA
PERLAK
MADE IN SPAIN