SGAE fundazioak eta Donostia Zinemaldiak Jatorrizko Musika Onenaren SGAE Sari berria iragarri dute, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian ariko diren 17 filmetako baten soinu-banda sarituko duena. Musika-sorkuntzaren arloko hiru profesional ospetsuz osatutako epaimahai batek erabakiko du nori dagokion saria, Donostia Zinemaldiko «Beste sari ofizial batzuk» kategorian sartuko dena.
Sari berri honek agerian uzten du zein estuki aritzen diren lankidetzan Zinemaldia eta SGAE Fundazioa duela hamarkada bat baino gehiagoz geroztik hona: «nola jatorrizko musika-konposizioaren bikaintasuna hala hark film osoari egiten dion ekarpen artistikoa» aitortzen dira horrela. Golardo honekin —Zinemaldiaren amaierako galan banatuko denarekin—, lehendabizikoz sarituko da zinemarako musika-konposizioa.
Sail Ofizialaren lehiaketan bildutako film guztiek izango dute SGAE Saria jasotzeko aukera; horrenbestez, honako konpositore hauek lehiatuko dira edizio honetan.
Nazioarteko epaimahai batek emango du saria; epaimahai hori horretarako eratuko da berariaz, eta musika-sorkuntzaren, ikus-entzunezko konposizioaren, zinemaren eta, orokorrean, kulturaren arloko ospe handiko hiru pertsonaz osatuta egongo da (Donostia Zinemaldiak eta SGAE Fundazioak elkarrekin adostuta izendatuko dituzte pertsona horiek).
SGAE Fundazioak lankidetza- eta babes-harreman estua mantentzen du Donostia Zinemaldiarekin. Duela hiru hamarkadaz geroztik hona, Autore eta Editoreen Soziatate Orokorrak, Zinemaldiaren ekimenetan ez ezik, ekitaldi eta deialdi propioetan garapenean ere zentratu du bere partaidetza (Zinemaldiak eskuzabaltasunez hartu ditu, izan ere, halakoak).
Jatorrizko Musika Onenaren SGAE Sariak osatu egiten du SGAE Fundazioak Donostia Zinemaldian bultzatzen dituen hainbat jarduera, esate baterako, Kontzertua & Emanaldia, soinu-banden errezitala, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan gauzatua; Made in Spain estatuko ikus-entzunezkoen lehiaz kanpoko saila (haren programazioa paraleloki emango da Madrilgo Sala Berlanga zinema-aretoan) eta euskal ekoizpeneko gidoi onenaren GIDOI-SGAE saria, Euskal Herriko Gidoigileen Elkarteak emana.
Horrez gainera, SGAE Fundazioak topaketa profesionalak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta, bereziki, gidoigileen kolektiboari zuzendutako sariak ere sustatu ditu, hala nola fikziozko film luzeetarako Julio Alejandro SGAE Gidoi Saria eta, berrikiago, Dunia Ayaso Saria, esparru horretan genero-berdintasuna bultzatzeko sortua.