Yuval Abraham eta Rachel Szor zuzendari israeldarren NAZA filmak osatuko du Perlak saila, munduko hainbat zinema-jaialditan estreinatu diren edota sariak jaso dituzten filmak biltzen dituena. The Guardianek eta JW Filmsek ekoiztutako filma da, Jonathan Glazer izanik ekoizle exekutibo, eta Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko lehiatuko da, datorren astean Veneziako Zinema-jaialdian mundu-estreinaldia izan ondoren.
Tel Aviveko zabaltzetan gauez grabatutako filmak zehatz-mehatz erakusten ditu Israelgo gobernuak Gazan palestinarren aurka gauzatutako sarraski kalkulatu eta masiboaren atzeko sistemak. NAZA Israelgo inteligentzia-zerbitzuek baliatzen duten akronimo eufemistikoa da, aire-eraso baten bidez zenbat zibil hiltzea espero duten adierazteko.
Abrahamek eta Szorrek No Other Land (2024) filma zuzendu zuten Basel Adra eta Hamdan Ballal palestinarrekin batera. No Other Landek dokumental onenaren saria irabazi zuen Berlinaleko Panorama sailean, eta film luze dokumental onenaren Oscar saria eskuratu zuen ondoren. Bestalde, Jonathan Glazerrek zuzendutako The Zone of Interest filma (2023, Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia eta nazioarteko film onenaren Oscar saria) ekoitzi zuen lantaldeko kidea izan zen James Wilson (JW Films).
"Israeldar gisa dugun estatusa zibil palestinarren aurkako sarraski masiboa funtsatzen duten sistemak analizatzeko erabili beharrak bultzatuta sortu dugu film hau, gure herrialde propioa baita sarraski horren eragilea. Azken hiru urteotako filmaketan zehar, gure aitona-amonen belaunaldiak XX. mendean zituzten zalantza berberak planteatu ditugu: nola liteke pertsona talde batek beste pertsona talde baten erabateko deshumanizazioa onartzea? Nolakoa da halako sistema baten berne-funtzionamendua?
Filmean islatutako errebelazio asko ia berehala argitaratu ziren, horien berri izanez joan ginen ahala, urriaren 7ko atentatuen hurrengo hilabeteetan, The Guardian egunkarian (NAZAren ekoizleetako bat), +972 Magazine eta Local Call kazetaritza-bazkideekin lankidetzan. Filmak gure ikerketa-kazetaritzarekin egin genezakeena baino zerbait sakonagoa arakatzea ahalbidetzen digu: esaten diren hitzak ez ezik, esaten ez direnak ere bai, isiltasuna ere bai. Denon esku dago isiltasun hori haustea”.
Tel Aviveko zabaltzetan gauez grabatutako filma, xehetasun osoz erakusten ditu Israelek Gazan zibil palestinarren aurka gauzatutako sarraski kalkulatuaren atzeko sistemak.