Ministroen Kontseiluak Errege Dekretu bat onetsi du gaur, Donostia Zinemaldiari 500.000 euroko zuzeneko dirulaguntza emateko. Dirulaguntza horren bidez, Zinemaldiaren barnean industriari zuzendutako atala sendotuko da. Kontuan izan behar da Zinemaldia dela Espainiako A mailako zinema-jaialdi bakarra, hau da, Zinema Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) aitortzen duen kategoria gorenean dagoen bakarra. Kategoria horretakoak dira, halaber, Canneseko, Veneziako eta Berlinale jaialdiak. Hala, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioa Zinemaldiaren industria-jardueren babesle bakarra izango da. Ekimenaren jomuga atal hori —ekoizleen, inbertitzaileen, plataformen, banatzaileen, funtsen eta erakundeen arteko topagune gisa jarduten duena— sendotzea da, eztabaida estrategikoak, networkinga, proiektuen garapena, berrikuntza, finantzaketarako sarbidea eta talentu espainiarraren nazioarteko proiekzioa errazte aldera.
Horretarako, errege-dekretuak hainbat jarduera aurreikusten ditu, hala nola Inbertitzaile Sortzaileen Topaketa eta Ikus-entzunezkoen Etorkizunari buruzko Jardunaldia indartzea. Jardunaldi hori Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak antolatzen du, eta urtero Espainiako ikus-entzunezko sektoreari eta nazioarteko eragileei dei egiten die. Aurtengo edizioa irailaren 20an izango da (igandea) Kursaalen, ‘Ikus-entzunezkoen gidoi berria. Aniztasuna, inbertsioa eta etorkizuna’ goiburuarekin. Halaber, Zinemaldia & Technology programa bultzatzeko eta Zinemaldia Startup Challengeko Espainiako proiektu onenaren sariaren diru-zuzkidura 30.000 eurora igotzeko balioko du.
Óscar López ministroak Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko egungo zuzendariarekin batera gaur, asteartea, ministerio-egoitzan izan duen elkarrizketan nabarmendu duenez, “Donostia Zinemaldiaren aldeko apustu honekin, Espainiako ikus-entzunezkoentzat estrategikoa den azpiegitura bat indartzen dugu, inbertsioa erakartzeko, aukerak sortzeko, talentua nazioarteko finantzaketarekin konektatzeko eta Espainiak Europako ikus-entzunezko hub gisa duen irudia transmititzeko gaitasun handia izaki”.
Bestalde, Jose Luis Rebordinosek Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren laguntza eskertu du, “Industriaren alorrean duela hamarkada batetik baino gehiagotik etengabe gertatzen ari den hazkundea sendotzeko baliagarria” izango baita. “Edizioz edizio hazi egin da industriako akreditazioa duten pertsonen kopurua, iaz 2.411 izateraino. Babes horrek are bultzada handiagoa emango die Zinemaldia & Technologyri, Inbertitzaile Sortzaileen Topaketari eta horrelako jarduerei, ikus-entzunezkoen sektoreko nazioarteko pertsona garrantzitsuak biltzen baititu urtero Donostian”, adierazi du.
Jarduera Espainia, Europako Ikus-entzunezko Huba (Spain Audiovisual Hub) deritzon planaren esparruan txertatzen da. Plan hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko funts europarrekin finantzatuta dago, herrialde-estrategia gisa dago pentsatua, eta 2021az geroztik, inbertsioa eta talentua erakartzeko, industria-ekosistema indartzeko eta Espainia aro digitalean ikus-entzunezko ekoizpenean liderra den herrialde bihurtzeko dihardu. Zehazkiago, indartu egiten ditu hubaren bigarren faseko helburuak: finantzaketa-tresnak, inbertsio pribatua, lankidetza publiko-pribatua eta heldutasun industriala, Eraldaketa Teknologikorako Espainiako Sozietatearen (gaztelaniazko siglak: SETT) bitartez. Balio-kate osoa eta industriako sektore guztiak indartzeko eta babesteko xedeak beste urrats bat eman du dirulaguntza honekin, Donostia Zinemaldiak berrikuntzarako, garapenerako eta ikus-entzunezko kulturarako gune erreferente gisa dituen aukerak areagotu egiten baititu.


